Amaia Agirre bertsolariak irabazi du I. Señora sariketa

Amaia Agirre bertsolariak irabazi du I. Señora sariketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/amaia-agirre-bertsolariak-irabazi-du-i-senora-sariketa/@@download/image/AMAIA.jpg
2021/05/10

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta

Amaia Agirre bertsolariak irabazi du I. Señora sariketa

Larunbatean jokatu zen I. Señora lehiaketaren finala Lesakan eta Amaia Agirre villabonarrak eskuratu zuen garaipena. Harekin batera aritu ziren kantuan Haizea Arana, Miren Artetxe, Paula Amilburu, Saioa Alkaiza eta Onintza Enbeita. Ainhoa Larretxea izan zen bertsolariei gaiak jartzeko lanean aritu zena. Finalaren aurretik Mutrikun eta Aramaion jokatu zituzten sailkapen saioak eta lau bertsolarik lortu zuten txartela. Enbeita eta Agirre, berriz, azken saioko ohorezko señora gonbidatuak izan ziren. 

Emakume bertsolari eta bertsozale feminista batzuek sortu dute sariketa eta Bertsozale Elkarteak ere babestu du ekimena. Maider Agirre bertsolari eta antolatzaileak adierazi duenez, <<belaunaldien arteko sarea indartzeko eta emakume bertsolarien ahalduntzean sakontzeko>> sortu dute sariketa. Beste lehia mota bat egitearen garrantzia azpimarratu dute, umorea ardatz hartuta. Horrez gain, emakume helduek plazan kantatzeko duten zailtasunaz ohartuta, <<zubi lana>> egitea dute helburu.