Aner Peritzek irabazi du Basarri Bertsopaper Saria

Aner Peritzek irabazi du Basarri Bertsopaper Saria Bertsoen errima moldean egindako berrikuntza nabarmendu du epaimahaiak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aner-peritzek-irabazi-du-basarri-bertsopaper-saria/@@download/image/Basarri Bertsopaper Saria irabazlea 1200x600.jpg
2022/07/04

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Bertsoen errima moldean egindako berrikuntza nabarmendu du epaimahaiak.
Aner Peritzek irabazi du Basarri Bertsopaper Saria

Aner Peritz zarauztarra da 38. Basarri Bertsopaper sariaren irabazlea, Zopa hozten ari zaizu izeneko bertso-sortarekin. Bigarren saria ere lortu zuen 2019ko edizioan. 

Nahikari Gabirondok, Andoni Egañak eta Uxue Alkortak osatu dute epaimahaia. Guztira hamaila lanek parte hartu dute aurtengo edizioan eta, epaimahaiaren arabera, oro har, maila onekoak izan dira. Sorta irabazlearen inguruan, berriz, honako hau azaldu du Andoni Egaña epaimahaiko kideak: “Gure ustez bertso onak dira eta hautatutako gaiari heltzeko ikuspegia aski berria. Baina batik bat, forman datza berrikuntza. Bertsolaritzaren usadiotik at dagoen errimakera bat hautatu du egileak, ABABABABAB errimatuz. Jolas edo proba soiletik haratagoko zerbait da. Berrikuntzak ulermena eta gozamena ez galaraztea ez ezik, bertso jarrietarako bide berriak zabaltzeko modua eskaintzen du”.

Aner Peritzek adierazi duenez, “bertso-sorta honek ez du, edo bederen ez zuen, ezer berririk kontatu nahi, askotan kontatu izan den kontu bat beste era batera kontatuta baino ez da, jolas tekniko atsegin bat bilatuz. Sortaren inertziak hala ere gauza batzuk esan beharra eragin zidan. Ea irakurlea ere inertziak daraman eta, aldi berean, hura hausteko tentaziorik duen”.

Sari emate ekitaldia Bertso Astearen baitan izango da uztailaren 7an, 22:00etan, Torre Luzeako parkean. Sarituak bere bertso-sorta musikatu eta jendaurrean aurkeztuko du, eta saria ere jasoko du.