Anjel Lertxundi: Sukalderaino

Anjel Lertxundi: Sukalderaino https://www.gaztezulo.eus/albisteak/anjel-lertxundi-sukalderaino/@@download/image/anjel_lertxundi_1366203286.jpg
2012/12/13
erreportajea
Testua: Samara Velte
Anjel Lertxundi: Sukalderaino
Aurtengo Durangoko Azokan arreta gehien eurenganatuko duten lanen artean egongo da, zalantzarik gabe, Anjel Lertxundiren Minimalia berria. Azken zortzi urteotan askorentzat gosarilagun izan da Lertxundi (Orio, 1948), Berria kazeta sortu zenetik egunero-egunero idatzi duen Hitz beste zutabearekin.
Hausnarketak, pasadizoak, narrazio laburrak... literatur dosiaz sartzen da goizero irakurleen sukaldeetaraino.

Batek baino gehiagok pentsatu izan du 2003tik idatzitako zutabe guztiak batuta, aise osa lezakeela kalitate handiko liburu bat. Beharbada, horretara dator Minimalia, kontakizun laburrez osatuta. Alberdania argitaletxeak bota du jada amua: “Narraziootan, bizitza kontatzeaz gainera, kontatzen da literaturaren abentura ere. Bizitza eta idazkuntza txanpon beraren aurkia eta ifrentzua baitira, Minimalia-n txanponaren alde biak ageri dira bat eginda, noiz armonia onean, noiz armonia liskartsuan, baina inoiz ez bakoitza bere aldetik bizi diren testu gisa, besteekin batera baizik, elkar osatuz eta elkarri lagunduz, liburua testuen elkarren arteko ehunduraren baten emaitza baita, hainbat narrazioz osatutako narrazio bakarra, eta ez hainbat testuren pilaketa soila”.

Literatura eta bizitza ezin bereizizkoak dira Lertxundirentzat. Filosofia eta Letrak ikasita, irakasle, ikastolako zuzendari, itzultzaile, gidoilari eta zinemagile gisa aritu izan da, baina oinarrian beti izan du literatura. Topatutako ia zirrikitu guztiak arakatu ditu: batez ere, haur eta gazte literatura, nobela eta saiakera; eta, hala ere, goizero esertzen da gurekin gosaritarako mahaian.

Hautatutako bibliografia


Narratiba
• Aise eman zidan eskua (1980, Erein)
• Urtero da aurten (1984, Erein)
• Lurrak berdinduko nau (1990, Erein)
• Piztiaren izena (1995, Alberdania)

Nobela
• Hamaseigarrenean, aidanez (1983, Erein)
• Otto Pette (Hilean bizian bezala) (1994, Alberdania)
• Zorion perfektua (2002, Alberdania)
• Ihes betea (2006, Alberdania)
• Zoaz infernura, laztana (2008, Alberdania)
• Etxeko hautsa (2011, Alberdania)

Saiakera
• Gogoa zubi (1999, Alberdania)
• Muga-mugako zirriborroak (Edo pipiñoen kanpaina baten lehendabiziko zirriborroak) (1999, KM)
• Mentura dugun artean (2001, Alberdania)
• Eskarmentuaren paperak (2009, Alberdania)