Altsasuko gazteen gurasoek sinadura bilketa abiatu dute

Altsasuko gazteen gurasoek sinadura bilketa abiatu dute Babes eske, manifestu bat argitaratu dute, justiziak ez dezan auzia terrorismo delitu gisa bideratu https://www.gaztezulo.eus/albisteak/altsasuko-gazteen-gurasoek-sinadura-bilketa-abiatu-dute/@@download/image/Altsasuko_gurasoak_prentsaurrekoa.jpeg
2017/07/06
Babes eske, manifestu bat argitaratu dute, justiziak ez dezan auzia terrorismo delitu gisa bideratu
Altsasuko gazteen gurasoek sinadura bilketa abiatu dute

Iragan urriaren 15ean Altsasuko taberna batean jazotakoen ondorioz, herriko hamaika gazteri terrorismo-ekintza egotzi diete, tartean adin txikiko bi. Horietako zazpi behin-behinean espetxeratu zituzten, gerora lau karguekin askatu dituzte baina beste hiruk kartzelan segitzen dute.

Auzipetutako gazte hauen gurasoek gizarte zibileko eragile eta norbanakoen artean, kultura arloko pertsonalitate nahiz kazetarien artean sinadurak biltzeko manifestua osatu eta argitaratu dute.

Alde batetik, agintari eskudunei (Fiskaltza Nagusia, Auzitegi Nazionala eta Nafarroako Probintzia-Auzitegia) beren jarduna birplantea dezaten eskatu diete: “Proportzionaltasunaren, justiziaren eta ekitatearen printzipioak gailen daitezen” –eskatzen du manifestuak– “terrorismo-delituaren kalifikazioa ezabatzeko, eskumena Iruñeko 3. Instrukzio-epaitegiari bueltatzeko eta, ondorioz, zazpi gazteak aske uzteko”.

Izan ere, auzia terrorismo kasutzat hartuz gero, 10-15 urteko kartzela zigorra legokieki gazte hauei. Defentsaren hitzetan, ordea, Foruzaingoak eta Guardia Zibilak idatzitako lehenengo txostenek ezeztatu eta errefusatu egin dute gertaerak halakotzat kalifikatzea.

Eta, bestalde, herri-administrazio, hedabide, gizarte eta politika-eragile nahiz jendarteari ere zuzendu zaizkie, arduraz joka dezaten eta manifestuan jasotako eskakizunak bete ditzaten eskatuz. Izan ere, besteak beste, hedabideek gaia “neurriz gaindi” jorratu dutela uste dute eta, maiz, atxilotuekiko errugabetasun printzipioa kolokan jarri dutela.

 

Manifestua irakurri eta sinatzeko aukera hemen: 
 http://www.altsasugurasoak.com/eu/manifestuak/#wpforms-365