'Araba Euskaraz' ekainaren 20an izango da Laudion

'Araba Euskaraz' ekainaren 20an izango da Laudion Bi gune nagusi prestatuko dituzte eta aldez aurretik izena ematea nahitaezkoa izango da ekitaldietan parte hartzeko. Ekintza nagusiez gain, azoka, tonbola eta Araba Euskaraz Denda ere antolatuko dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/araba-euskaraz-ekainaren-20an-izango-da-laudion/@@download/image/Araba_Euskaraz_20210601.jpg
2021/06/07

Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Bi gune nagusi prestatuko dituzte eta aldez aurretik izena ematea nahitaezkoa izango da ekitaldietan parte hartzeko. Ekintza nagusiez gain, azoka, tonbola eta Araba Euskaraz Denda ere antolatuko dituzte.
'Araba Euskaraz' ekainaren 20an izango da Laudion

Araba Euskaraz ekainaren 20an izango da Laudion, Zabal bideak lelopean. Ibilaldia-rekin gertatu bezala, bizi dugun osasun larrialdira egokituko dute ospakizuna eta aldarrikapena. Bi gune handitan banatuko da aurtengo Araba Euskaraz eguna eta, parte hartzaileen osasuna eta segurtasuna ahalik eta gehien zaintze aldera, ekitaldietan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da Araba Euskaraz-en web gunean. Bertaratuko diren lagunei "modu arduratsuan" jokatzeko eskatu diete.

Bi gune nagusi prestatuko dituzte: bata, Euskararen Plaza, eta bestea, Euskararen Basoa. Euskararen Plaza herriko plazan eta Aldai plazan kokatuko dute. Euskararen Basoa gunea, berriz, lau toki hauek osatuko dute: Kultura Etxeko lorategia, Kasinoa, Pergola eta Lamuza frontoia. Adin guztietarako pentsatutako egitaraua prestatu dute, baina bereziki familian gozatzeko eguna izango da eta edukiera mugatua izango da proposatu diren bi gune handi horietan. 

Egitarauari dagokionez, era guztietako ekitaldiak izango dira gozagai. Euskararen Plazan,  Eidabe taldearen Piztu! EmakumeON energia ikuskizuna izango da, dantza emanaldia, zunba tailerra, 3 kluba, Go!azen kontzertua eta Maider Zabalegiren kontzertu akustikoa. Euskararen Basoan, tailerrak eta jolasak izango dira, ihes gela, karaokea, Kaiku: elikagaien taupadak antzerkia, bertso saioa, Ene bada! Aiama eta Ane Guria musika emanaldia, eskupilota txapelketako finalak  eta Dekatloia, euskal kulturan sustraituta dauden euskal joko eta kirolez osatutako topaketa ludikoa. Ekitaldien ordutegiak eta gainerakoak euren webgunean zintzilikatu dituzte. 

Ekitaldi horiez gain, bestelako jarduera batzuk ere antolatuko dituzte. Bertako ekoizleen produktuz osatutako 41 postutako azoka ipiniko dute institutuko jolastokian. Azoka bisitatzeko ez da aldez aurretik izenik eman beharko. Lamuza plazan tonbola jarriko dute, ikastolako familiek zein langileek egindako ekarpenekin eta herriko merkatari zein ostalariek eskainitako laguntzarekin. Bertatik pasatzen diren guztiek jasoko dute saria. Azkenik, abenduan irekitako Araba Euskaraz Denda ere zabalik egongo da eta bertan kanpaina honetarako diseinatutako guztia egongo da: kamisetak, botilak, izerditakoak, kirol kamisetak, motxilak... Online dendan ere eros daitezke produktuak. 

Aurtengo edizioa Laudioko Ikastolak antolatu du, Arabako Ikastolen Federazioarekin eta Euskal Herriko Ikastolen Elkartearekin elkarlanean. Ekimen honen garrantzia azpimarratu dute, "Arabako ikastolen hezkuntza proiektuak garatu ahal izateko, eta are gehiago pandemiak horrenbeste kaltetu dituen euskara eta euskal kulturari bidea (ber)zabaltzeko".