Amaia Remírez: "Haitiko ikuspegi berri bat zabaldu nahi dugu munduan"

Amaia Remírez: "Haitiko ikuspegi berri bat zabaldu nahi dugu munduan" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/amaia-remirez-haitiko-ikuspegi-berri-bat-zabaldu-nahi-dugu-munduan/@@download/image/amaia_remirez_g_1423574996.jpg
2015/02/10
elkarrizketa
Saioa Baleztena @SaioB
Pasa den ostiralean abiatu zen Bartzelonan Euskal Etxeak antolatzen duen euskal zinema jaialdiaren hamargarren edizioa. Aurten, bi sekziotan banatu dute egitaraua: fikzioa eta dokumentala. Aste honetan, Sail Ofizialaren baitan lehiatzen diren sei dokumentalak ekarriko ditugu gurera.


Raul de la Fuentek zuzendutako I am Haiti dokumentalak estreinatu zuen otsailaren 6an Zinemaldia.cat. 2013ko maiatza eta ekaina bitartean errodatu zuten Haitin, herrialdeari aitortu ohi zaion kalamitatetik ihesi, bertako gizartearen ikuspegi berria helaraztea helburu duen dokumentala. Amaia Remírez ekoizle, zuzendari laguntzaile eta gidoilariarekin izan gara.

Nolakoa izan zen I am Haiti errodatzea?
Zoragarria. Raúl de la Fuente zuzendariarentzat eta niretzat, gure bizitza profesionaleko hilabeterik zoriontsuenak izan dira. Errodajean ezagutu genuen jendearengatik, baina baita Haitik eta Puerto Principe hiriburuko kaleek daukaten indarra eta xarmarengatik. Goizaldeko lauretan hasten genuen errodajea argirik ederrenak topatzeko, eta hiria nola altxatzen ikustea ikaragarria zen.

Haitiri aitortu ohi zaion irudi negatiboaren gainetik azpimarratu nahi izan duzue bertako jendeak duen indar eta energia. Non sortu zen ideia?
Alejandro Pacheco ekoizle donostiarrak jakinarazi zuen, nirekin batera, Haitin izan zituen bizipenetan sortu zen ideia. Berak bi urte zeramatzan han lanean gu errodatzera joan ginenean, eta oso argi zeukan Haitiren ikuspegi guztiz ezberdina erakutsi nahi zuela. Indarra eta gogoarena, eta ez kalamitatea eta laguntza eske bizitzearena. Izan ere, herrialdeak ez du merezi mass mediek eraiki dioten irudia.

Celeur eskultorearen esperientziatik abiatzen da dokumentala. Nolakoa izan zen berarekin konpartitu zenuten esperientzia?
Errodajeko momenturik berezienetako bat bizi genuen berarekin. Celeur benetako artista da, eta barne unibertso erraldoia baitauka. Bere tailerra, Atis Retistanz kolektiboarekin bat, artisten auzo txiki batetan kokatzen da, hiriburuko parte zaharrean. Han eskulturak, artea eta zaborra multzo berdinetan pilatzen dira, eta kreazio energia ikaragarria nabaritu daiteke. Celeur lagun hartuta, bere auzoan ibili eta taberna batetan garagardo batzuk hartzea soilik, esperientzia ikaragarria izan zen.

Erraza izan al zen bertan grabatzea? Zein zen bertakoek kamaren aurrean izaten zuten erantzuna?
Atzerritarra izanik zaila da Haitin grabatzea. Uholde eta lurrikaren harira, gehiegitan iritsi izan dira kamarak jendea miseria artean grabatzera, euren bizitzako momenturik gogorrenak bizitzen zituztenean... Horregatik, gogaitu egiten ditu kamara atzean dagoen kanpotarrak. Baina guk konfidantza bilatu genuen, geure helburua argi azalduz, eta beraiek ere proiektuaren parte izan zitezen. Haitiko ikuspegi berri bat zabaldu nahi dugu munduan, bertako edertasuna, indarra eta nortasuna erakutsiz.

Dokumentala Zinemadliaren 62. edizioan, Zinemiran, aurkeztu zenuten eta orain Bartzelonara iritsi zen otsailaren 6an. Zer nolako garrantzia izan du zuentzat Kataluniako hiriburuan aukeratuak izateak?
Guretzat oso garrantzitsua izan zen, gure lana partekatzeko aukera itzela zen heinean. Bartzelonako ikuslegoak gozatu izana espero dugu!
 

I AM HAITI - Trailer en castellano from KANAKI FILMS on Vimeo.