Ana Goitia: "Egunero janzten duguna dendetan dago, ez pasareletan"

Ana Goitia: "Egunero janzten duguna dendetan dago, ez pasareletan" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ana-goitia-egunero-janzten-duguna-dendetan-dago-ez-pasareletan/@@download/image/ana_goitia__arg_1409573999.jpg
2014/09/08
elkarrizketa
Argazkiak: Galder Izagirre. Testua: Aitor Abaroa @abaroa37
Ana Goitia: "Egunero janzten duguna dendetan dago, ez pasareletan"
Euskal Herriko moda blogaririk jarraituenetakoa da Ana Goitia (1981) lekeitiarra.
‘Personal shopper’ lanetan ere aritua, Annuik.com on-line denda ireki du;
berak diseinatutako arropak saltzen ditu.


Oraintsu arte moda aldizkariek ezartzen zuten denboraldi bakoitzean zer zegoen boladan; modeloek jantzi, jendeak desiatu. Azken urteetan, baina, norbere burua erakusleihoan jartzen duten egoblogariak dira irakurleen konfiantza irabazi dutenak; kaleko jendea, irakurleen ispilu.

Gurean ere badugu naturaltasuna lagun jendearen oniritzia jaso duen blogaririk; Ana Goitia da horien artean gehien nabarmendu denetako bat. Hamaika Telebistako Bi Fashion saioan ezagutuko zuten batzuk, edo Euskadi Irratiko Amarauna saioan entzun, baina El rincón de Anatxu bloga da berea duen txokoa. Tendentziak bideratzen dituzten iritzi sortzaileen artean lekua egitea lortu du, Euskal Herrian zein hemendik kanpo. Eta Carolina Bang, Vicky Martín Berrocal edota Ana Morgaderekin El País egunkariaren SModa aldizkarirako argazkiak ateratzera, adibidez, Madrilera joan den arren, bizileku duen Lekeition hartu gaitu.

Nola sortu zenuen ‘El rincón de Anatxu’ bloga?
Duela sei bat urte izan zen. Durangoko Irratian nenbilen lanean, eta eguerditan libre nuen tartean, ezer egin gabe egon beharrean, eta moda asko gustatzen zaidanez, zerbait idazten hastea erabaki nuen. Jendea iruzkinak idazten hasi zenean konturatu nintzen bazituela blogak irakurleak, eta ni ere antzerako blogak ezagutzen eta haietan iruzkinak uzten hasi nintzen. Lehen asko egiten zen hori: "Nik zuri iruzkina egin, eta zuk niri". Orduan konturatu nintzen blogosfera bat zegoela modaren inguruan.

Zer lantzen zenuen hasiera hartan?
Erosten nituen arropez berba egiten nuen, edo estilo jakin bati buruz. Testu asko idazten nuen eta argazki gutxi sartu. Denborarekin ikusi nuen beste blogari batzuk euren argazkiak jartzen zituztela arropak erakusteko. Baina nik ez nuen inondik inora halakorik egiteko asmorik, ezta zoratuta ere! Baina nire irakurleak argazkiak jartzeko eskatzen hasi zitzaizkidan, arropak ikusten zituztelako, baina niri nola geratzen zitzaizkidan ez. "Zergatik ez?", pentsatu nuen.

Kazetari lana utzi eta blogari profesional izatea burutik pasa zitzaizun?
Ez, ez, ezta pentsatu ere. Gainera, hasieran ez nuen inondik inora blogean publizitaterik sartu nahi, eta eskaintzak jaso arren ezetz esaten nuen.  Denborarekin, ordea, konturatzen zara zure nortasunarekin bat datozen markekin lan egiteak ez duela ezer txarrik. Hori bai, jarraitzaileek gardena izatea eskatzen dute, eta beraz, publizitatea egiten badut, argi esaten dut: "hau ordaindutako post bat da". Horretarako badago gaztelaniaz Código de confianza (codigoconfianza.com) izeneko kode sistema bat, markarekin izan duzun harremana argi eta garbi adierazteko balio duena. Jendeak gardentasun hori eskertzen du. Hala ere, adibidez, M tailara arteko arropak egiten dituen marka baten publizitaterik ez dut inoiz onartuko, nahiz eta poltsa baten publizitatea izan, niretzako moduko arroparik ez dute egiten eta.

Edozein izan daiteke moda blogari?
Ni ezer jakin gabe hasi nintzen, gustuko nuelako. Eta gaur egun ere, ez ditut goitik behera kontrolatzen munduko moda desfileak. Sarritan blogarioi horixe aurpegiratzen digute: "zuk ez duzu desfileetaz ideiarik ere!". Ba ez, baina moda ez dira soilik pasarelak! Agian, pertsona horrek baino hobeto dakit dendetan zer dagoen, eta egunero janzten dugun hori dendetan dago, ez pasareletan.

Zergatik izan dute azken urteetan moda blogek hainbesteko jarraipena?
Nire ustez, arrakastaren giltza da jendeak bera bezalako jende normala ikusten duela. Kalean egunero bizi duguna erakusten dugun pertsona arruntak garenez, jendea identifikatuta sentitzen da. Nire kasuan, adibidez, jendeak pentsatzen du: "Neska honek arropa horiek jantzi baditzake, nik zergatik ez?". Taila handiko neska bat ikusten dute, estiloa gustatzen zaie eta arropa horiek non eros daitezkeen galdetzen didate. Denborarekin konturatu naiz jende askori lagundu diodala, eta ez neska lodiei bakarrik, argalei ere bai, edonolakoei.

Bide horretatik, ‘personal shopper’ moduan ere aritzen zara.
Ikusten nuen blogean jende askok aholkuak eskatzen zizkidala: "ezkontza bat dut eta ez dakit zer jarri..." edo "horrelako gorputza dut; zer doakit hobeto?", galdetzen zidaten. Hasieran gustu handiz erantzuten nien guztiei, baina eskaerak gehiegi izatera pasa zirenean La Belle Vie sortu genuen Meri bazkideak eta biok. Irudi aholkularitza zerbitzua eskaintzen dugu, eta ezkontzak antolatu. Baita despedidak ere! Adibidez, Bilboko denda baten egon izan naiz emaztekien aholkularitza zerbitzua eskaintzen. Hasi ginenean gutxi batzuk ginen, baina orain milaka wedding planner daude!

Blog bat, gaur egun, arrakastatsua izan daiteke sare sozialak baliatu gabe?
Blog bat zein negozio bat baldin badaukazu, baita denda fisikoa bada ere, sare sozialak ezinbestekoak dira. Instagramen kasua argigarria da. Badira blogari batzuk euren bloga itxi eta guztia Instagramen bitartez egiten hasi direnak, argazkiak baliatuz. Hala ere, sare sozialek badute gauza oso-oso txar bat: jarraitzaileak erosi egiten dira. Argazkietako Atsegin dut kopurua erosi egin daiteke! Jarraitzaileak erosten ez ditugunontzako hori oso kaltegarria da. Egin duzun lanaren fruituz hainbat jarraitzaile lortzen dituzu, hasiberri batek horiek baino gehiago erosten ditu, eta markak beregana doaz.

Baina publizitate hori ez da errentagarria.
Noski ezetz. Ordaindutako post hori ez du adierazitako jarraitzaile kopuruak irakurriko, faltsuak dira eta. Hala ere, lehen errazagoa zen jarraitzaile faltsuak identifikatzea, baina orain izen-abizendun pertsonei ordaintzen diete jarraitzaile izateagatik, eta beraz, zailagoa da. Alde horretatik, sare sozialen kontua eskuetatik joaten ari zaigu, eta zerbait egin beharra dugu. Noski, komunikazio agentzia serioetako profesionalek badakite norenak diren benetakoak eta norenak ez, baina zoritxarrez agentzien %90a ez da enteratzen...

Zuk Twitterren ia 10.000 jarraitzaile dituzu.
Bai, eta Twitterretik bisita asko sartzen dira blogera. Hala ere, garrantzitsuena ez da kantitatea, kalitatea baizik. Facebooken 5.000 jarraitzaile ditut, erdia, baina askoz harreman estuagoa dut jarraitzaileekin eta informazio gehiago elkartrukatzen dugu. Milaka jarraitzaile izan ditzakezu, baina ez badizute kasurik egiten, ez du ezertarako balio.

Gaztelaniaz idazten duzu.
Bai, gaztelaniaz idazten dut, jende gehiagorengana heltzeko asmoz. Euskal Herritik kanpo jarraitzaile asko ditut, Espainian zein Hego Amerikan. Eta ingelesez eta frantsesez idazten ere hasi beharra dut, beste herrialde batzutatik ere gero eta jende gehiagok irakurtzen baitu bloga.

Zure jarraitzaile fidela nolakoa da?
Denetarik dago, neska gazteak zein emakume nagusiak. Konturatu naiz azkenaldian gero eta emakume heldu gehiago ari dela Sarean, eta gero eta jarraitzaile heldu gehiago ditut; 40 urtekoak, 50ekoak, zein hortik gorakoak. Bestetik, taila handiak dituztenak zein ohikotzat har ditzakegun tailadunak dira. Bloga hasi nuenean ez nuen planteatu taila handidun pertsona baten ikuspuntutik. Pertsona normal batek irakurle normalentzan egindako blog bezala planteatu nuen. Ez zait gustatzen lodientzako moda etiketa, plus-size delakoa.

Ezaugarri bereizgarri bezala nabarmentzen da?
Bai, eta hori ez dut gustuko. Ez zaizkit gustatzen beti gai beraren inguruan bueltaka dabiltzanak, garrantzirik eman behar ez zaion zerbaiti garrantzia ematen ari baitira. Hala ere, egia da batzutan pixka bat mesede ere egin behar dela, loditasuna oso gaizki ikusita dagoelako. Horregatik, lantzean behin nik ere idazten ditut kutsu erreibindikatiboa duten sarrerak.

Moda etxeek, aldizkariek, publizitate agentziek... saltzen duten edertasun kanona ez da zurea.
Nirea guztiz kontrakoa da, baina hori ez da oztopo bat. Egia da kanona betetzen duten neska horiek badutela abantaila bat, izan ere, edozein dendatako jantziak geratzen zaizkie ondo. Nik, aldiz, malabareak egin behar ditut arropa egokia aurkitzeko. Eurentzako ezer aurkitzen ez dutela esaten didaten jarraitzaileei hainbat aukera erakusten dizkiedanean eskertu egiten dute, eta konturatzen dira eurak direla euren buruari oztopoak jartzen dizkietenak. Guztia ondo geratzen ez bazaizu, saiatu ondo geratzen zaizuna indartzen eta bestea disimulatzen.

Zure gorputzak arduratu izan zaitu?
Bai, bai, noski; gaztetan eta baita orain ere. Nik nire gorputza den bezala onartzeak ez du esan nahi konplexurik ez dudanik. Norbaitek konplexuak baditu, hori neu naiz. Ez dut nire gorputza gustuko, eta gaztetan arazo latzak izan nituen. Beti izan naiz neska handia, besteak baino arinago garatu zitzaidan gorputza... ikasgelako ama nintzen. Baina denborarekin ikasten duzu dagoena onartu eta zeure burua maitatzen, eta zoriontsu izaten.

Pauso hori eman ezinik dagoen gazteari zer esango zenioke?
Jendeak esaten duenari kasurik ez egiteko. Eta ez dezala pasa eguna besteei errua botatzen, hau edo bestea esaten diotelako. Zeu zara zeure buruari oztopoak jarri edo ez erabakitzen duena. Zeure gorputza naturaltasunez bizi baduzu eta onartzen bazara, zeure buruarengan segurtasuna baduzu, besteek ere halaxe onartuko zaituzte. Hori bai, osasuna da garrantzitsuena, eta loditasuna ez da osasuntsua. Baina hortik lodia barregarritzat hartzera tarte handia dago, eta norbere esku dago hori ez gertatzea. Zuk zeure burua errespetatzen baduzu, besteek ere errespetatuko zaituzte.

Zeure blogean agertzeaz gain, enpresek ere deitu dizute modelo lanak egiteko, Bitxilore bitxi etxeak, adibidez.
Proposamena egin zidatenean zertan ari ziren ba ote zekiten galdetu nion neure buruari. Gainera, blogean neu agertu arren, inoiz ez zait gustatu modelo lanetan aritzea; baina oso esperientzia polita izan da. Eurek ez diote tailari momentu baten ere inportantzirik eman, dena naturaltasun osoz egin dugu. Blogaria, estilo jakin bat duena eta euskalduna izatea, horixe izan da kontuan hartu dutena.

Jendeak lan horren inguruan zer esan dizu?
Adibidez, El Corte Inglés saltokian Bitxilore denda ireki zutenean, bertako langile askok esan zuten garaia zela horrelako jendea irudi bezala erabiltzeko. Oro har, jendeari katalogoa gustatu zaio, eta baita nire ezaugarriak dituen pertsona bat katalogoan nola agertzen den ere. Esango nuke enpresa asko ari direla normaltasun horretarantz pausoak ematen.

Gaur egun, modan, nork markatzen ditu tendentziak? Markek, moda aldizkariek ala blogariek?
Nire ustez, momentu honetan blogariek indar handia dute, batez ere AEBetan eta Ingalaterran. Duela urte batzuk celebrity edo famatuak ziren tendentziak ezartzen zituzten It Girls-ak, eta gaur egun gero eta blogari gehiago dira funtzio hori betetzen dutenak. Adibide bat jarriko dizut: Chiara Ferragni blogari italiarra. The Blonde Salad (theblondesalad.com) bloga ireki zuenetik sei hilabetera jada milaka jarraitzaile zituen, eta gaur egun, munduko blogik jarraituenetakoa da. 40 bat lagun ditu blogean lanean, agian gehiago, eta markak edozertarako gai dira Chiarak euren zerbait ateratzeagatik.

Zuk ere jarraitzaile fidelak dituzu, eta horrek hainbat kolaboraziotarako ateak zabaldu dizkizu.
Nik ez dut blogarekin hori bilatu, baina bai, hainbat proiektutan parte hartzeko aukera izan dut. Adibidez, Hola aldizkariaren web orrian Look and Fashion plataforman Fashion Mix izeneko blogean parte hartzen dut, Tiffany’s bitxidendarekin kolaboratzeko aukera izan dut, edota Renault-ekin. Eta bertara etorrita, hor daude Eguzkilorerekin egindako lanak. Baina ibilbide horren guztiaren ondorio garrantzitsuena Annuik.com da, duela gutxi ireki dudan on-line denda.

Nolatan sortu duzu?
Urte askotan buruan izan dudan kontua da, eta langabezian egonik, zerbait egin beharrean aurkitu nintzen. Hala, iazko Gabonetan Bilboko Miró hotelean beste hiru blogarirekin batera vide dressing bat egin nuen, hau da, erabiltzen ez dudan arropa erakutsi eta saltzen jarri. Jendeak sarritan galdetzen dit blogean ikusitako arropa jakin bat oraindik ba ote dudan. Normalean oparitu egin izan ditut, baina ikusita diruz larri nenbilela, vide dressing-a egitea pentsatu nuen. Izugarria izan zen, ia dena saldu nuen. Hor ikusi nuen nik neuk saldutako produktuekiko interesa zuela jendeak, eta beraz, agian momentua zela.

Zein arropa saltzen duzu dendan?
Marka ezagun baten eskutik nik neuk diseinatzen dudan arropa da. Hori bai, ni ez naiz diseinatzailea, eta beraz, patroigile batekin elkarlanean aritzen naiz. Nahi dudan hori azaltzen diot, gutxinaka forma ematen diogu, gero oihalak aukeratu, eta azkenik, lantegian patroiak moztu eta josten dituzte. Oso argi izaten dut zer nahi dudan, baina askotan nahi dudan horri tela egokia aurkitzea izaten da zailena. Prototipo asko egin behar izaten ditugu nahi dugun produktua lortu arte.
Denda fisikorik gabe, Internet bidez saltzen duzu. Nola moldatzen zara?
Alde horretatik erabakiorra izan da Interneteko salmentan espezializatua den Nolatan.com enpresak nire proiektuagatik egin duen apustua. Hasierako asmoa dena nik egitea zen, etxean, armairutxo batean arropak gordeta, bidalketak nik eginda... baina orain konturatzen naiz ezinezkoa izango zitzaidala. Horrelako denda batek azpiegitura handia eskatzen du.

Nola doa?
Ireki eta batera lauzpabost pertsonak esan zidaten produktuak garestiak zirela. Baina normala da, ekoizpen oso txikia izan baita, eta guztia Espainian egin da. Patronajea, konfekzioa... Nik ezin dut prezioan Zara bezalako lowcost dendekin lehiatu. Niri ezinezkoa zait 40 euroko soinekoak egitea. Nire apustua diseinu onaren eta kalitatearen, eta berton egindako produktuen alde egitea izan da, ez kostuak merke dituzten herrialdeetan ekoiztea, umeak lanean dituzten herrialdeetan. Eta hala ere, jendea erosten ari da, beraz, hain garestiak ere ez dira.

Herrialde horietan gertatzen denaren berri badugun arren, ezikusiarena egiten dugu?
Bai, eta neu naiz lehenengoa. Nik baditut Primarkeko arropak, nire ekonomiarekin ezinezkoa baitzait daukadan arropa guztia beste prezio batekoa izatea, baina lantzean behin erosten ditut gauza berezixeago batzuk. Ni Annuikeko arropak egiterakoan konturatu naiz kate handi horietan erosten ditugun arropak prezio horietan lortzeko zein baldintzatan eginda egon behar diren. Duela gutxi komunikabideetan zabaldu zuten Primarkeko soineko baten etiketan Forced to work exhausting hours (lehertu arte lan egitera behartuak) mezua aurkitu zutela. Langileak esplotatu egiten dituzte. Ni, martxan jarri dudan proiektu honetan, horrelako egoerak ekidin eta bertako jendeak egindako kalitatezko produktuak merkaturatzeko ahaleginean ari naiz. Oraingoz Espainian egin behar izan ditut, baina posible badut Euskal Herrian egin, halaxe egingo dut.

Udazken honetan zer eramango da?
Uste dut larru sintetikoa eta ziape edo mostaza kolorea eramango direla. Eta iaztik datorren arren, esango nuke lentzeria ukituko arropek ere indartsu jarraituko dutela, enkajea daramaten soinekoak eta antzerakoak. A, eta koadro eskoziarrak ere bai!

Anaren kuttunak


Musika talde bat: The Police.
Liburu bat: The Pilars of the Earth (Ken Follet, 1989).
Film bat: La vita é bella (Roberto Benigni, 1997).
Diseinatzaile bat: Kristobal Balentziaga.
Janzki bat: Bakeroak.
Miresten dituzu... gurasoak.
Zoriontsu zara... familiarekin nagoenean.
Ez duzu inoiz ahaztuko... Manex, nire txikia, jaio zen eguna.