Ama, materia eta sormenari buruzko erakusketa ipini dute Iruñean

Ama, materia eta sormenari buruzko erakusketa ipini dute Iruñean Egileak prozesu artistikoari buruz hausnartzen du hainbat diziplinaren bidez. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ama-materia-eta-sormenari-buruzko-erakusketa-ipini-dute-irunean/@@download/image/erakusketa.png
2022/05/24

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Egileak prozesu artistikoari buruz hausnartzen du hainbat diziplinaren bidez.
Ama, materia eta sormenari buruzko erakusketa ipini dute Iruñean

Juan Aizpitarte artistaren Mater instalazioa paratu dute Ziudadelako Labean ekainaren 26ra bitarte. Aizpitarte diziplina desberdinen inguruan hausnartzen duen egile polifazetikoa da, eskulturaren, instalazioaren, graffitiaren, hiri esku-hartzearen, performance-ekintzen eta edizio-proiektuak uztartzen dituena. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, "erakusketak zuzeneko erreferentzia egiten dio espazio hermetikoari (Hermes), zeinetatik barneranzko prozesu berriak sortzen baitira, baina baita materiari eta amari ere. Kulturaren jaiotza ahalbidetu zuten oinarrizko kontzeptuen –Gwer (beroa), Domo (aterpea), Hito (lurraldea) eta argia (espiritualtasuna)– mugakide den proposamena da. Instalazio eskultoriko honen aktibazioaren hondarrak iraganeko ekintza baten aztarna gisa erakusten dira, non publikoak kultuaren iruditeria esoterikoa berreraikitzen baitu".

Erakusketa asteartetik larunbatera bisitatu daiteke, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era. Igandeetan goizez egongo da irekita.

Esperimentazioan bidea egiten
Juan Aizpitartek Leioako EHUko Arte Ederretako fakultatean egin zituen  ikasketak, eskulturako espezialitatean, eta 1998an Bordeleko École Nationale Superieure de Beaux-Arts-en graduatu zen. Hiriguneak aztertu eta bertan esku-hartzen du espazio publikoan eta hari buruzko ekintzak eginez, mundu garaikidea zalantzan jarriz. Ikusizko arteen prestakuntza eta hezkuntza programak garatu eta kultura proiektuak ere dinamizatzen ditu.