Anjel Alkain: "Euskaldunak zakarrak gara"

Anjel Alkain: "Euskaldunak zakarrak gara" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/anjel-alkain-quoteuskaldunak-zakarrak-garaquot/@@download/image/28p18-1_1369677877.jpg
2003/03/07
elkarrizketa
Vanesa Cerqueira
Anjel Alkain: "Euskaldunak zakarrak gara"
Anjel Alkain andoaindarrak urteak daramatza telebistan zein antzerkian lanean. Ostegunero ikusten dugu "Sorginen Laratza" saioan. Hamaika pertsonaien larruan aritzen da aktore ipurterre hau: Kevin futbolzalea, Joxe Antonio Arana abertzalea, Bittori irrati esatari xelebrea, Marta Alkain missa, Dolox zerbitzaria, Sargento Kañete… Umorea da bere adierazpide nagusiena.  

Nor da Anjel Alkain?
Bere etxean egunero gosaria prestatzen duena eta munduko paellagilerik onena.

Txikitan antzezle izan nahi al zenuen ala, beste asko bezala, futbolaria?
Garai horretan Reala liga txapeldun izan zen. Beraz, damu naiz futbol jolakari ez izanagatik.

Antzik ba al dute zure pertsonaiek Anjel Alkainekin?
Espero dut nirekin antzik ez izatea! Fisikoki badute nirekin parekotasunik, sudur hau ezin baita inolaz ere ezkutatu. Bestelakoan, Dolox nahiko zakarra da, eta ni ere batzuetan zakar samarra naiz. Joxe Antonio Arana iruditzen zait maitagarria dela, eta ni ere maitagarri xamarra izan naiteke. Abestea ere gustuko dut, Elton John ez horrenbeste. Futbozalea ere banaiz, Kevin bezala. Bittoriren antzera, irratia ere atsegin dut.

Gertatutako xelebrekeriaren bat?
15 urte daramatzat antzerkigintzan, eta kaleko antzezpenetan edozein gauza gerta daiteke. Esaterako, antzezpen erdian txaranga bat ondotik pasa eta jendeak ezer ez entzutea. Bestalde, "Sorginen Laratzan" askotan barrez hasi eta seriotasunari ezin eutsi ibili izan naiz.

"
Sorginen Laratza" aipatu duzu. ETB EAEko telebista publikoa izanda, ez al zaizu iruditzen Espainiari gehiegi erreparatzen diola? Txutxumutxuen saioetan esaterako.
Nire ustez, Espainari begira baino, AEBetara begira bizi gara guztiak. Beraz, hortik atera kontuak.

Esan izan duzunez, "Sorginen Laratzan" euskal umorea jorratzen duzue. Ba al da euskal umorerik? Zein ezaugarri ditu?
Nire ustez, euskal umorea euskaraz egiten dena da. Beraz, existituko ez da, bada!

Esan ohi da euskaldunok serio samarrak garela. Ados al zaude baieztapen horrekin?
Ez dut uste serioak garenik. Ezta zaratatsuak ere. Askotan keinu handirik egin gabe eta hitzekin jolastuz, alai askoak gara. Zerbait izatekotan, zakar samarrak garela uste dut.

Euskal Herrian antzerki eskola publikorik ez dago. Irtenbide bakarra atzerrira joatea al da?
Antzerkian hasteko Euskal Herrian bada aukerarik, eskola pribatuetan izan arren. Heziketa osatzeko kanpora ateratzea ez da irtenbide txarra. Uste denaren kontra, Madril ez da aukera bakarra.

Zein aholku emango zenioke antzerkiaz bizi nahi duen gazte bati?
Bada, gainontzekook egin duguna egiteko esango nioke. Lehendabizi, eskolako antzerki taldean aritu, ondoren tailerretan jarraitu eta  ikasteko gogo gehiago izanez gero, beste hainbat tokitan saiatu. Hori bai, lanbidea gustuko duzula ziurtatzea ezinbestekoa da.

Pertsonaiaren bat barneratzeko garaian, zein ariketa mota egiten dituzu?
Ez naiz batere aktore zaila. Askotan intuizioa erabilita lan egiten dut.

Zaila al da pertsonai baten larruan sartzea?
Batzuentzat zaila da eta beste batzuentzat ez hainbeste. Niri ez zait gehiegi kostatzen.

Korrikan parte hartuko al duzu?
Hankagorri taldea, Gorringo taldea da gaur egun, eta Gorringok Korrika kulturalean parte hartuko du, "Kutsidazu bidea, Ixabel" antzezlanarekin. Herriz herri aritzeko asmoa dugu.

Bat batean



Goizeko hamarretan zer nahiago, kafesnea ala patata tortila pintxoa?Batzuetan, bata eta beste batzuetan, bestea.

Telebista ala kale antzerkia, zer nahiago duzu?
Ezingo nuke aukeratu, batak bestearekin lotura handirik ez duelako.

Antzerkigintzak zer eman eta zer kendu dizu?
Zer eman didan ez dakit. Baina zer kendu didan oso garbi daukat: mus txapelketetan parte hartzeko aukera.

Parrandan non eta nola?
Niri sagardotegiak asko gustatzen zaizkit. Atsegin dut sagardoak ematen didan txispa berezi hori.

Opari xumeren bat?
Argazki bat edo argazkia jartzeko marko polit bat. Eskulanetan ez naiz batere iaioa


Ezagutu nahiko zenukeen pertsonaiaren bat?
Fidel Castro.