Anorack records, musikaz blai

Anorack records, musikaz blai https://www.gaztezulo.eus/albisteak/anorack-records-musikaz-blai/@@download/image/28p12-1.jpg
2003/03/07
erreportajea
Julen Azpitarte
Anorack records, musikaz blai
Euren musika taldeetan eta jarduteko modu independentean erabateko konfiantza duten Lapurdiko zenbait gaztek Anorack izeneko zigilua abian jarri dute. Soinuak grabatzea eta lau haizeetara zabaltzea dute xede. Egitasmoa P.W. Dub, K-Ahba eta Pzlen taldeetako lau kidek gauzatu dute.

"Gure musika plazaratzeko genituen arazoak ikusita, geure egitura propioa sortzea erabaki genuen", adierazi digu Pierre Arrangoitzek, Anorack zigiluaren sortzaileetariko batek. Gainera, finantziazioa euren gain hartu dute. "Zigiluko kide bakoitzak oinarrizko kapitala ekarri du eta ez dugu kanpoko diru iturririk bilatu. Independenteak gara, eta oraindik ez dugu zorrik", esan digu Arrangoitzek.

Azaroan argitaratutako "Cosmonaute" izeneko bildumarekin estreinatu zen zigilua. Bilduman, Europako eta Euskal Herriko hainbat talderen soinu interesagarriak jaso dituzte: Baionako Voodoo Muzak eta Pzlen, Bretaniako Craftmen Club edo Italiako Arg, besteak beste. Estilo anitzak jorratzen dituzte taldeok: jazz-corea, elektronikoa edo dub-a. "Aniztasuna espiritu irekiaren oinarria da. Guk, gure interesen eta kulturaren arabera, aniztasunaren hautua egin dugu", nabarmendu du Anorack-eko arduradunak. Aniztasun horren isla, zigiluak kaleratutako bigarren lana: 15 reggae-dub talde bildu dituen "C'est d'la vibe" izeneko diskoa. 

"Cosmonaute" lehen diskoan bildutako 20 taldeetariko asko internet bidez ezagutu dituzte. Egitasmo hau eta antzekoak aurrera ateratzeko, teknologia berrien garrantzia nabarmendu du Arrangoitzek: "Internet ez da ezinbesteko tresna, baina erreztasunak ematen ditu; taldeen arteko harremanak areagotu egiten ditu, denbora eta diru aurrezpena dakar eta informazio iturri oparoa da". Are gehiago, teknologia berriak edozein musika mota egiteko egokiak direla gaineratu du: "Diru gutxiago behar izaten da eta teknika edo sortze mailan, bide berriak eskaintzen dituzte".

Azkenik, Pierrekin hitz egiterakoan, Euskal Herri osoko musika talde gazte eta berriek arazo berak dituztela ohartu gara. "Taldeak ezagutarazteko egitura falta da arazo larriena Ipar Euskal Herrian: kontzertu aretoak, musikari buruzko prentsa... Batzuetan udalek lokalak uzten dituzte, baina ez da oso ohikoa". Arazo horiei aurre egiteko, euren irizpideekin egindako "euritakoa" jartzea eta musikaz blai eginda bukatzea deliberatu dute Lapurdiko Anorack-ekoek. Erabaki zuzena!