AnaÏs Nin: Esperimentatu, ezagutu eta kontatu

AnaÏs Nin: Esperimentatu, ezagutu eta kontatu https://www.gaztezulo.eus/albisteak/anas-nin-esperimentatu-ezagutu-eta-kontatu/@@download/image/anais_nin_1358166493.jpg
2012/12/13
erreportajea
Testua: Samara Velte
AnaÏs Nin: Esperimentatu, ezagutu eta kontatu
Eskasa izan da oso Mendebaldeko literatura erotikoa; are eskasagoa, emakumeek idatzitakoa. Eta Mendebaldekoa diot, erotismoa kulturala delako; erakargarria denari buruzko gure ideia antzekoak dituztenek ere ez dute gehiegi esploratu literaturaren atal hori.
Idazten da maitasunaz, asko; idazten da heriotzaz, beldurraz, politikaz, eromenaz, iraganaz. Proportzioan, gutxi idazten da orainaz, pasioaz eta gozamenaz.

Alde horretatik, ekarpen handia egin zuen Anaïs Ninek (Neuilly, Frantzia, 1903 – Los Angeles, AEB, 1977). Psikoanalisiak erakutsi zion sexualitateari merezi duen garrantzia ematen, eta ausart heldu zion horri: bizitza osoa esperimentatzen eta esploratzen pasatu zuen, bere barrena, bere gorputza eta inguruko gorputzak. Eta dena idatzita utzi zuen.

Bere egunerokoengatik da ezaguna Nin; denera, 60 urte baino gehiago daude horietan jasota, 11 urte zituenetik hasi eta hil baino lehentxeago arte. Zazpi liburukitan dago argitaratuta, eskuizkribuak 35.000 orritik gora dituen arren.
Familia bohemio batean hazia, haurtzaroa eta gaztaroa Europako hainbat lekutan pasatu zituen; gerora, batez ere Parisen eta New Yorken bizi izan zen.

AEBetako literaturaren eta psikologiaren esparruko pertsona garrantzitsu zenbait izan zituen lagun; horiek guztiek euren isla dute bere egunerokoetan: Henry Millerrekin eta haren emazte June Mansfield-ekin izandako maitasun hirukia, txikitan abandonatutako aitarekin elkartzean sortutako harreman sutsua, urte luzez eramandako bigamia... Duela mende bateko bizitza baten kontakizun osoa da, barruraino aztarrika aritutakoa, harremanak zintzo, garden eta gordin agertzen dituena, bere burua ongi ezagutzen duen emakume batek kontatua. Ordutik ere ez diote idazle askok beren buruari horrela begiratu.

Bibliografia


•Diaries I-VII
•House of Incest (1936)
•Winter of Artifice (1939)
•Under a Glass Bell (1944)
•Cities of the Interior (1959)
•Collages (1964)
•The Novel of the Future (1968)
•Delta of Venus (1977)
•Little Birds (1979)
•Henry and June: From a Journal of Love (1986)
•A Literate Passion: Letters of Anaïs Nin & Henry Miller (1987)
•Incest: From a Journal of Love (1992)
•Fire: From a Journal of Love (1995)
•Nearer the Moon: From a Journal of Love (1996)