Apezpikuak nolako lorategia!

Apezpikuak nolako lorategia! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/apezpikuak-nolako-lorategia/@@download/image/81p44gazt12_1363729485.jpg
2008/01/04
erreportajea
Geu aldizkaria


"80ko hamarkadan gizarte mugimendu aberatsa zegoen Gasteizen, baina ez geneukan gaztetxerik". Labur-labur, hitz horiekin deskribatu digu Juan Ibarrondok gaztetxeak ateak zabaldu aurretik Arabako hiriburuan bizi zen egoera. Garai hartan, gizarte mugimenduen sustatzaileak Zapatari kaleko tabernetan elkartzen ziren. Jende hori guztia aterperik gabe zebilen, beraz.

Urte haietan, gaztetxeak perretxikoak bezala ugaldu ziren Euskal Herri osoan, eta Gasteizek ere horren beharra sentitu zuen. Hala ere, ideia sortu zenetik praktikara eraman zuten arte, luze jo zuen kontuak. Gaztetxearen aldekoek asanblada asko egon zituzten, interesa zuen jendea hurbilarazteko, lokal egokia aukeratzeko… hamaika egiteko zegoen, beraz.

Heldu da eguna

Azkenean, heldu zen eguna: 1988ko apirilaren 28a. "Ostikada eman genion gaur egun gaztetxea den eraikin zoragarri honetako ateari", azaldu digu Juan Ibarrondok. "Ekintzak jakinmin handia sortu zuen Gasteizko gizartean, eta auzokide mordoa hurbiltzen zitzaigun egunero apezpikuaren lorezainaren etxea izandakoa bisitatzera. Jendea guregana etortzen zen: helduak, auzokideak, Kutxi kalekoak…. eta animoak besterik ez genituen jasotzen".

Urte asko joan dira ordutik, baina Gasteizko Gaztetxeak duela hogei urteko helburu berak ditu gaur egun: "Gizarte mota autogestionatu baten alde borrokan ari gara, nagusikeriarik gabeko gizarte baten alde, patriarkatu eta kapitalismorik gabe", Gaztetxekoak astean behin elkartzen dira asanbladan, eta horren barruan, batzordeak ere badituzte. Ikasturtea hasi aurretik, asanblada elkartu egiten da urteko kultur eta gizarte eskaintzaren plangintza zehazteko. Hala, urtero programazio desberdina diseinatzen dute: era guztietako tailerrak, kontzertuak, liburutegia sustatzea… eta abar. Autogestio ekonomikoa ziurtatzeko garaian, funtsekoak dira asteburuetan zabaltzen duten taberna eta kaleratzen dituzten materialak.

Bere tokia egin du

Lan horri esker, gaztetxeak bere tokia egin du hirian, eta hiritarren begirunea eta babesa bereganatu ditu. Gainera, gaztetxeak gizarte eta kultura mailako zerbitzu zabala eskaintzen du, eta ondorioz, gasteiztar asko igaro da bertako lau paretetatik. Hala ere, gizartearen egoera aldatu ahala, gaztetxekoek batera edo bestera bideratu dute euren jarduna. "Auzoak bizi dituen erasoen eraginez, azken urteotan Alde Zaharrean zentratu gara batez ere", diosku Ane Zelaiak.
Gaztetxeak alternatiba bat eskaintzen du gaur egungo bizitza ereduaren aurrean, eta  herri mugimenduarentzako tresna baliagarria izateaz gain, aukera berriak eskaintzen zaizkie gazteei. "Gaur egun aisialdian dagoen aukerak ez ditu gazte asko asetzen", diosku Anek.

Itxierari beldur

"Eliza, Udala eta polizia izan dira gaztetxearen etsai nagusiak", dio Zigor Olabarriak. "Hasieran, elizak jarri zituen arazo gehien, berea baitzen eraikina, baina horiek baino garrantzitsuagoak izan dira Udalak eta poliziak jarritako oztopoak".

Gisa horretara, behin baino gehiagotan izan dira gaztetxea itxiko ote zuten beldurrez; 2001ean, adibidez. "Polizia gaztetxera sartu zen, eta ateak itxi eta hamazazpi lagun atxilotu gintuzten. Egun haietan, aurrez aurre ikusi genuen agurra", dio Zigorrek. Baina orduan bezalaxe, beste batzuetan ere onik atera dira mehatxuetatik, eta Zigorrek eman digu arrazoia: "Herriaren babesari esker atera gara aurrera. Hori gabe, gaztetxea ez legoke bizirik. Hori argi dago".

Hogei urte pasatu eta gero, lorategi ederra bihurtu da  apezpikuaren lorezainaren etxea.