Aristides Vargas: Erbestean nork bere burua topatzea

Aristides Vargas: Erbestean nork bere burua topatzea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aristides-vargas-erbestean-nork-bere-burua--topatzea/@@download/image/20121318805aris_1371038245.jpg
2012/02/03
erreportajea
Aristides Vargas: Erbestean nork bere burua  topatzea
"Ezinezkoa dela dakigun horrek mugiarazten gaitu. Denak prezioa daukan lekuan, irudikatutakoak ez dauka baliorik, eta antzerkiak aukera horixe ematen digu: baliorik ez daukan baina mugiarazten gaituen zerbaitengan sinesteko".

Gazte ihes egin behar izan zion Aristides Vargasek (Kordoba, Argentina, 1954) Argentinako diktadura militarrari, 21 urte baino ez zituela. Antzerkigintza ikasia zen Cuyoko Unibertsitatean, eta mugimendu peronistako kide zelako atxilotze agindua emana zeukan poliziak. "Oso arriskutsutzat ninduten, eta antzezlanak baino ez nituen egin", esan izan du idazleak berak.

Ekuadorren eta antzerkigintzan erbesteratu zen Vargas. Quiton Malayerba antzerki taldea sortu zuen bere antzeko egoeran zeuden lagun batzuekin; gaur egun, Hego Amerikako antzerki talderik garrantzitsuenetakoa da, eta zenbaezinak dira taularatu dituzten antzezlanak. Gehienak Vargasek idatzitakoak dira. Bere bi lan euskarara ere itzuli dituzte: 2008an estreinatutako Haritzaren azalera zehatza (Uxue Alberdik itzulia eta Artezblai argitaletxeak argitaratua), eta Inorako bidaia, Gotzon Barandiaranek euskaratua. Kukubiltxo antzerki taldeak taularatu ditu biak; duela gutxitik ari dira Inorako bidaiarekin.

Ausentzia beti dago present Vargasen lanetan; pertsonaiek beti galdu dute zerbait, beti dabiltza zerbaiten bila. Bazterkeria jasandakoak dira gehienetan, noraezean dabiltzanak, jatorria eta helmuga aurkitu ezinda. Ingurukoekin topatzean sortzen den 'Nor zara zu?' galderak eramaten ditu 'Nor naiz ni?' galderari erantzuna ematera. Sinbolismo handiko lanak dira Vargasenak, oso gai zehatzak lantzen dituen arren; apaltasunetik bilatzen du sakontasuna.

Bibliografia


•    Donde el viento hace buñuelos
•    Nuestra señora de las nubes
•    La razon blindada
•    La edad de la ciruela       
•    Supongamos
•    Compañeros
•    La muchacha de los libros usados
•    Jardin de pulpos
•    Tres viejos mares
•    Pasajeras
•    Pluma
•    De como moria y resucitaba Lazaro, el lazarillo
•    Haritzaren azalera zehatza (Artezblai, 2008)