AMESTU, AURKITU, ESPLORATU

AMESTU, AURKITU, ESPLORATU https://www.gaztezulo.eus/albisteak/amestu-aurkitu-esploratu/@@download/image/blog2017.jpg
2019/01/08
erreportajea
AMESTU, AURKITU, ESPLORATU

“Amestu, aurkitu, esploratu” da Zeroazpitik proiektuaren leloa. Mark Twain idazlearen hitz hauek oso esanguratsuak dira Zeroazpitik bizitza filosofiaren ikuspegian. 2013. urtean Bergaran sortutako ideia bat izatetik gaur egun errealitate ukigarria da proiektua. Lumadun berokien marka berri bat sortzea izan zen ideia, kalitate eta prezioan oinarrituz gaitasun termiko bikaina eskainiko duen berokia sortzea hain zuzen. Egun helburu hori lortuta, harago joan nahi izan du eta abenturazale gazteei laguntza eskaintzen dio Zeroazpitikek, gazte hauek proiektuaren kide izatera igarotzen direlarik. Horrela, kide abenturazaleek aukera dute mundu zabaleko basamortu, hormatzar eta mendi multzoak amestetik aurkitu eta esploratzera pasatzekoa.

TOUR DES ECRINS
Ibon Santos da Zeroazpitik kide abenturazaleetako bat. Alpeetako hiru ipar paretak igo zituen negu betean. Mont Blanc mendi multzoa bezain ezaguna ez izan arren Les Ecrins izeneko Alpeetako ingurumen ezezagun eta basati honek hainbat mendi eta berrogeina glaziar eskaintzen ditu mendizaleen gozamenerako. Gailur altuena Barre des Ecrins da eta 4.102 metro ditu. Horrez gain, bost egunetako eski zeharkaldia ere eskaintzen du eta Ibon Santosek zeharkaldi hori burutu zuen Barre des Ecrins, Grande Ruine edota La Meike bezalako mendi gailurrak zapalduz. Mendi zeharkaldi horretan izotzak eskainitako irudi zorrotzak eta elurtutako paisaia epelagoez gozatu ahal izan du eta inoizko izar argitsu eta zoragarrienak behatu ahal izan ditu Zeroazpitik berokiak eskainitako babes goxoan.


UTAH
2.000 urtetan zehar Amerikar Indioen bizilekuan izan zen Indian Creek ingurumen eder eta magikoa. Bertako hormatzar itzelezkoak izan dira betidanik Unai Arrieta eta Mikel Arrueren ametsetako bat eta Zerozazpitik proiektuari esker ametsa bete ahal izan zuten. Garaiko indioek are-harrizko hormetan egindako marrazkiak ukitu ahal izan zituzten beren eskuez eta bertako hormen zirrikitu katramilatsuak ezagutu. Bertan gozatu eta sufritzeko aukera izan zuten horma ugarien babesean. Basamortuko gau hotz bezain ikusgarriak ere ezagutu ahal izan zituzten lumadun beroekin babesean. Baina batez ere, abenturaren aitzakian western kutsuko horma hipnotikoak eskalatzeaz gain, indiarren kulturaren inguruan ikasitakoak beraien bizitzak aberastu zituzten ordutik mundua beste begiekin behatuz.

MIYAR VALLEY
Julen Berrueko, Josu Linaza eta Asier Perez gazte indartsuen helburua Indiako Miyar Valley zen eta bertako bide zail zein itzelezkoak ezagutu ahal izan zituzten Zeroazpitik proiektu zein berokiei esker. Indiako iparraldean aurkitzen den bailara da Miyar Valley. Esplorazio alpinismorako eta haitz eskaladarako leku ezin hobea, 3.000 metrotatik 1.000 metro baino gehiago granitozko eta izotzezko hormak baitira eta eskalada mistorako ere pareta ederrak badaude bertan. Glaziar eta mendi ikusgarriz inguratuta esplorazio eta bide berriak ibiltzeko aukera paregabea izan zuten hiru gazteek eta ohartu ziren helburua ez dela helmuga baizik eta bidean sendo jarraitzea etengabe ametsak eraberrituz.

HEGO AMERIKA BIZIKLETAN
Ipar Ingalaterran zuen bizitza eta lan erosoa abandonatu zuen Ana Zamoranok eta unibertsitatetik ezagutzen zuen Esti Gorbeak lagundurik Q Pacha Mama proiektua martxan jarri zuten. ONG batentzat dirua bildu beharrean beraiek izan ziren laguntza eskaini zutenak Hego Amerikan bertan momentuko beharren arabera. Helburu horrekin Hego Amerika bizikletaz zeharkatu zuten Patagoniatik Hego Amerika guztia pedalei eraginez: Txile, Bolibia, Peru, Ekuador, Kolonbia, Panama... Q Pacha Mama proiektu irekia zen eta bertan egon nahi izan zuen Zeroazpitikek, beti abenturaren lorratzean. Bi emakume hauen helburua batez ere Ekuador, Peru eta Bolibiari babesa ematea izan zen. Bazekiten deserosotasun eta zailtasunez betetako bidaia izango zela eta hain zuzen hori zen erakargarri zitzaiena. Ez dute inoiz bizitza estilo perfektua bilatzea helburu izan, hau da etxe bat, familia tradizional bat, hipoteka... beraientzat hori ez da zoriontasuna. Eroso zeuden tokitik atera nahi zan zuten eta horretarako bizikleta iruditu zitzaien garraiorik egokiena beste garraio moduekin iritsi ezin zitezkeen lekuetara iristeko aukera eman baitzien. 9.500 Km eta urtebete baino gehiago iraun zuen abentura honetan ingurukoei laguntzeaz gain oinarri soziala duen dokumental bat prestatzeko materiala ere bildu zuten. Besteei laguntzean ohartzen baitzara lekurik ederrenak pertsonen bihotzetan aurkitzen direla.



Hain zuzen, elkartasunarekin erabat lotuta dago Zeroazpitik proiektua. Besteak beste “Oxigenoa euskarari 6.000 metrotan” egitasmoan parte hartu zuen. Egitasmo honetan 15 gaztek nepalera bidaiatu zuten euskara bertan erakusteko asmoz eta Euskara-Sherpa hiztegia sortzeko helburuarekin. Horrez gain, Ibra eta Txikonek martxan jarri zuten “Bolt Project” ekimenean ere Zeroazpitik aurkitzen da. Bertan Nepaleko neska eskalatzaile talde bati euren helburuak lortzeko laguntza ematea zen asmoa eta baita lortu ere.

Baina egitasmoak egitasmo, helbururik handiena pertsona moduan haztea da, duten pasio hori mundu hau hobetzeko erabiltzea nolabait. Argi dute hori Zeroazpitik egiten duten guztiek eta hemen aipatutakoak bezalako proiektuei hauspoa ematen jarraituko dute, ez baitago deus bideak sendatu ezin dezakeena.