Ama paga!!!

Ama paga!!! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ama-paga/@@download/image/35p32-1_1368646128.jpg
2003/11/07
erreportajea
Vanesa Cerqueiro
Zer egingo genuke gazteok gurasoek aste-saria emango ez baligute? Patu petrala, benetan.

Aste-saria edo 'paga' da gazte askoren diru iturri bakarra. Gurasoek astero edo hilabetero emandako diru apurra gustura asko hartzen dugu gazteok, gure bizio txikiak eskuratu ahal izateko —litxarkeriak, zinemarako sarrera, egunpasarako gastuak, parrandatxoa egiteko…—. Zer egingo genuke diru apur hori gabe? Oro har, 'paga' lanean hasi arte eman ohi diete seme-alabei gurasoek —eta zorte pixka batekin, amonak, osabak, amabitxiak…—. Momentu gorena izaten da 'paga' jasotzekoa, ez baitago ezer dirurik gabe egungo gizartean. Askok hartu eta ziztu bizian gastatzen dute; ez da erreza diruzain ona izatea, ezta?  

Igandea 'paga' eguna zenekoa

Aspaldiko kontua dugu 'paga'-rena. Betidanik eman diete gurasoek seme-alabei diru pixka bat, euren beharretarako. Esaterako, Beizamako Anjel Alkain eta Bilboko Arantxa Ugarte erretiratuek gazte garaian (40ko hamarkadan) diru apur bat izaten zuten euren gastuetarako. Garai hartan, 'paga eguna' igandea zen, eta, oro har, egun horretan gastatzeko dirua zen 'paga', gazteak, gehienbat, egun horretan irten ohi ziren eta. "Bi pezeta besterik ez zizkidaten ematen eta horrekin, ardo pixka bat edo gaileta batzuk erosi ohi nituen; hori, gerra ondorengo kontua da, 1946koa. Hogei urte nituen orduan", esan digu Anjelek. Arantxak 4 pezeta jaso ohi zituen igandero 19 urte zituenean. Hori pagotxa! "Zinera joaten nintzen diru horrekin eta soberan nuenarekin gozokiak erosten nituen", esan digu emakume bizkaitar honek.

Garai batean baino sos gehiago

Zalantzarik gabe, garaiak aldatu egin dira. Batetik, gaur egun gozokietan eta zineman ez ezik, sosak gastatzeko aukera gehiago ditugu gazteok: kontzertuak, bideojokoak, dantzalekuak… Bestetik, igandeetan ez gainerako egunetan ere irten ohi gara kalera. Beraz, aste-saria, egun bakarrerako izan beharrean, astebeterako edo hilabete osorako da. Hori guztia dela eta, garai batean baino askoz ere diru gehiago jaso ohi dugu. "Egungo gazteek, oro har, diru asko izaten dute eskuartean, eta gehiago nahi izanez gero, eskatu besterik ez dute. Gurasoak malguak dira 'paga'-ren kontuarekin, garai batean baino malguagoak", esan digu Kike Zinkunegi Zarauzko kale hezitzaileak. Eta zertan gastatzen dugu amak, aitak edota amonak emandako dirua? "Gaztetxoek gozokiak erosten dituzte edo zinera joaten dira. Nagusiagoek tabernetan lagatzen dute paga: edarietan, tabakoan edo haxixean", esan digu Zinkunegik.

Hilean 50 euro

Batez beste, 50 euro jasotzen dituzte hilabetero Euskal Herriko gazteek, GAZTETXULO-k egindako galdeketaren arabera. Batzuentzat nahikoa eta beste batzuentzat, huskeria. "Nik astean 10 euro besterik ez ditut jasotzen: oso gutxi. Nire lagunei gehiago ematen diete. Diruarekin, afaltzera edo kanpora joaten naiz edo parranda egiten dut", esan digu Kristina Montoia 19 urteko iruindarrak. Beste hainbeste esan digu Alaitz Iturriaga 17 urteko laudioarrak. "Ematen didaten diruarekin ez nago batere konforme. Hamar euro jasotzen ditut astero, eta horrekin ez dut ezertarako. Koadrilako 'aprobetxategia' naiz".

Dena dela, badira diru gehiago ematen duten gurasoak: "Beharraren arabera ematen didate; adibidez, lagunekin festa edo afaria egiteko edo eguneko kontuetarako: autobusa, trena, opariak... Ezin naiz kexatu", esan digu Haitz Aldana 18 urteko ziburutarrak.

Aparteko diru bila

Zer da diru gutxi? Zer, asko? Zaila da zehaztea. Kontua da, hala ere, gazte batzuek "mirariak" egin behar izaten dituztela jasotako diruarekin hilabete amaierara heltzeko. Horrexegatik, askok lantxo batzuk egin ohi dituzte aparteko sosak lortzeko: haurrak zaindu, zerbitzatu, propaganda banatu… Ibon Saenz de Lafuente gasteiztarra horien artean da. "Ikaslea naiz, baina asteburuetan lan egiten dut. Gurasoek ematen didatenarekin ez naiz moldatzen, gastu asko baititut: gasolina, zinea, parrandak…", dio 22 urteko gasteiztarrak.

Mila esker, ama, zure eskuzabaltasunarengatik. Zer egingo nuke bestela?