Alkohol zaparrada

Alkohol zaparrada https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alkohol-zaparrada/@@download/image/42p36-1.jpg
2004/06/04
erreportajea
Alkohol zaparrada
Hau zurrutero koadrila! Jaietan asko edaten da. Eta gazteok ere asko edaten dugu. Baina ez bakarrik jaietan. Festetatik kanpora ere alkohol kontsumo altua dago gazteon artean. 

Udako jaietan ez ezik, asteburu gau guztietan gazteok jaun eta jabe gara. Larunbatero, Euskal Herriko gazte asko ordu txikietan itzuli ohi da etxera. Are gehiago, batzuk igande gauera arte ez dira oheratzen. Eta batek baino gehiagok, gainera, ostiralean ere parranda egiten du (hau irakurtze hutsak baten bat neka lezake!). Asteburuaren zurrunbiloan, alkohola da 'bitamina' nagusia. Aldiz, astegunetan, zintzo-zintzo ibiltzen omen gara: ikasi, lan egin, kirola egin…
Ikerketen arabera, gazteok, nagusiek ez bezala, gehienbat asteburuan ematen diogu zurrutari. "Fenomeno berria da. Garai batean, alkohol kontsumoaren batez besteko handiagoa zegoen astegunetan; baina, gaur egun, gazteek ez dute ia-ia edan ere egiten astegunetan. Anabasa asteburuetan dator. Dena dela, ez dut uste kontsumoak gora egin duenik; edateko moduak aldatu dira", esan digu Maria Teresa Laespada Deustuko Unibertsitateko soziologia irakasleak.

Integraziorako tresna

Oro har, gauez eta etxetik kanpora edaten dugu. Batzuek litroak egiten dituzte (botilatzarra) eta beste batzuek tabernetan eta dantzalekuetan bustitzen dute eztarria. Lagunartean beti. Izan ere, alkohola taldean eta gizartean integratzeko tresna omen da guretzat. Laespadaren arabera, "gazteentzat, alkohola sozializatzeko eta integraziorako tresna da. Garai batean abstemioa ez zen arraroa; gaur egun, ordea, bai". Horretan ere bereziak gara, helduekin alderatuz gero: "Helduen kasuan, alkohola gastronomiarekin estu lotuta dago. Helduek ere sozializatzeko edaten dute, baina lagunekin egoteko izaten da, eta ez taldean integratzeko", dio soziologoak.

Gaupasak gora

Ikerketek diotenez, asteburuetan, gazteok gero eta beranduago oheratu eta gero eta beranduago jaikitzen gara. Gainera, gaupasa zale asko dago gure herrian. Arriskutsua al da edan eta edan ibiltzea? Edandakoaren araberakoa izaten da hori. Hala ere, Laespadak dioenez, "bada aintzat hartu beharreko beste arrisku bat: helduak gauez eta gazteak egunez bizi badira, ez da sortuko bien arteko topagunerik".

Botiltzarra, zergatik?



Gazte askok litroak egin ohi dituzte astebururo. Eta alarma piztu da: alkohol kontsumoa asko handitu dela diote. Laespadaren ustez, okerreko ustea da: “Ez da alarma piztu behar. Zergatik egiten dute hori gazteek? Tabernek ez dutelako gazteek nahi dutena eskaintzen: musika altuegi dago, ez dago lasai egoteko aukera eta garestiegiak dira. Bestalde, gazteek euren lekuak behar dituzte,  baina ezin. Gainera, erakundeek sortutako lekuak haiei ezer galdetu gabe antolatu ohi dira”, dio Deustuko Unibertsitateko irakasleak. 

Datuak mintzo


Gazteek, gehien bat, asteburuetan edaten dute. Hego Euskal Herriari dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gazteen %55ak asteburuetan baino ez du edaten. Nafarroan, %62ak.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 15 eta 24 urte bitarteko gazteen %34 igandetan ez da goizeko 06.30ak arte oheratzen. 1998an, %8 ziren ordu hortara arte oheratzen ez zirenak.

Ohetik gero eta beranduago jaikitzen gara: gazteen %37ak ohean jarraitzen du igandeko 14.00etan, eta %5 ez da 18.00ak arte jaikitzen.

Gero eta gazteago hartzen dugu alkohola. Nafarroako 16 urteko mutilen %81ak eta nesken %54ak alkohola dastatu du inoiz.

Gazteen artean, garagardoa eta likorez —whisky-a, ginebra… — egindako nahasketak dira edaririk arrakastatsuenak. Ardoak zale gutxi ditu, ordea. Mutikoek asteburu osoan hartzen duten edariaren %23 besterik ez da ardoa. Neskatoen artean, aldiz, %13 da.