Aluaren algara: alua mintzatuko balitz...

Aluaren algara: alua mintzatuko balitz... https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aluaren-algara-alua-mintzatuko-balitz/@@download/image/61p14-1_1365713565.jpg
2006/03/03
erreportajea
Aluaren algara: alua mintzatuko balitz...
Aluaren Algara izena dute. Bi ahots eta organu bat. Umorea eta lotsagabekeria. Hitz ironikoak eta antzerki tanto bat. Nahasketa bitxia, dudarik gabe. 

Nahasketa bitxia da Aluaren Algara. Proiektuak antzerkitik zerbait du, eta beste zerbait punkaren espiritutik. Kontua da, hirukote honek ez duela oraindik grabaziorik argitaratu, baina euren ibilbide laburrean, 40 bat kontzertu eman dituztela jada.

"Ez zaizkigu definizioak gustatzen; nahiz eta hori esatea betikoa dirudien. Jendeak gauza asko esan dizkigu Aluaren Algarari buruz, baina gauza horiek guztiak bateratuz gero, definizio bitxi samarra aterako litzaiguke: kasiotona-teknoa-probokatzailea-frikia-makarra-punka-gaurkoa-zuzena-80ko hamarkadakoa… Hala ere, oso talde freskoa garela esan digute. Behintzat, ez gara euskal rock erradikala, hori seguru", dioskute Zapak eta Txaskuen-ek, taldeko partaideek.  

Hitz ironiko eta zuzenak

Kanta bat edo beste euskaraz izan arren, abesti gehientsuenak gaztelaniaz ditu Aluaren Algarak. Eta abestien izenak, esanguratsuak dira: "Me voy a poner el culo en la cara", "Mi movil a matado a mi mama", "Euskal tabakoa", "Indigente" "Tuntuning-tuntunak"... izan ere, inguruari modu ironikoan begiratzea da hirukote honen ezaugarri nagusietako bat: "Ironia eta hitz jokoak erabiltzen ditugu sarri; jendea hausnarketara gonbidatuz, baina dotrina eman gabe", dioskute Zapak eta Txaskuenek.

Bi ahots eta organua

Taldeari dagokionez ere, bitxi samarra da Aluaren Algara: bi lagun ari dira ahotsetan, eta beste bat, organuan. "Taldea oso modu espontaneoan sortu zen", adierazi digute Zapak eta Txaskuenek: "Abiadura Handiko Trenaren aurkako asanbladak jaialdia antolatu zuen, eta guri zerbait egitea proposatu ziguten: antzerkia, musika… hasieran, gitarra eramatea eta bertsio batzuk abestea zen gure asmoa, besterik gabe. Baina behin batean, Landarbason hiru lagun elkartu ginen, eta umore giroan esandako txorakeriak paper batean apuntatu genituen. Gero, etxean, ijito batzuek oparitutako organo zahar batekin, mendian apuntatutako esaldi haei musika jartzen hasi ginen".

Hala ere, abisatu nahi dugu gure irakurlegoa: Aluaren Algara ez da inor erdibidean utziko duen talde horietako bat; edo oso ondo pasatuko duzue euren kontzertuetan, edo alde egingo duzue bi abesti entzun orduko. Beraz, zuena da erabakia: hemen da Aluaren Algara!