Aniztasunaz gogoeta egiteko jaialdia Donostian

Aniztasunaz gogoeta egiteko jaialdia Donostian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aniztasunaz-gogoeta-egiteko-jaialdia-donostian/@@download/image/aniztasunaldia__1386836058.jpg
2013/12/12
berria
Jatorri, kultura eta hizkuntza aniztasunaz hausnarketa egin eta era berean, berau ospatzeko asmoz, Aniztasunaldia jaialdia egingo dute abenduaren 13 eta 14an, ostirala eta larunbata, Donostiako Bulebarrean. Proiekzioak, hitzaldiak eta musika izango dira protagonista nagusiak.


Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Jatorri anitz, herri bat dinamikaren baitan lanean ari diren 40 eragile sozialek bultzatuta, Gipuzkoako lurraldeak bizi duen nortasun aniztasunaren inguruan gogoeta egin eta erabakiak hartzeko jaialdia egingo dute asteburuan Donostian. Horretarako, bi karpa jarriko dituzte Bulebarren, eta goizeko 9:30etik hasita iluntzeko 21:00ak bitarte, gutxi gorabehera, hausnarketa eta festa osagai nagusitzat dituzten ekintzak egingo dituzte.

Egunez egun
Ekimenari hasiera emateko, hain zuzen, Juanba Berasategi zinegileak zuzendutako Gu, Jatorri Anitz, Herri bat dokumental laburra proiektatuko dute ostiralean goizeko 10:00etatik 10:30era bitarte. Horren ostean, eragile eta udaleko ordezkariek, teknikari eta parte hartu nahi duten herritarrekin batera, world kafea egingo dute 12:00ak arte. Bizileku aitortza administratiboa izango dute mintzagai segidan, 12:30ean abiatuko den eztabaida saioan, eta arratsaldeko ekitaldi nagusia Jon Maia bertsolariak eskainitako Emigraziotik bertsolaritzara hitzaldia izango da (gazteleraz). Egunari amaiera emateko bertso-hop eta break dance saioa egingo dute 19:00etan.

Larunbatean, halaber, Jatorri anitz, herri bat dinamika aurkeztuko dute goizeko lehen orduan, eta Euskararen Kontseiluko Paul Bilbaok gidatutako eztabaida saioa egingo dute segidan, hizkuntza aniztasunaren inguruan. 12:30ean abiatuko dute Aniztasunaren Kudeaketa Hezkuntzan izenburudun eztabaida, eta Juanba Berasategiren dokumentala proiektatuko dute berriz ere arratsaldean. 18:00etan Barri Barrez bakarrizketaren txanda helduko da, Barry Manleyren eskutik, eta 19:00etatik 20:00etara bitarte Esne Beltza Sound Systemen kontzertuak borobilduko du bi eguneko jaialdia.

Karpa txikian
Jarduera nagusiez gain, bigarren karpa txikian haurrentzako tailerrak, ipuin kontalariak, kontzertuak eta pailazoak izango dira bi egunetan zehar. Egitarau osoa kontsultatu nahi izanez gero, sartu hemen.