Altxa beso horiek, badator Marijaia!

Altxa beso horiek, badator Marijaia! Larunbatean (hilak 19) botako dute txupina, eta astebetez milaka hitzordu izango dira aukeran Bilboko Aste Nagusian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/altxa-beso-horiek-badator-marijaia/@@download/image/Aste_Nagusia2017_kartela.jpeg
2017/08/17
albiste-laburra
Larunbatean (hilak 19) botako dute txupina, eta astebetez milaka hitzordu izango dira aukeran Bilboko Aste Nagusian

Dena prest dago Bizkaiko hiriburuan Marijaiari enegarrenez ongietorria emateko! Badator hamar gaueko Aste Nagusi bilbotarra, bakarra munduan!

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako Nati Ovelleiro eta Askapeña konpartsako Ane Ortiz arduratuko dira udaletxetik pregoia eta txupina botatzeaz, hurrenez hurren. Aurreratu dutenez, eraso sexista, homofobo eta arrazista oro gaitzetsiko dituen festak eta festazaleak nahi dituzte.

Hiriko udalak mila hitzordutik gora eskainiko dituen egitarau zabala prestatu du. Tartean, urtero legez, bertso saioak, nazioarteko piroteknia lehiaketa, gastronomia lehiaketak, askotariko txapelketak (igel-toka, tiragomas, basket 3x3...), ohiko bilbainadak, aerobithoia, Areatza XX. Hiri Krosa...

Musikari dagokionez, gauero 23:30ean hasiko diren kontzertuak dira aipagarriak: Zea Mays (hilak 19, Abandoibarra), Amaral (hilak 20, Abandoibarra), Antonio Orozco (hilak 21, Abandoibarra), Gozategi 25 urte + gonbidatuak (hilak 23, Plaza Berria), Esne Beltza (hilak 24, Abandoibarra), Mclan (hilak 25, Abandoibarra). Bestalde, XXXII. Pop-Rock erakustaldiak ere zuzeneko interesgarriak ekarriko ditu gauero 20:00etatik aurrera Bilborock aretora.

Programa osoa www.bilbaoastenagusia.com webgunean kontsulta daiteke. Nahiago dutenek, ‘Bilbao Aste Nagusia’ aplikazioaren bitartez mugikorrean bildu ditzakete detaile guztiak.

 

 

BILBOKO KONPARTSEN EGITARAUA

Urtero bezala, Bilboko Konpartsek berezko hitzordu-programa parte-hartzaile eta herrikoia prestatu dute. Areatza izango dute erreferentziazko gunea eta, besteak beste, mus txapelketa, saskibaloia, kukaña, piraguak, xakea eta xipirois, makailo nahiz marmitako lehiaketak antolatuko dituzte, baita IV. Arrain Fish Festival-a ere, itsas-produktuetan eta slow food filosofian oinarritutako eguna.

Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioarekin (EHIKF) batera antolatuta eta Euskal Ligako 9. proba puntuagarri gisa, goitibehera jaitsiera egingo dute Aste Nagusiko lehen igandean, abuztuaren 20an, Zabalbide kalean behera.

‘Pasapotea’ ere izango da aurten. Helburua: festazaleek txosna bakoitzean gutxienez pote bat hartzea eta, horrela, pasapotea zigiluz betetzea.