Anari: sentimenduen hizkuntza

Anari: sentimenduen hizkuntza https://www.gaztezulo.eus/albisteak/anari-sentimenduen-hizkuntza/@@download/image/3p10-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Asier Leoz


Anarik bere bigarren laneko izenburuaren jatorria azaldu digu, Joseba Sarrionandiak behin idatzitakoa mahai gainera ekarriaz: "Ene desioak jada habi abandonatuak baino ez dira ene bihotzean". Pozik, berean bete-betean sinesten duenaren naturaltasunaz, "Habiak" diskoaren inguruan ari zaigu hizketan. Berriro ere ausentzia eta mina dira ardatz. Garapena igarri egiten da, ordea; aurreko laneko abestietako deiadarra, mina gaindituta, erreflexio bilakatu da. Ebaki egiten duen erromantizismoa ("argirik ez da sartu geroztik leihora, udaberririk ez dute somatzen lorak gurean") bigunkeria arrastorik gabe.   
Lan berri honetan abestien egitura erabat neurtuta dagoela dirudi eta taldea lehen baino gehiago nabarmentzen da, nahiz eta orduan aritutako ia berberak diren. "Ezberdina da. Lan hura bat-batean sortuz joan zen. Beste honetarako, berriz, dena pentsatuta nuen, non sartu gauza bakoitza, abestiek behar zuten giroa... Konponketa lanek aldaketa ugari ekarri dute, baina oinarria landuta zegoen aldez aurretik. Talde itxura eman nahi izan dugu eta nire ustez, hori berehala somatzen da oraingoan, elkar ulertzea handia izan delako".
Kaki Arkarazoren ekoizpen lana oinarrizkoa izan da."Soinu elektrifikatua nahi nuen, baina txeloarekin eta jantzi akustikoarekin uztartzerakoan, ahulduko ez zena. Emaitzak gordina behar zuen izan. Nick Cave-ren zuzeneko bat pasa nion Kakiri, eta ondo ulertu zidan".
"Habiak" aberatsa da irudietan, film baten antzera. Era berean literarioa, poesiaz betea. "Bai, inoiz bideo lan bat egitekotan, irudiak argi izango nituzke. Testuetan hainbat idazleren eragina dago, Paul Auster edo JL Zabalarena, adibidez. Poesia irakurtzea gustatzen zait".
Tindersticks, John Martyn eta The Walkabouts aipagai ditugu tarteka solasaldian, baita Ruper Ordorika, Zulu eta Pettiren partaidetza ere. Begirada epeleko abeslariak euskaraz abesten du, baina hala ere, sentimentuek barrualdean duten hizkuntza ere ondo baino hobeto menderatzen du.
Anari hilaren 27, 28 eta 29an ariko da zuzenean Donostiako Gazteszenan, Bergarako Jam-en eta Bilboko Kafe Antzokian Dut eta Lisabo taldeekin batera.