Antisorgailurik onena, gorputza ezagutzea!

Antisorgailurik onena, gorputza ezagutzea! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/antisorgailurik-onena-gorputza-ezagutzea/@@download/image/61p18-1.jpg
2006/03/03
erreportajea
Larraitz Arando
Antisorgailurik onena, gorputza ezagutzea!
"Hilerokoa atzeratu zait; haurdun ote nago?", "Eskerrak azkenean neskalagunari hilerokoa jaitsi zaion...", "eta, haurdun banago... zer egingo dut...". Ziur asko, zuk edo zure ingurukoren batek halako kezkak bizi izan dituzue noizbait. Halako kasuetan, oso praktikoa izan daiteke gorputzaren funtzionamendua ezagutzea; horrela, ikas dezakegu egoera horiek nola ekidin edo haietan nola erreakzionatu. 

Lehenik eta behin, argitu dezagun: zer da antisorgailu bat? Sorgailu: sortzen duena. Anti: Kontrakoa. Beraz, sortzen uzten ez duena da antisorgailua.

Hemen, beste gizaki bat ez sortzeko erabiltzen diren metodoez arituko gara. Gizaki bat sortzea ez sortzea baino zailagoa den arren, askotan, ezustekoak gertatzen dira. Punteria egitea behar dela diogu; beste gizaki bat sortzeko, hainbat faktorek bat egin behar baitute. Baginan edo ematutuan zakila sartzea baino konplikatuagoa da haurdun gelditzea.

Lehenengo baldintza da, bagina barruan, isurketa bat (edo aurre-isurketatxo bat) gertatzea. Kontuz ibili zaitezte, kontrol-usteekin! Mutil askok uste dute isurketa erabat kontrolatzen dutela, baina askok ez dakite igarri gabeko semen-zipristinak ere izaten direla isuri aurretik. Beraz, ez zaitezte fida "kanpoan huste edo txapapera botatze" delakoarekin!

Beraz, espermatozoidea bagina barrura sartzea da haurdun geratzeko lehenengo baldintza. Hurrengo baldintza da neska obulazio-garaian izatea. Hilabetean behin bakarrik obulatzen da, eta obulazioaren batez besteko tartea, 12 ordukoa da. Hori dela eta, haurdun gelditzeko aukerak nahiko urriak dira, baina kontua da, batzuetan zorionez eta besteetan zoritxarrez, baldintza horiek guztiek bat egin dezaketela. Horren ondorioz, nahi gabeko haurdunaldi asko gertatzen dira, eta orduan hasten dira komeriak.

Hilerokoa eta ugalkortasuna

Haurdun gelditzeko aukera gehien ditugun garaiari deritzo ugalkortasun garaia. Neskok, hilabetean behin, eta obulu bakarra obulatzen dugu, eta obulatzen dugun momentu horretan soilik gara ugalkor; orduan bakarrik baitugu haurdun gelditzeko ahalmena.

Obulazioa modu batekoa edo bestekoa izaten da neska batetik bestera: batzuen obulazio-prozesuak 2 ordu irauten du, beste batzuenak 18, eta obulazio prozesu luzeenek, berriz, 48 ordu irauten dute. Beraz, asko jota, hilabetean 2 egunez soilik dugu haurdun gelditzeko aukera. Egun horiek zeintzuk diren jakitea interesgarria izan daiteke.

Hilerokoa ezagutzen

Badirudi hilerokoa kanpotik datorren zerbait dela, eta, batzuetan, gorrotoa ere izaten diogu. Askotan, ez gara konturatzen geurea dela, gu geu garela, eta geure dohain bat dela. Gure amak ikusi ditugu hilerokoarekin sabeleko minak, umore-aldaketak, tristurak, haserreak eta abar bizitzen. Maiz, bizipen berak bizitzeko aurredisposizioa sorrarazten digu horrek, eta, ondorioz, hilerokoa dugun aldiro, sintoma horiek sentitzen hasten gara. Halere, jakina da beste herrialde eta kultura batzuetan ez dutela halakorik izaten.

Noiz obulatzen dugu?

Hilerokoak ziklo bat betetzen du hilabetero. Odola isurtzen dugun lehenengo egunean hasten da zikloa; egun hori "1. eguna" da. Egun horretatik hasita 9 egun kontatu, eta 9. egunetik 18. egunera izaten da, normalki, emakumeon aldi ugalkorra; hau da, haurdun geratzeko aukera gehien dugun garaia.

Oro har, tarte horretan obulatzen dugun arren, badaude obulatzeko garai hori mugi dezaketen beste faktore batzuk; hala nola pisu-aldaketa bortitzak, ezusteko gogorren bat, urduritasun larriak… Horren ondorioz, hasieran zaila da jakitea zehazki noiz obulatzen dugun, baina poliki-poliki ikas daiteke, eta, agian, lerrotxo hauek lehenengo ikasgaia izan daitezke horretarako.

Antisorgailu naturalak

Guk nahi beste jolas sexual daude, eta horietatik jolas bakar batek du gizaki bat sortzeko gaitasuna. Askotan, jardun horren inguruan trabatuta ibili ohi da jendea. Horren ondorioz, horretara murrizten dugu, sarritan, sexualitate guztia.

Sexualitatea jardun bakarretik harago doan prozesu bat denez, errentagarria izan daiteke tarteka gauza berriak frogatzea eta asmatzea. Dena den, haurdunaldi-arriskua egon litekeen egoeretan, neurriak hartzeko aukera natural batzuk ezagutuko ditugu:

Egutegiaren metodoa

Metodo horren helburua da noiz obulatzen dugun zehazki jakitea. Metodoa ongi erabiltzeko, lehenbizi, gure hilerokoaren jarraipen bat egin behar dugu, 6 hilabetez gutxienez. Hau da, odol-isurketaren data apuntatu behar dugu.

· 28 eguneko zikloa duten emakumeek, hilerokoa jaitsi baino 12-15 egun lehenagoko bitarte horretan obulatzen dute, oro har.  Hau da, hilerokoa jaitsi, eta 9. egunetik 18. egunerako tartean.

· 25-35 eguneko zikloa duten emakumeek, berriz, 7. egunetik hasi eta 21. egunera bitartean izaten dituzte egun ugalkorrenak.

Obulatzen ari garen tartea detektatzen ikasitakoan, egun horietan sortzeko gaitasuna ez duten sexu-jolasak praktikatzean datza metodo honen funtsa.

· DESABANTAILAK:

Metodo antisorgailu hori eraginkorra izan dadin, norberaren hilerokoa oso ongi ezagutu behar da. Horrez gain, pisu-aldaketa bortitzek, estresak eta ugalketek hilerokoaren zikloa aztora dezakete, eta metodoaren fidagarritasuna zalantzan jarri.

· ABANTAILAK:

Egutegiaren metodoa metodo bakartzat ez erabili arren, beste metodo batzuen (nesken zein mutilen preserbatiboak, adibidez) osagarria izan daiteke. Larrialdietan, erabakiak hartzen lagundu dezake.