Annie Ernaux: Biluztasuna

Annie Ernaux: Biluztasuna https://www.gaztezulo.eus/albisteak/annie-ernaux-biluztasuna/@@download/image/annie_ernaux_1358168603.jpg
2013/01/04
erreportajea
Testua: Samara Velte
Annie Ernaux: Biluztasuna
"Iazko irailaz geroztik gizon baten zain egon naiz, haren deiaren eta bisitaren zain. Horretaz gain ez dut besterik egin".

Hitzekin biluztea. Ez da askok egiten dakiten zerbait. Areago: literaturan, sarriegitan erabiltzen dira hitzak apaingarri gisa, objektu gutxiegi eramatearen beldurrez gehiegi betetzen dugun maleta bezala.
Apainetik ihes egiten du Annie Ernaux-k (Yvetot, Frantzia, 1940). Ia minimalistak dira haren narrazioak: kontatu nahi duena esaten du, eta kitto. Gertatutakoak, bizi zituen moduan. Bere biografia ezagutzeko, obretara jotzea da onena. Zintzoki eta biluzik kontatzen du bere bizitza. Ez da bere sentimenduez lotsa; beldurrik gabe arakatzen du bizitzako zokorik mingarri eta intimoenetan: gurasoen frustrazio eta arrakasta-grinak, sexualitatea eta maitasuna, abortua, amaren gaixotasuna eta heriotza, minbizia. Eta pasioa: "Ez dut nahi maitasunezko harreman baten kronika egin, ez naiz kontatzen ari historia bat (erdizka baino ulertzen ez dudana) kronologia zehatz batez, azaroaren 11n etorri zen, edo gutxi-gorabeherako batez, aste batzuk geroago. Niretzat ez zegoen kronologiarik gure harremanean, presentzia edo ausentzia baizik".
Bere nobeletako lau euskaraz ere baditugu. Igelak Pasio hutsa, Lekua eta Gertakizuna argitaratu ditu, eta Txalapartak Emakume bat atera du berriki. Liburu laburrak dira ia denak, ia amaitugabeak diruditenak, behin ere errepasatu izan ez balitu bezala. Beharbada ez zituen errepasatu, horrek kontaketaren zintzotasuna distortsionatuko lukeelako, eta soiltasun biluzia orbaindu. Ernaux-k ez du kontatzen, erakutsi egiten du. Zintzo, ironiarik gabe. Izan ere, "horiek dira gauzak besteei edo norberari kontatzeko erak bizi eta gero; ez, ordea, une berean bizitzekoak".
Bibliografia
Narratiba
•    Les armoires vides (1974)
•    Ce qu’ils disent ou rien (1977)
•    La femme gelée (1981)
•    Lekua (1983)
•    Emakume bat (1988)
•    Pasio hutsa (1991)
•    Journal du dehors (1993)
•    Je ne suis pas sortie de ma nuit (1997)
•    La honte (1997)
•    Gertakizuna (2000)
•    La vie exterieure (2000)
•    Se perdre (2001)
•    L’occupation (2002)
•    Les Années (2008)
•    L’autre fille (2011)
•    L’Atelier noir (2011)