Alice Munro: Kontakizunen bizia

Alice Munro: Kontakizunen bizia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alice-munro-kontakizunen-bizia/@@download/image/alice_munro_1391695537.jpg
2014/02/10
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre
Alice Munrok (1931, Ontario, Kanada) ezin konta ahala kontakizun labur, kontakizun bilduma eta nobela bat (Lives of Girls and Women, 1971) argitaratu ditu.

Sari garrantzitsu andana jaso du orain arte, eta nahiz eta lehenago ere Literaturako Nobel sarirako hautagai gisa aipatua izan, 2013an jaso zuen sari entzutetsua. 2012 amaiera aldean Meettok argitaletxeak ekarri zuen lehen aldiz gure artera, 2009 idatzitako Zorion handiegia (Too Much Happiness) ipuin bilduma euskaratuz.

Gaur egungo ingelesezko literaturako erreferenteetako bat da Munro. Narratibarako erraztasuna, egoerak sortzeko duen era eta estilo errealista xumea dira 'Txekhov kanadarra' deitu izan dutenaren bereizgarrietariko batzuk. Zorion handiegia bilduma hamar kontakizunez osatua dago; Egurra kontakizuna izan ezik, beste guztiak The New Yorker eta Harper's aldizkarietan argitaratuak. Liburuan zehar Ontario eta idazlearentzat gertuko lekuak diren toki eta nondik-norakoak azaltzen zaizkigu, azken ipuinean (liburuari izena ematen dionean) izan ezik. Azken kontakizun horretan, Sofia Kovalevski matematikariaren azken egunak kontatzen ditu, bere ohiko gai eta kokapenetatik aldenduz.

Euskaraz behar genuen irakurri halako obra oparoko idazle bat, eta Nagore Tolosa, Aiora Jaka, Itziar Otegi eta Naroa Zubillagari esker badugu horretarako aukera, Jokin Zaitegi sariketari itxaron beharrik gabe. Gaur egungo panorama literarioan bere lekua duen idazlea da Munro, eta aurrerantzean ere irakurlegoak eskertuko du euskaraz bere lan gehiago irakurtzeko aukera izatea. 

Bibliografia


Kontakizun bildumak
•    Zorion handiegia (Meettok, 2012).
•    Dear Life (2012).
•    Runaway (2004).
•    Friend of My Youth (1990).
•    Who Do You Think You Are? (1978).
•    Dance of the Happy Shades (1968).

Eleberria
•    Lives of Girls and Women (1971).