Anton Abbadia saria Ahotsak.eus proiektuarentzat!

Anton Abbadia saria Ahotsak.eus proiektuarentzat! Ahozko ondarea jaso, berreskuratu eta zabaltzeko ardura saritu dute; zorionak! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/anton-abbadia-saria-ahotsak-eus-proiektuarentzat/@@download/image/ahotsak.jpg
2018/11/13
berria
Ahozko ondarea jaso, berreskuratu eta zabaltzeko ardura saritu dute; zorionak!
Anton Abbadia saria Ahotsak.eus proiektuarentzat!

Aurtengo Anton Abbadia sariaren irabazle izendatu dute Ahotsak.eus. Hain zuzen, ahozko ondarea jaso, berreskuratu eta zabaltzeko sortu zuten Ahotsak proiektua 2003an. Urteotan euskararen alde egin duen lana saritzeko emango diote Abbadia saria, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

Atariak Euskal Herri guztiko eta euskalki guztietako ahozko testigantzak etengabe jaso eta sarean eskumen librean jarri ditu urtetan; horregatik, aho batez hartu du erabakia epaimahaiak. Saria bera, Arrate Rodriguez artistak egindako oroigarria, azaroaren 30ean jasoko du elkarteak. Deba Ibarreko Badihardugu euskara elkartearen proiektu nagusia da Ahotsak.

5.700 pertsonen testigantzak
Orain arte 5.700 pertsona baino gehiagoren testigantzak jaso dituzte, 350 herritan. 51.000 bideo pasarte daude sarean, gaika sailkatuta, interesa duenaren eskura. Ahotsak.eus ahozko ondarearen artxiboa da, on-line dagoena. Bertan, eurek egindako elkarrizketez gainera, beste hainbat elkarte eta norbanakok egindako grabazioak ere badaude. Guztira 200 proiektu baino gehiago. Begiratu bat ematera animatzen zara?