Animalien argazki dibertigarrienak

Animalien argazki dibertigarrienak Sarri gogorarazten da gizakiok ere animaliak garela eta gure jarreretan ere argi ikusten da maiz. Antzeko gertaerak ere izaten ditugu batzuetan: erorikoak, egoera surrealistak, ustekabeko istripuak, lotsagorritzeko moduko portaerak... Bada, Comedy Wildlife Photography Awards lehiaketak animaliek izandako horrelako egoerak betikotzen dituzten irudiak saritzen ditu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/animalien-argazki-dibertigarrienak/@@download/image/irudia albistea.png
2021/12/07

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

 

Sarri gogorarazten da gizakiok ere animaliak garela eta gure jarreretan ere argi ikusten da maiz. Antzeko gertaerak ere izaten ditugu batzuetan: erorikoak, egoera surrealistak, ustekabeko istripuak, lotsagorritzeko moduko portaerak... Bada, Comedy Wildlife Photography Awards lehiaketak animaliek izandako horrelako egoerak betikotzen dituzten irudiak saritzen ditu.
Animalien argazki dibertigarrienak

Paul Joynson-Hicks y Tom Sullam argazkilariek sortu zuten Comedy Wildlife Photography Awards sariketa 2015ean. Mundu mailako lehiaketa honek bizitza basatia zaintzearen garrantziaz ohartaraztea du helburu, irudi umoretsu eta dibertigarrien bidez. 

Ken Jensen ingelesak irabazi du aurtengo edizioa, Ouch! izeneko argazkiarekin. Argazkilaritzaren zale honek adierazi duenez, "eraso-erakustaldi bat da berez hor agertzen dena, baina tximuaren posizioa ikusita, nahiko mingarria dirudi". 7.000 argazki jaso dituzte lehiaketan aurten eta Txinan tximu honek jasotako kolpe desatseginaren irudiak lortu du garaipena. 

Ikustekoak dira gainerako kategorietan sariak lortu dituzten argazkiak ere. John Speirsen argazki honetan uso bat ageri da, hostoak aurpegia estaltzen diola. I guess summer's over (Uste dut uda amaitu dela) jarri dio izenburua, eta honela azaldu du egoera egileak: "Hegan ari ziren usoen argazkiak ateratzen ari nintzen eta bat-batean hostoa uso baten aurpegian paratu zen". 

Arthur Trevinok ateratako irudia ere ikusgarria da. Honela azaldu du argazkilariak Ninja Prairie Dog! izeneko argazkiaren nondik norakoa: "Arrano Burusoilak larre-txakur hura harrapatzeko ahaleginean huts egin zuenean, larre-txakurrak arranoaren aldera salto egin zuen, eta handik hurbil zegoen gordeleku batera ihes egiteko adina izutu zuen. David versus Goliath-en benetako istorioa!". 

Chee Kee Teo-ren Time for school (Eskolarako ordua) izenekoan, berriz, gurasotasunaren ajeak ageri dira: "Larru leuneko igaraba batek kosk egin zion bere kumeari alde batetik bestera eraman eta igeriketa ikastaroarekin jarraitzeko". 

Lohi arteko bainuek ere badute nonbait bere xarma, elefante honen ibilera ikusita. Hala kontatu du Vicki Jauron The Joy of a Mud Bath argazkiaren egileak: "Elefante batek bere poza adierazi zuen arratsalde bero batean Zimbabweko Kariba lakuaren ertzetako zuhaitz hilen kontra lokatzezko bainua hartutakoan". 

Saririk irabazi gabeko finalisten irudiak ere aintzat hartzeko modukoak dira, alajaina. Borroka-jolasa, dantza, habia egiteko adarra atera nahian izandako istripua, leihotik etxe barrura sartzeko saiakera, txutxu-mutxu jarduna eta enborren inguruko jolasa ageri dira azpiko irudiotan.

Lagun-minen besarkada
Bideoaren kategorian, berriz, Rahul Lakhmani-k lortu du garaipena Hugging Best Friend After Lockdown (Lagun-mina besarkatzen itxialdiaren ondoren) lanarekin.