Ametsen sustraiak eta Sustraien ametsak

Ametsen sustraiak eta Sustraien ametsak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ametsen-sustraiak-eta-sustraien-ametsak/@@download/image/56p17-1.jpg
2005/10/07
elkarrizketa
Ametsen sustraiak eta Sustraien ametsak
Amets eta Sustrai, Sustrai eta Amets: Ipar Euskal Herriko bertsolaritzak azken urteotan emandako fruiturik azkarrenak. Inoiz oholtzan lehiakide izanagatik, lagunminak dira ezer baino lehen. Herri batetik bestera, etengabe tenperatura hartzen ibiltzeak dakarren esperientziak eraginda, kezka bera darabilte biek: nola litekeen, euskara asko maite omen duten hamaika gazte, beti erdaraz aritzea. Inork esplikatuko al die? Ondorengo orrialdeotan, Amets galdezka ari zaio Sustrairi, eta Sustrai Ametsi. Lagunartean, baina zorrotz. Hil honetan hasiko den Bertsolari txapelketa nagusian elkar neurtuko dute.       

Sustraik Ametsi: "Gure begiz ikus dezakegu euskara hiltzen"
Amets Arzallus. Hendaiarra. Azaroan 22 urte beteko ditu. Oso gaztea izanagatik, kazetari gisa makina bat lan egindakoa da. Futbolzale amorratua, gol ederrak sartu ohi ditu oholtza gainean.

Zure datuak irakurtzen hasi, eta leku gehienetan hala jartzen du: Amets Arzallus, bertsolaria eta kazetaria. Bertsolaria lehenik?

Bi horien artean aukera jarri ezkero, bai. Baina bertsolaria ote zen galdetu, eta Lazkao Txikik emandako erantzuna ezaguna da, ezezkoa, alegia. Horrek zer pentsatua ematen dit; ez, behar bada, ni bertsolari banaizen edo ez naizen pentsatze aldera, baina bai bertsolari izatea zer den pentsatze aldera.

Beraz, zer da zuretzat bertsolari izatea?

Ez dakit. Zertarako behar dira bertsolariak? Entretenimendu hutsa gara? Goiko jauntxo jendea harrikatzea da oraindik gure rola? Badugu funtzio hezitzailerik eta gaitasunik horretarako? Edo telebistari gertatzen zaiona gertatzen zaigu? Batzuetan bai, agian. Belarriak zabalik dituenari, egoera askoren aurrean begiak zabaltzea ez da helburu txarra, eta are gutxiago, irribarrea ere zabaltzen bazaio bertso borobil baten bitartezÂ…

Bertsolaria bazara ala ez zara, beraz?

Oholtzan nagoenean bertsolaria naiz. Handik kanpo ez. Baina saioa hasten denean, eta oholtzara igotzen naizenean, derrigorrean izan behar dut bertsolari. Berrehun lagun isilik eduki, eta zuri mikrofonoa ematen badizute, badago motiboren bat, eta ardura bat ere bai, ahal bezain ongi bete behar duzuna. Ordaindu ere horregatik egiten digute, bertsolari izatearren, esandako lekuan eta esandako orduan. Bestela iruzurra litzateke. Izango zara ona edo txarra, baina han bertsolari zara. Handik kanpo ez.

Eta kazetaria bazara?

Tituluari begiratzen badiozu, ez. Baina batzuetan, iruditzen zait titulua gehiago dela paper puska hori ez edukitzea, edukitzea baino. Izan ere lau urtetan zer ikasi dudan pentsatzen jarri ezkero... 

Kazetari lanak egindakoa bazara, behintzat: elkarrizketak, iritzi artikuluakÂ…

Horietan, saiatu naiz ahal nuen ongiena egiten. Baina kazetari, denak gara momentu batean ez bada bestean. Herriko txutxumutxuak beste bati kontatzen ari garen momentuan, bagara kazetari. Kontua da, batzuk mila begi edo belarrirentzako egiten dutela, eta besteek bizpahirurentzako. Batzuk zorroztasun handiagorekin eta besteek txikiagorekin. Batzuk ofiziokoak direla, eta beste batzuk afiziokoak, baina askotan, afiziokoak kazetari profesionalagoak eta zorrotzagoak dira ofizioko asko baino.

Unibertsitatean ez duzula asko ikasi esan izan duzu. Zer da bada, ikusi duzuna?

Ez ditut irakasle denak zaku berean sartu nahi. Esku bateko behatzekin kontatzeko moduan agian, baina izan ditut onak, eta baita oso onak ere. Baina Javier Vizcainok esaten du unibertsitatean ez dela ezertxo ere ikasten, eta irakasle bakar batzuk kenduta, beste denak... ni erabat ados nago. Ikasleak ez ditut oso motibatuta ikusi, eta gainera, irakasleak laguntzen baldin badio motibazioa galtzen, akabo.

Eta irakasleeen hizkuntza mailari dagokionez, zer?

Ez digute euskara beste hizkuntzarik erakutsi, eta euskara bera ere, entzutekoa zen askotan. Kazetari batek, hizkuntza ahalik eta gehien menperatu behar dituelaÂ… sei urteko umeak ere asmatuko luke. Unibertsitateko jauntxoek ez, antza denez. Bestalde, praktika oso gutxi landu dugu. Errektorea banintz, goizetan teoria emango nuke, eta arratsaldetan ikasleei egunkari bat, edo irrati programa bat eginarazi. Nahiz eta, gero, horiek zakarretara joan.

Euskara aipatu duzu, hori da zure kezkagai nagusienetakoa, ezta?

Bai, nahiko kezkagarria baita egoera. Hendaian ikastolan ikasi dugun ikasle denok ezagutzen dugu elkar, eta gutxi gehiago, badakit orain, horietatik zenbatek hitz egiten duten euskaraz. Hendaiak 14.000 biztanle ditu, eta ikastolan, gure klasean hamaika ikasle ginen. Gure urte bereko gainontzeko hendaiar neska mutil guztiek, eskola frantses batean ikasi dute, eta ez daki inork euskaraz. Baina okerrena da, klasean gu ginen hamaika horietarik, orain kalean euskaraz bizpahiruk hitz egingo dugula. Besteei martxa honetan ahaztu egingo zaie.

Egoera kezkatzeko modukoa da, bai.

Adinekoengana joan, eta harrituta nago Hendaian zenbat jendek dakien euskaraz, gehiengo batek, bai. Aldiz, gure adinekoen artean, %5 izango gara agian, eta hitz egiten dugunak %2 edo. Senez ateratako zenbakiak dira, baina bi belaunalditan euskara lurreraino jaitsi bada gure herrian, beste bi belaunalditan lurazpian sartuko da.

Ez dago itxaropenik?

Itxaropen printzak etortzen dira handik eta hemendik, baina zantzu txikiak dira, ez egoera iraultzeko bestekoak. Gainera, beti politikoen zain egotea alferrik da, euskara guk atera behar dugu lehenik, guhaurrek, eta politikak lagundu ezkero, hobe. Baina hitz eder asko eta kontzientzia gutxi sumatzen dut inguruan. Ez bada benetan, azkar, zerbait egiten, guk gure begiz ikusiko dugu gure herrian euskara hiltzen. Badakit mezu negatiboak ez duela asko laguntzen, baina ez nago ziur, gure burua engainatzeak gehiago laguntzen ote gaituen.

Ametsek Sustrairi: "Denak ez gara txapelketari begira bizi"
Sustrai Colina. Urruñarra, 22 urte. Iaz bukatu zituen zuzenbide ikasketak Baionako unibertsitatean, eta geroztik, ahal bezain ongi bizitzera dedikatzen da. Denbora goitik-behera aprobetxatu behar dela-eta, Bidanira autoan goazela jarri dut grabadora martxan.

Zer moduz uda, Sustrai? Saio asko izan al dira?

Udan, alde batetik bestera ibiltzea tokatzen zaigu, eta azkenerako, saio asko pilatzen dira. Aurten, gustura eta tenple onean jardun naiz, saioak zetozen bezala hartuz. Gainera, tartean hartutako astebeteko oporraldiak aurrera segitzeko arnasa eman dit.

Orain udazkenari begira, ezta?

Bai. Aurtengoa txapelketa urtea da, eta lehiak ahalegin berezia eskatzen du beti. Etxean lan pixkat egin, bertso eskolan bildu, saioz-saio konfiantza hartzen joanÂ… Ez dira gutxi txapelketara ongi iristeko egin beharreko lanak. Dena den, bertsoa ez da zientifikoa, eta prestaketa ez da beste diziplina batzuetan bezain matematikoa.

Zenbateko garrantzia du txapelketa batek bertsolari baten ibilbidean?

Txapelketa garrantzitsua da, baina ez da garrantzitsuena. Denok egon nahi izaten dugu goian, eta plazaz-plaza ibiltzen hasteko eskaparaterik luzituena da. Baina herriz-herriko ibileran sartu ahala, jabetzen zara asteroko plazetan kunplitzeak balio duela, plazak egiten zaituela bertsolari.

Orduan, zergatik bizi gara denak txapelketari begira?

Komunikabideen presentzia eta tratamendua zabala delako, lau urtean behin egiten dena garrantzitsua delako, jendeari lehia eta lehiaren inguruko morboa izugarri gustatzen zaizkiolako, norgehiagokazko gizarte batean bizi garelakoÂ… Hala ere, ez dut uste denak txapelketara begira bizi garenik. Bertsolaritza txapelketara mugatzen duena oker dago.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Txapelketa iceberg-aren muturra dela, eta azpian badaudela garrantzia handiko beste mila arlo eta proiektu. Bertso eskolak, Bertsozale elkartea, plazaz-plazako saioak, Xenpelar dokumentazio zentroa, munduko beste inprobisatzaileekiko harremana... harrigarria da,  ikusten dugunarekin bakarrik itsutzeko dugun gaitasuna.

Bertso eskolak aipatu dituzu, eta zu bertso eskolatik pasea zara. Zer eman dizu bertso-eskolak?

Bertsotan egiteko trebakuntzaz gain, lagunarte bat, hizkuntzarekin jolasteko tresnak, bertso-mundua barrutik ezagutzeko aukera... Oso estruktura aberatsa iruditzen zait, bertsoaz haratagoko ikuspegitik begiratuta. Sinetsita nago, hizkuntzaren erabilera pobretuari buelta emateko tresna bat izan litekeela.

Hainbeste kezkatzen al zaitu euskara mailak?

Euskaldun bezala asko, eta bertsolari bezala gehiago. Hasi da bertsolarion jardunean eragiten, eta baliteke eragina areagotzea. Nola asebeteko dugu hizkuntzaren jolasekin gozatzen ez dakien jendea?

Norena da errua? Zer egin daiteke arazoa konpontzeko?

Denona, seguru aski. Hezkuntzan "handi" eta ez ˝aundi˝ idaztea jotzen da garrantzitsutzat, hedabideetan erderakada barkaezinak bolo-bolo dabiltza, kalean "hi" esateko partez, "tio" esaten da, etxean denak telebistari begira, eta telebistan politikari bat euskararen aldeko konpromisoa erdaraz aldarrikatuz... Horrela ezin da.

Berria egunkarian idatzitako zutabeetan, nabari zitzaizun ez zaizkizula politikariak asko gustatzen...

Zer nahi duzu esatea. Gehienak txarrak iruditzen zaizkit, eta beste asko aurkeztezinak. Zuk zerbait gaizki egiten baduzu, ez dago nagusiaren errietatik libratuko zaituenik. Hauek beti bilatzen dute zerbait okerragoa egiteko modua. Gainera, ideologia eta soldata nahasten direnean, gutxi dira euren burua saltzen ez dutenak.

Bertsolariak askotan saltzen al du bere burua?

Uste dut gehienak saiatzen garela gure ideia eta printzipioei ahalik eta fidelen izaten. Baina egia da, batzuetan, salduta gelditzen garela, bat-batekotasunarengatik, gaiarengatik, ala geure abilezia faltagatik. Ez dugu sekula dena kontrolatzen, eta momentuko maldizioak ez dizkigu inork kentzen.

Nola kantatzen zaio ezagutzen ez den gai bati?

Inondik ezagutzen ez den gai bati nekez botako zaio bertso onik. Halakoetan, ahal den gutxiena eroriz egin behar izaten da bidea. Ezer esan gabeko bertsoak osatuz, eta entzuleek gaiari buruzko zuk baino datu gehiago ez daukatela suposatuz. Ez da trantze ederra izaten.

Oholtza gainean pasatuko zenuen momentu txarrik...

Bai, baina ez dut hil ala biziko apururik sekula izan. Denok izaten ditugu egun txarrak, denok dauzkagu alde egindako bertsoak, baina zorionez, plazaz-plazako ibiliak horiek disimulatzen, eta une oro nola jokatu erakusten dizu.

Plazak erakusteko daukana luzaroan ikasten segitzeko prest?

Gustura nabilen artean, eta ibiltzeko aukera dudan artean, zergatik ez. Ez litzateke seinale txarra. Hala ere, bapo kostako zaigu Joxe Agirreren ibilerak berdintzen!

Sustraik Ametsi



Etsaien etsaia ta
lagunen laguna,
zainetan daramana
naturaltasuna.
Bertsolari abila
puntako hiztuna,
eskatu gabe asko
ematen diguna.

Ametsek Sustrairi



Disziplina estuan
lanean serio,
nahiz bertsoak irripar
txikitik jario.
Kritiko zorrotz baina
onei laudorio,
hitz lauz eta lau hitzez
laburtzen jenio,
eta kantuan gaina
zeinek hartzen dio?