Amezketa ezagutzeko bisita gidatuak

Gipuzkoako Amezketa herria Pernando bertsolari eta zirtolariarengatik izan liteke ezaguna, edota Joxean Tolosa eta Jokin Altuna pilotariengatik, baina txoko guztiek bezalaxe, hainbat istorio gordetzen ditu herriak. Hori horrela, Argi galduaren bila bisita gidatua eskaintzen ari dira uda honetan, iaz hasitako bideari jarraituz. Uztailaren erdialdean hasi ziren, eta irailaren 12ra arte izango da martxan, larunbat arratsaldeetan eta igande eguerdietan. Agurtzane Garmendia herritarra ari da gidari lanetan.
Bost geldiuneko bisita gidatua da, eta ordu eta erdiko iraupenean egiteko modukoa. San Bartolome elizaren atzeko aparkalekua da bisitarien topagune eta abiapuntua eta, besteak beste, eliza eta Ierabizkar errota ikusiko dute parte-hartzaileek. Hainbat gairen ingurukoak azaltzen ditu Garmendiak: herriaren izenaren nondik norakoak, Pernandoren ibilerak eta pasadizoak, inguruko mendien eta Mariren kontuak, pilota eta bertako pilotarien aipamenak, eliza barruko hilobiak, errotaren funtzionamendua...
Erreserba aurrez
Bisitetan parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea, 657 370 156 telefono zenbakira deituz, whatsapp mezua bidalita, edo Tolosako turismo bulegoan. Ohiko sarrera hiru eurokoa izango da, eta murriztua den kasuan, 1,5 euro ordaindu beharko da. Lau urtetik beherako haurrentzat doan izango da. Gehienez ere 20 pertsonako taldeak osatuko dituzte.