ALTER EGO: LANDER GARRO

ALTER EGO: LANDER GARRO Lander Garro Perez (Orereta, 1975) kazetari, idazle, argazkilari... Mingaina zorrotz eta bihotz bero. burmuina aktibatzen dituzten arlotan ezaguna bada ere, bizikleta du maitale sekretua. Hanka luzerik ez du behar gogoko lekuetara iristeko beraz, Jaizkibel mendiko puntan –eta sekulako euri zaparradari aurre eginez– azaldu zaigu Garro jauna, bizikletaren gainean, bizkor-bizkor. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alter-ego-lander-garro/@@download/image/ALTER_EGO_Garro.jpg
2017/06/16
elkarrizketa

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi Argazkia: Karobiphoto

Lander Garro Perez (Orereta, 1975) kazetari, idazle, argazkilari... Mingaina zorrotz eta bihotz bero. burmuina aktibatzen dituzten arlotan ezaguna bada ere, bizikleta du maitale sekretua. Hanka luzerik ez du behar gogoko lekuetara iristeko beraz, Jaizkibel mendiko puntan –eta sekulako euri zaparradari aurre eginez– azaldu zaigu Garro jauna, bizikletaren gainean, bizkor-bizkor.
ALTER EGO: LANDER GARRO

Jende gutxik ezagutuko du bi gurpilen gaineko afizio hau ezta?
Bai, ingurukoek eta beste gutxik batzuek, besterik ez. Dena den, esan beharra dut bizikleta afizio baino, nire pasioa dela.

Hara! Ezkutuko pasioa beraz...
Hala da; izan ere, jendeak afizio bat izaten du denbora pasatzeko eta niretzako hori baino askoz gehiago bada...

Zer adibidez?
Tramankulu beratik hasita, lehiaketatik pasata eta bizikletaren gainean ibiltzearen sentsaziora iritsiz. Are gehiago, jarrera politiko eta estetiko bat dela esango nuke.

Jarrera estetiko eta politikoa?
Bizikleta gizakiaren asmakizun industriala bada ere, ez da batere agresiboa, gizakiaren ibilkeran oinarritutako zerbait mekanikoa eta inori erasotzen ez diona baizik. Oso gauza noblea da bizikleta eta lehenengo pedalari eragiten diodan bakoitzean beste pertsona bat sentitzen naiz.

Ze pertsona?
Pertsona lasaiagoa, optimistagoa.... Haizea sentitzen dut, indarraren eraginez abiadura sentitzen dut... Ez da kirola –nahiz eta entrenatzen dudan–, gorputzaren indarraz abiadura eragitea oso gauza ederra da, benetan. Azken hamabost urtetan oso bizitza sozial-kulturala izan dut: musika, literatura... Bizikletaren gainean ez naiz idazle, Lander baizik. Bat gehiago izaten naiz.

Zein da bizikletaren gainena duzun lehenengo oroitzapena?
Lehendabiziko aldiz bizikletan ibili nintzen eguna, nire bizilagun Iker Otegiren etxean. Ikerren aitak – Jose Manuelek– atzeko parrilatik heldu eta laugarren bueltan bakarrik nindoala oihukatu zidan.

Eta sekula ahaztuko ez duzun momentua?
Sei bat urte nituela, aitak lehenengo lasterketa ikustera eraman ninduenean. Magia izan zen hura!

Bakarrik ala taldean aritzen zara?
Bietan, baina egia da txirrindularitzaz gehien gustatzen zaidan gauzetako bat taldea dela: lagunekin elkartzea, konplizitatea, bata bestea zaintzea... Errepidean zain geratzen gara besteak iritsi arte, janaria denontzako eramaten dugu, norbaiti gurpila zulatzen bazaio, aldatzen lagundu...

Ze perspektiba ematen dizu bakarrik joateak?
Bizikleta beti izaten da abentura bat. Neure buruarekin esertzen naiz, munduarekin harremanetan, mendate bat igo, euria, bat-batean orein edo behi bat azaltzen da errepide erdian, erortzen naiz, altxatu egiten naiz... Oinen bultzadez toki zoragarriak deskubritu izan ditut.

A ze erromantikoa! Seguru elkarrizketa hau irakurrita, batek baino gehiagok galtza motzak jantzi eta trastelekuan gordeta duen bizikletaren bila joango dela.  Alde ilunik al dago?
Ba bai, zoritxarrez errepidean bizikletaz ibiltzea oso arriskutsua da eta duela hilabete batzuk kotxe batek gure taldekide bat harrapatu zuen. Koman izan da eta poliki-poliki errekuperatzen ari da oraindik... Eta nire beste pasioarekin lotuta dagoen gauza bat aldarrikatu nahi nuke: mendi gailurrera iristen naizenean, kafe katilukada bat hartzea da gehien atsegin dudana baina pena da mendi gehienetan ez delako egoten!

Noren Alter Egoa ezagutu nahiko zenuke hurrengo zenbakiren batean?
Lide Hernandorena (Liher musika taldeko abeslaria), Xabi Bandini  –oso fana naizelako– eta Edurne Azkaraterena, Euskal Herrian argi gehien duen pertsonetako bat dela iruditzen zaidalako.