[MUSIKA] ANIMALIA MUSIKALAK GARA

[MUSIKA] ANIMALIA MUSIKALAK GARA Ez dakigu zer izan zen lehendabizi: musikak gizaki egin gintuen edota eboluzioak existentzia musikatzera eraman gintuen? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/animalia-musikalak-gara-1/@@download/image/Musika gara 2.png
2019/03/26

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Ez dakigu zer izan zen lehendabizi: musikak gizaki egin gintuen edota eboluzioak existentzia musikatzera eraman gintuen?
[MUSIKA] ANIMALIA MUSIKALAK GARA

Askok uste dute hitz egiten hasi aurretik kantatu egiten genuela. Baina horrek ez gaitu beste animaliengandik gehiegi ezberdintzen, baleek abesten dute eta zer esanik ez txoriek, beti erabili baitituzte melodiak komunikatzeko. Alta, gizakioi musikak dantzarazi egin gintuen: dantzak erritualera eraman gintuen eta erritualak besteekin koruan durundarazi gintuen, horrekin lehen instrumentuak sortuz.

Beharbada horregatik dituzte gure neuronek gustu musikal propioak. Erresonantzia magnetikoko irudiek esperimentuetan erakutsi dutenez ez da musika bezalako soinurik hainbeste eta hainbeste neurona momentu berean dantzan jartzen dituenik. Musikak garuna kontzertu areto bihurtzen du. Estimulatuak diren neurona horiei “garunaren zirkuitu musikala” izena eman zaie. Bertan ordea, ez dute neuronek soilik parte hartzen, baita garuneko zelula zerebralek ere euren jokabidea aldatuz musikaren erritmora. Musikak hizkuntzarengandik ezberdintzen duen prozesamendu neuronal propioa du. Haatik, ikerlariek oraindik ez dakite zein den zirkuitu musikal horren rola, dakiten bakarra da erlazio gehiago duela emozioen eboluzioarekin hizkuntzarenarekin baino.

Askotan bihurtu daiteke hizkuntza bat ulertezin, ezagutzen ez dugun hizkuntzan norbait entzutean adibidez. Aldiz, musika hizkuntza unibertsala izanik, kantatutakoa ulertu ez arren, melodiak dakarren emozioa hauteman dezakegu enpatia garatzen lagunduz. Gainera naturarekin lotzen gaitu beste espezie animaliekin batuago sentituz, zerbaiten zati garela ulertzeraino iritsiz.


Argazkia: Laura Makabresku

Oraindik ere musikak zertarako balio ote duen edota zertarako sortu zen galderei erantzuteko ikerketak abian dauden arren, Nietzschek erantzuna aspaldi eman zuelakoan nago: “Bizitza musika gabe akats bat litzateke.” Ez dakit akatsa litzatekeen, baina argi dago gaur egun ezagutzen dugun mundua bere horretan ez litzatekeela existituko.

Nire esperientziatik hitz eginez musika da drogarik onena. Lekurik urrunenera eramaten nauena da. Intentsuen, sakonen eta indartsuen sentiarazten nauena. Musikaren gainean trostan aske sentitzen naiz edozein lotura fisikotatik, musikak dirauen bitartean dena okupatzen baitu. Minutu horietan guztiaz eta guztiez ahazten naiz, baina aldi berean guztiaren eta guztien parte sentiarazten nau. Horregatik gustatzen zait, ez dut egun bakar bat ere musikarik gabe irudikatzen eta ez dut ikerketarik behar hori baieztatzeko. Musika gara.