Amatasun feministak
Erika Lagoma Pombar eta Estitxu Fernandez Maritxalarren M ama*eme* ume* liburua amatasunaren inguruan osatutako lekukotza liburua da, batez ere amei eta amatasunari ahotsa ematera datorrena. Jendartera iristen diren ama ereduak, amatasuna etxe barruan modu pribatuan bizitzera kondenatzen dutenak, oso zapaltzaileak direlakoan, benetan amak egin nahi duen hori egiteko bide ematen duten ereduak topatu nahi izan dituzte. Amatasun bizigarrien ereduen bila abiatu dira eta, horretarako, amei eurei galdetu diete, izandako bizipenak konta ditzatzen beren ahotik.
Beharrezkoa iruditu zaie etxeko pareten artean gertatzen denari ikusgarritasuna ematea, bestela ez dela existitzen baitirudi. Horrela, lor daiteke jaso duguna deseraikitzea, inposatutako amatasunak eraistea eta bizigarriak direnak sortzea. Izan ere egileek dioten moduan, amatasunak funtzio eta eragin sozial handia du, aitortu nahi ez bada ere, eta sistema, bizitza bera, ez da jasangarria amek doan egiten duten lanik gabe.
Agerikoa da amatasuna ukatzeko joera izan dela, amatasunaren instituzioak izugarri zapaltzen zuelako emakumearen garapena. Amatasun neoliberalean norbere errealizazioa lanaren bidez gauzatu behar dela ikasarazi digute, eta umeak horretarako traba direla. Hala azaldu dute liburuaren egileek eurek: “Feminismoak lan itzela egin du –eta eskerrak– amatasunaren instituzioa ukatzen, baina, horrekin batera, nahita edo nahi gabe, amatasunaren bizipena bera ukatu du. Batzuetan, pausoak emateko hagitz muturrera jo behar da, baina iristen da garaia atzera begiratzeko eta ikusteko bide horretan zer irabazi dugun, baina baita zer galdu dugun eta zer berreskuratu beharko genukeen ere”. Euren asmoa, lekukotza hauen bidez, bi eredu inposatu horiek arrakalatzen jarraitzea da, jendartean ere horretan ari baitira asko.
Hamahiru lekukotza jaso dituzte, hamaika emakumezkorenak, profil ezberdinetakoak: erditu direnak eta ez direnak, ama ez izatea aukeratu dutenak, ama bakarrak, banatu diren amak, adopzio bidezkoak, amamak, migrariak, ama lesbianak.. Eta gainerakoak bi aitaren testigantzak dira.
Askotariko esperientziak kontatzen dituzte protagonistek: amatasuna eta gaixotasuna, indarkeria matxista, indarkeria obstetrikoa, migrazioa eta seme-alabengandik urrun bizi beharra, osasun mentaleko arazoak, galdutako umeak eta doluak…
Protagonisten hausnarketa eta bizipen interesgarri asko bildu dituzte liburuan: zaintzari ematen zaion balio hutsala, zaintza eta heziketa ereduak zalantzan jartzearen premia, antzeko esperientziak bizi dituztenekin konpartitzearen garrantzia, zaintzailea zaintzea, umeen beharrak kontuan hartzea, auto-epaiaren eta bakardadearen gordintasuna, ahaldundua sentitzea, materialismotik eta indibidualismotik askatu izana, amatasunaz hitz egiteko espazioen beharra, adin guztietako jendearen arteko elkarbizitzaren nahia, norberaren mugak eta izatea ezagutu eta onartzea, sare zabalaren beharrizana, seme-alabei denbora eta presentzia ematea, baldintza unibertsalak zaintzarako….
Ez luke beharrezkoa izan beharko, baina badaezpada argi utzi nahi dut ez dela amek bakarrik irakurtzeko liburua. Amak direnek, amak ez direnek, aitek, aita ez direnek… jendarte honetako parte den edonork gozatuko du irakurketaz. Ezin baitugu guztioi eragiten digun gaia bazterturik izaten jarraitu.
Feminismoan ere amatasunari merezi duen tokia emateko bidea ireki dezake liburu honek, eredu gabeziari aurre egin, beste molde batzuk mahai gainean jarri eta orain arteko bakardade, epaiketa, eta erruduntasun sentimenduari aurre egin ahal izateko. Amatasunak feministago eta antikapitalistago egin dituela aipatu dute emakume batzuek, eta amatasun feministak eraikitzeko bidean pausoak ematen jarraitzea dagokigu orain.
FITXA TEKNIKOA:
Izenburua: M ama* eme* ume*
Egilea: Erika Lagoma Pombar eta Estitxu Fernandez Maritxalar
Argitaletxea: Elkar
Orrialde kopurua: 317
