Arabako Bertso Kuadrilla Arteko finala jokatuko da bihar Laudion

Arabako Bertso Kuadrilla Arteko finala jokatuko da bihar Laudion Egun osoko egitaraua izango da, eguerdian hasi eta arratsaldeko finalera arte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arabako-bertso-kuadrilla-arteko-finala-jokatuko-da-bihar-laudion/@@download/image/arabako bertso.png
2023/03/24
Egun osoko egitaraua izango da, eguerdian hasi eta arratsaldeko finalera arte.
Arabako Bertso Kuadrilla Arteko finala jokatuko da bihar Laudion

Urtarrilaren 27an abiatu zen 2023ko Arabako VI. Bertso KuadrillIa Artekoa eta hamabi saio egin dituzte Araban, lau ligatan banatuta. Hiru finalaurrekoen ostean, hiru taldek jokatuko dute finala bihar, Laudion. 

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, egun osoko egitaraua izango da. Eguerdiko hamabietan poteoa abiatuko da herrian zehar; bertsorik-bertso, kalez-kale ibiliko dira bat-batean aritu diren hamabi taldeetako kideak. Ordu bietan, Laudio BHI institutuko kiroldegian egingo dute bazkaria, eta jarraian Intsixv taldea arituko da. Amaitzeko, finala jokatuko da arratsaldeko bostetatik aurrera.

Finalean honako hiru taldeak arituko dira: Aramaioko Izena pentsau bida, eta Gasteizko Errexala eta Katuko muinoak. Kantuan arituko diren aramaioarrak Martin Abarrategi, Danel Herrarte, Manex Agirre eta Sabin Abarrategi izango dira; Gasteizko  Errexala taldeko Felipe Zelaieta, Marta De Pedis, Kerman Lopez de Lacalle, Patxi Alkorta eta Ignacio Trojaola; eta Gasteizko Muinoko Katuak taldeko Eli Zaldua, Iñaki Viñaspre, Xabier Antia eta Ekaitz Samaniego.

Gai-jartzaile lanetan Nieves Del Alamo arituko da eta aurkezle, berriz, Arantxa Sobrino. Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Izena pentsau bida taldeko Iker Elexpuru, Errexalako Kristina Arteaga, Muinoko Katuak taldeko Oier Iñurreita, eta Arabako Bertsozale Elkarteko Ekaitz Elorriaga, Ainhoa Aizpurua eta Aitor Jimenez.