Alokairurik ez ordaintzeko egurrezko etxea eraiki duen gazte ingelesa

Alokairurik ez ordaintzeko egurrezko etxea eraiki duen gazte ingelesa 17 urterekin izan zuen ideia eta orain bertan bizi da bi urteko lanaren ondoren. Gurasoen lorategian eraiki du 7.000 euro inguruko kostua izan duen egurrezko etxea. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alokairurik-ez-ordaintzeko-egurrezko-etxea-eraiki-duen-gazte-ingelesa/@@download/image/thomas-lear-casa-d-980x400.jpg
2021/08/03

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

17 urterekin izan zuen ideia eta orain bertan bizi da bi urteko lanaren ondoren. Gurasoen lorategian eraiki du 7.000 euro inguruko kostua izan duen egurrezko etxea.
Alokairurik ez ordaintzeko egurrezko etxea eraiki duen gazte ingelesa

Etxebizitzarekin lotutako gastua izaten da gazteen kezka nagusia eta, hori kontuan izanda, Thomas Lear ingelesak arazo horri konponbidea ematea pentsatu zuen. Arotz gazteak 17 urterekin izan zuen ideia eta,  bi urteko lanaren ondoren, egurrezko etxea eraikia du Bristolgo gurasoen etxeko lorategian, alokairurik ordaindu behar ez izateko. 

Etxea ez da handia eta batzuek iseka egin diote horregatik. Badu meritua, ordea, hutsetik eraiki izanak. Horretarako, egurra bildu eta tratatu egin zuen, eta bi urte behar izan ditu bere txokoa sortu eta atontzeko. Bere kabuz eraiki du Lear-ek etxea, Youtubeko tutorialen eta inguruko batzuen laguntzaz: "82 urteko aitonak egin zuen elektrizitate-lana eta lagun batek gauzaren bat edo besterekin lagundu dit. Aitak iturgintzako kontuetan eman zidan laguntza. Baina beste guztia bakarrik egin dut. Asteburu guztiak amets hau betetzeko erabili ditut". Lanean hasi berria izanik, ez zuen oso soldata ona, eta eraikuntza-gune zaharretatik hartu izan du materiala. "Zailena sabaia egitea izan da, ondo zegoela ziurtatu behar bainuen itoginik ez izateko". 

7.000 euro inguru inbertitu ditu bere etxebizitzan, altzairuak barne. 21 urte ditu egun Lear-ek eta pozik dago emaitzarekin: "Estresik gabeko bizitza xumea izan nahi nuen. Ederra da 21 urte izan eta nire diru guztia alokairuan gastatu behar ez izatea. Honen jabe naiz eta horrek lasaitu egiten nau".  "Askatasuna izan eta dirua aurreztu ahal izateak" ematen dio lasaitasuna, finean. 

Egurrezko etxebizitzan lau bat lagun kabitzen dira. Etxebizitzak amerikar estiloko sukaldea du, harraska, labe eta hozkailuarekin. Horretaz gain, ondo hornitutako egongela ere badu, ohe tolesgarriarekin. Ohera igotzeko, berriz, egurrezko eskailera jaitsi behar du sabaitik. Ez dauka berogailu instalaziorik, baina su-egurdun estufa dauka hotz handiko egunetarako. Euriari ere ateratzen dio probetxua, zerutik jausitako ura bildu eta bainatzeko erabiltzen baitu. "Bost minutuko dutxa beroa har dezaket ura hoztu baino lehen. Hogeita hamar minutu behar dira berriz berotzeko", adierazi du gazteak. 

Eraikina bere gurasoen lorategian kokatua dago eta ez du ia ezer inguruan, lasaitasun eta patxada da nagusi. Bertan bizi da gaztea orain eta gurasoen etxean bere gauzentzat espazio handiagoa bazuen ere, egokitzen asmatu du Lear-ek eta ez da egindakoaz damutzen. 

Baliabide gutxiko jendearentzat etxolak eraiki nahiko lituzke etorkizunean eta glamping negozioan aritu, hau da, kanpina eta glamourra uztartzen dituen jardueran.