Amazon enpresak langileentzako gogoeta-kabina sortu du

Amazon enpresak langileentzako gogoeta-kabina sortu du Multinazionalak lantokietan kokatzeko 'Amazen' izeneko kabina egin du, langileak bertan sartu eta euren ongizate emozionalari arreta jartzeko. Proposamenak zalaparta eragin du sare sozialetan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/amazon-enpresak-langileentzako-gogoeta-kabina-sortu-du/@@download/image/amazon kabina.png
2021/06/09

Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Multinazionalak lantokietan kokatzeko 'Amazen' izeneko kabina egin du, langileak bertan sartu eta euren ongizate emozionalari arreta jartzeko. Proposamenak zalaparta eragin du sare sozialetan.
Amazon enpresak langileentzako gogoeta-kabina sortu du

Zeresana sortu du sare sozialetan Amazonen azken burutazioak. Langileen segurtasuna hobetzeko duen programak pentsatutako neurri berria elkarbanatu zuen sarean Amazon enpresaren komunikazio kontuak eta berehala astindu ditu bazterrak. Izan ere, zintzilikatu zuten bideoan telefono kabinaren antzeko espazio itxi bat agertzen da, Amazen izenekoa; enpresako langile eta Amazen-en sortzaile den Leila Brownen arabera, kabina horren funtzioa langileak bertan sartu eta euren ongizate mental eta emozionalari arreta jartzea da.

Kabina interaktiboa dela azaldu dute bideoan, eta osasun mental eta gogoeta praktikez osatutako liburutegi digitalean nabigatu daitekeela bertako ordenagailuan, langileak "barneko bateria karga dezan". Kabina eramangarri hauek langileak estresatuta dauden lantokietan kokatzea da asmoa, estresak euren errendimenduan eragin dezakeelako. Ideia honek kontrako iritzi asko eragin ditu sare sozialetan eta bideoa ezabatzea erabaki du Amazonek. Sare sozialetan zabaldu diren mezuen artean honakoak idatzi dituzte: "Amazonek negar egiteko txokoa asmatu du" edo "kapitalismoaren izu-gelak; ez, barkatu, kabina interaktibo indibidualak".

Jeff Bezos multinazionalaren sortzaileak langileak txandakatzeko algoritmo sofistikatu batzuk ezarriko zituztela jakinarazi zuen duela gutxi. Algoritmo hauek erabilita, langileen lan-karga euren gihar eta hezurduraren arabera banatuko dute. Ohikoa izaten omen da txandakatze sistema manufaktura-industrian, baina ez zehaztasun honekin. Amazon enpresarekin kritiko direnei orain arteko ustea berresteko balio izan die honek, hau da, pertsonak ez, baizik eta datu-bilduma hutsa direla langileak eurentzat; nahiago dutela horrelakoak egitea langileei atseden hartzeko denbora-tarte handiagoa eta lan-karga txikiagoa ematea baino. 

Amazonen biltegietako lan-baldintzak hala moduzkoak direla salatu izan dute lehen ere. Denbora ez galtzeko langile batzuek poteetan pixa egiten zutela ohartarazi zuten txostenak argitaratu zituzten, esaterako. Bestetik, Estatu Batuetan dituzten zentroetako langileek izandako lesio larrien kopurua sektoreko batez bestekoa baino hiru aldiz handiagoa dela zabaldu zuen ikerketa batek. Enpresak salaketak izan ditu lesio horien berri ez jasotzeagatik eta baita langileek ofizialki jakinarazitakoak ezkutatzeagatik ere. Lesioak murrizteko, segurtasun proiektuetan 300 milioi dolar inbertitzeko asmoa duela jakinarazi du eta 2025erako erdira jaistea espero dute.