Anestesia: "Gero eta gordinago aritzeko joera dugu"

Anestesia: "Gero eta gordinago aritzeko joera dugu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/anestesia-quotgero-eta-gordinago-aritzeko-joera-duguquot/@@download/image/70p10_1364254716.jpg
2007/01/05
elkarrizketa
Gaztezulo
Etenaldi luze baten ondoren, Anestesia taldeak “Terapia” izeneko diskoa kaleratu berri du Bonberenea Ekintzak zigiluarekin. Hamairu kantu sinple, zuzen eta gordin: trash indartsunera itzuli dira Anestesia zarauztarrak. Mikel Anestesiak erantzun dizkigu galderak.       

Sei urte joan dira “Ultra-komunikatzen” diskoa argitaratu zenuenetik. Zer dela eta halako etenaldi luzea?
Disko hori 2000. urtean kaleratu genuen, baina 2002 urtera arte, zuzenean jotzen ibili ginen; beraz, lau urteko etenaldia izan da. Hasieran, atsedenaldi bat hartzea zen gure asmoa, beti egin dugun modura; ez bazara noizean behin geratzen, gauzak inertziaz egiten jarraitzeko arriskua dago: gelditu, pilak kargatu, eta berriro zerbait eskaintzeko dugunean agertzea da gure funtzionatzeko era. Dena den, oraingoan etenaldia luzeagoa izan da. 2004an hitz egiten hasi ginen, ea berriro ere gauzak egiten hasiko ote ginen. Orduan Nil-ek taldean ez jarraitzea erabaki zuen; beraz, Beloki, Ibon eta hirurok geratu ginen, eta hiruron artean kantu berriak prestatzen hasi ginen. Diskoa nire estudioan grabatu dugu, presarik gabe, 2005-2006 urteen bitartean.

Hasierako taldekideekin itzuli zarete oholtzetara. Dani baxujolea ere hor dago orain…

Diskoa prestatzearekin batera, baxulole berria bilatzea zen gure beste lana, baina ez genuen erraz ikusten. Azkenean, Dani agertu zen jotzeko gogoa zuela esanez, eta berarekin hasi ginen, zuzenekoak prestatzen. Dani gure lehenengo baxujolea izan zen, 1988tik 1995arte; beraz, bai, hasierako formaziora itzuli gara, Ibon kantaria da salbuespena, 2000. urtetik ari da gurekin.

Abesti sinple eta zuzenak dira diskokoak. Urteen poderioz, sinpletasuna bilatzeko joera izaten al da?

Bai, hala da. Gure musikak ez ditu inoiz konponketa asko izan, baina egia da, urteak pasatu ahala, gauzak gero eta sinpleago eta gordinago egiteko joera izan dugula. Batetik, soinu-bloke trinkoa lortu nahi izan dugu, eta bestetik, abestiak jotzerakoan guk, gehiago gozatu ahal izatea zen helburua. Bestakde, konturatu gara askotan sinpletasunean dagoela xarma.

Etenaldiaren ondoren, jendeak zer moduz hartu zaituztete kontzertuetan?

Kontzertu dexente eman ditugu azkenaldian: Tolosan, Zarautzen, Orion… Hainbeste denbora zuzenekoak eman gabe izan ondoren, oso gauza berezia da. Adibidez, Zarautzen eman genuen lehen kontzertua ikaragarria izan zen: ez genuen horrelako harrera berorik espero; gaztetxean berotasuna itzela egon zen (zentzu guztietan), eta energia handiko gaua izan zen. Eskerrak eman behar dizkiegu kontzertura etorritako guztiei, eta barkamena eskatu kanpoan geratu behar izan zenutenei. Beste kontzertuetan ere oso harrera beroa izan dugu.

Disko honek Anestesiaren lehen maketa gogorarazten du, abestietan, soinuan… orduko espiritua berreskuratu nahi izan duzue?

Abestiak egiterakoan, hasierako urte haietako eraginak atera dira, baina ez da izan aurrez pentsatutako zerbait, oso gauza naturala baizik. Orduan bezala, amorrua eta egonezina dira abestien atzean dauden sentimenduak, beraz; gu aldatu bagara ere, hasierako ildoari jarraitzen diogu. Soinuari buruz, lehen esan bezala, saiatu gara soinu sendo eta trinkoa lortzen, bloke baten sentsazioa lortzeko. Alde horretatik, aldaketa nabarmena dago aipatzen duzun garai horren aldean: hobetu egin dugu gure soinua. Zerbait ikasi dugu 18 urte hauetan!

Bonberenea Ekintzak zigiluarekin atera duzue diskoa, zer dela eta?

Bonbereneakoak ezagutzen genituen, eta beti iruditu zaigu oso ondo antolatuta daudela. Bestalde, guretzako funtsezkoa da, norbaitekin zerbait egiteko orduan, maila pertsonalean konfidantza eta ilusioa ikustea, eta horixe eman digute Bonberokoek. Egia da, musikaren egoera dela eta, auto-ekoizpena gero eta zabalduago dagoela, baina guk 1988an ere praktikatzen genuen auto-ekoizpena, eta ez daukagu arazorik berriro gauza bera egiteko. Urte hauetan oso gustura egon gara Esan Ozenkin, eta burokrazia batzuez libratzea erosoago zen guretzat, baina orain egoera ezberdina da. Orain ez daukagu diskoetxerik, eta eskaintza batzuk izan ditugun arren, azkenean erabaki dugu disko hau gu geuk eta Bonberenearen artean gauzatzea. Diskoa gurea izango da, eta ez beste norbaitena.