Anonymousek azaroaren 5ean Facebook suntsituko duela iragarri du

Anonymousek azaroaren 5ean Facebook suntsituko duela iragarri du https://www.gaztezulo.eus/albisteak/anonymousek-azaroaren-5ean-facebook-suntsituko-duela-iragarri-du/@@download/image/20118223435anonymous_5.jpg
2012/12/13
berria
Gobernuei datuak saltzen dizkiela eta erabiltzaileak zelatatzeko aukera ematen duela salatu du. Mugimenduaren baitan eztabaida piztu du iragarpen honek.



"Gobernuetako agentziei informazioa saltzen eta erabiltzaileen datuetara sarbide klandestinoa eskaintzen aritu da Facebook, mundu osoko pertsonak zelatatzeko aukera emanez", salatu du Anonymousek YouTuben jarritako bideoan. Erabiltzaileei ohartarazi die Facebooken egiten den guztia Facebooken geratzen dela, eta kontua ezabatuta ere enpresak nahi duenean eskuratuko duela norberaren informazioa. Bestalde bideoan argitu dute erasoa ez dela izango datu lapurtze soil bat edo zerbitzaria eroraraztea bakarrik; Facebook osoa "suntsitzea" helburu duen erasoa ari dira prestatzen. Ekintzari Facebook OP (Facebook operazioa) eman diote izena, eta Twitterren erabiltzailea (@OpFacebook) eta hashtag-a sortu du jendeak operazioaren inguruko iritzia eman dezan.

Iragarpenak hainbat erreakzio sortu ditu, baita Anonymus beraren baitan ere. Mugimenduaren baitako kide batek 'Sabu' deritzonak adierazi du hacker talde independiente bat izango dela iragarpen hori egin duena, eta Anonymusen hainbati ez zaiola ongi iruditzen: "Ez da gure estiloa mezularia hiltzea. Gainera gure ekintzetarako erabiltzen dugun bitarteko bati erasotzeak ez du zentzu handirik".

Ziberekintzaileen nazioarteko mugimendu bat da Anonymus; euren izena ezagutzera ematen ez dutelako horrela deitzen zaien kide kopuru zehaztugabe batek osatua. Euren printzipioetariko bat da ez dutela lidergorik onartzen, denen iritziek berdin balio dutela, eta modu independientean funtzionatzen duten taldeek osatzen dute mugimendua. Beraz, ezin daiteke inkoherentziatzat hartu taldearen baitan iritzi ezberdinak azaltzea.  

Wikileakseko buru Julian Assangeren atxiloketa eta jazarpenaren aurkako erantzun gisa sortu zen Anonymous. Eta ordutik hona hainbat eraso entzutetsu egin dituzte erakunde eta multinazionalen webguneen aurka: Sony, Visa, Mastercard, AEBetako musika industriaren erakundea (RIAA), zine industriaren elkartea (MPAA)… Espainian Polizia Nazionala, Kultura Ministeritza, SGAE, UGT…  Eta atxiloketak ere jasan dituzte Espainian eta Italian.

'Asko gara. Ez dugu barkatzen. Ez dugu ahazten' da euren leloa. V de Vendetta filmeko maskararekin aurpegia estalita agertzen dira. Guy Fawkes da euren sinboloa. 1605ean Parlamentu britainarraren azpiak bolboraz bete zituen ekintzaile bat zen hau, atentatu berean Lord-en ganbera guztia, Jacobo I erregea eta honen familia garbitu nahi zituena. Urte hartako azaroaren 5ean atxilotu zuten Fawkes atentatua eragotziaz. Egun hori jarri dute hain zuzen ere Facebook-en aurkako erasoa burutzeko. Ikusiko da zer gertatzen den.