Anna Moi eta Tatiana Tibuleac idazleen hitzaldiak Donostian

Emakume Idazleen Mundu bat XXXIII Nazioarteko Literatura Topaketa egingo dute gaur eta bihar Donostiako San Telmo museoan. Anna Moï eta Tatiana Tibuleac egileek parte hartuko dute Luisa Etxenikek koordinatzen duen jaialdi honetan. Lehenak, frantsesez emango du hitzaldia eta bigarrenak, errumanieraz, baina aldi bereko itzulpena izango da euskaraz eta gaztelaniaz.
Gaur, asteazkena, Anna Moi arituko da topaketan, Rosa Diego moderatzaile lanetan dela. Anna Moi Vietnamen jaio zen 1955ean eta frantsesez hezi zuten umetatik. Gerratik ihesi, hemezortzi urte zituenean Frantzian gelditu zen eta hogei urte pasa ziren Vietnamera bueltatu aurretik. Bere haurtzaroko herrialdearekiko konfrontaziotik sortua da bere idatzizko lana. Argitaratu zituen lehenengo testuak kontakizun poetikoak izan ziren, Parfum de pagode izenburupean. Riz noir (Zeta beltza) eleberriak, idazlea eta bi gerrak zigortutako bere herrialdea batzen dituen lotura organikoa erakusten du. Gaur egun hamabi lan inguru ditu argitaratuta: kontakizunak, eleberriak, saiakera poetikoak. Bere azken eleberriak, Le venin du papillon, Littérature-Monde saria lortu du.
Bihar, osteguna, Tatiana Tibuleac idazlearen txanda izango da, Slawka Grabowska moderatzailearekin. Tibuleac 1978an jaio zen Chisinau-en, Moldaviako Errepublikan, eta nazionalitate moldaviarra eta errumaniarra ditu. Kazetaritzako ikasketak egin zituen, eta 1995ean egin zen ezagun, Flux egunkarian True Stories zutabea idazten zuenean. 1999an Chisinauko PRO TV-ko taldera batu zen berriemaile, editore eta albistegietako aurkezle lanetan. Horrez gain, UNICEFentzat lan egin zuen Moldavian. 2014an Fabule Moderne izeneko kontakizun laburren bilduma argitaratu zuen, eta 2017an bere lehenengo eleberria: Vara în care mama a avut ochii verzi (Nire amak begi berdeak izan zituen uda). Hainbat sari irabazi ditu eta frantsesera, gaztelaniara eta alemanera itzuli da eleberria. Espainiako Estatuko liburu-saltzaileek gomendatutako literatur lanei emandako saria lortu zuen 2020an, fikzioaren kategorian. Grădina de sticlă (Kristalezko lorategia) bigarren nobelak Europar Batasuneko Literatur Saria irabazi zuen 2019an. Parisen bizi da 2008az geroztik.
Ekitaldiak iluntzeko 19:00etan hasiko dira eta sarrera librea izango da edukiera bete arte.