Algara sorta gehiago urritik aurrera
Urrian, berriro datorkigu "Wazemank", udan gure pantailetan agertu zen euskarazko umore saio freskoa. Lehen pauso arrakastatsuen ostean, denboraldi berri honetan, ea zer eskaintzeko gauza den Anjel Alkainek aurkeztutako programa!
"Wazemank"ek harrera ezin hobea eduki zuen hasieratik, bai kritika aldetik, baita ikusle kopuruari dagokienez ere ETB-1 apalean bada ere- . Euskarazko umorea egiten dute, eta euskaldunontzako. ETBko saioen parodiek, "Nuntziok Joxeaustin?" lehiaketa surrealistak, etorkizuneko Euskal Herria irudikatzeko ahaleginek, sketx zorrotzek euskaraz telebista ikusten duten apur horien onespena eta txaloa jaso dute.
Irailean, dagoeneko emandako saioen pot-pourri batzuk oparitu dizkigu ETBk, eta orain, urrian, berriro datozkigu "Wazemank"ekoak atal berriakaz. Espero dezagun bateriak ondo beteta ekartzea, orain artekoan behintzat, asmatu egin baitute. Barrea eragiteaz gain, euskara bizia, kalekoa, erabiltzen jakin dute. Giputzegia aukeran, zenbaitzuk kritikatu dutenez, baina eskertzekoa, zelangura ere. Izan ere, albistegi eta dokumentaletako hizkera formalegiaren, eta "Basetxea" saioko lehiakideen erdara eta euskara nahastearen artean, erregistro faltan egon ohi da ETB-1 katean. Bestalde, Gipuzkoatik kanpoko ikusleek, alfabetatu eta eskolatuek behintzat, ez lukete arazo handirik eduki behar Alkainen jarioa segitzeko, hura arrapaladan hasten denean ere. Gainerakoek zailtasun handiagoak edukiko dituzte, baina ez "Gaur Egun" ulertzeko baino askoz gehiago.
Aurpegi eta atal berriak
Aro berri honetan, "Wazemank"ek gauza askori eutsiko die -ez luke zentzu handirik, dena aldatzeak-, baina berrikuntzaren bat edo beste ere ekarriko du. Antzezleei dagokienez, Isabel Agirresarobek baja hartuko du amatasunagatik, baina haren ordez, Mikel Laskurain eta Ana Elordi edukiko ditugu pantailan. Edukietan ere, sketxek indar handia edukitzen jarraituko dute, orain arteko atal finko batzukaz batera. Ea orain arteko bidetik segitzerik dagoen, apurka-apurka, euskaldun telecincozale bat baino gehiago lerratuko da-eta telebista euskaraz ikustera.