Amaren Alabak taldearen kontzertua izango da larunbatean Iruñean

Amaren Alabak taldearen kontzertua izango da larunbatean Iruñean Kantua eta koreografia uztartzen ditu Zuberoako taldeak emanaldietan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/amaren-alabak-taldearen-kontzertua-izango-da-larunbatean-irunean/@@download/image/AMAREN-ALABAK-1024x565.jpg
2022/05/12

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Kantua eta koreografia uztartzen ditu Zuberoako taldeak emanaldietan.
Amaren Alabak taldearen kontzertua izango da larunbatean Iruñean

Karrikiri elkarteak Amaren Alabak taldearen kontzertua antolatu du larunbaterako, hilak 14, Kondestablearen Jauregiko patioan, eguerdiko 12:30ean. Amaren Alabak emakume zuberotarrez osatutako musika taldea da. A capella kantatuz, emanaldietan kantuak koreografiaz laguntzen dituzte, eszenografia xume batekin.

Nagusiki euskaraz kantatzen badute ere, bestelako kantak ere sartzen dituzte beren errepertorioan, hala nola frantsesez, okzitanieraz, gazteleraz eta portugesez. Zuberotar tradizioko kantu moldea eta eragin modernoak nahasten dituzte.

Maider Bedaxagar, Graxi Bedaxagar, Lüxi Agergarai, Arantxa Camus, Ihitz Iriart eta Maika Etxekopar zuberotarrak dira Amaren Alabak taldeko kantariak. Jean Mixel Bedaxagarrek sorturiko Ama ikuskizunaren harira sortu zen taldea, eta emaitza ona ikusirik aurrera jarraitzea erabaki zuten. Ondoren Zuberoako kantu txapelketa irabazi zuten, eta geroztik bi disko argitaratu dituzte, Anderegatik (2007) eta Plazandere (2013). Hostoak ikuskizunean parte hartu dute, Kukai eta Oreka TX taldeekin, eta 2019an hiru abestitako EPa atera zuten Jon Jupiterrekin batera.