Aldaketa klimatikoaren aurka mundu mailako grebak irailaren 20tik 27ra

Aldaketa klimatikoaren aurka mundu mailako grebak irailaren 20tik 27ra Oihanak sutan, plastikozko uharte erraldoiak, glaziarren desagertzeak, inoiz izandako udarik beroena... horrelako albisteak inoiz baino ohikoagoak dira eta krisi klimatikoa gero eta begi bistakoa da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aldaketa-klimatikoaren-aurka-mundu-mailako-grebak-irailaren-20tik-27ra/@@download/image/1549559299_672538_1549564086_noticia_normal.jpg
2019/09/20

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Oihanak sutan, plastikozko uharte erraldoiak, glaziarren desagertzeak, inoiz izandako udarik beroena... horrelako albisteak inoiz baino ohikoagoak dira eta krisi klimatikoa gero eta begi bistakoa da.
Aldaketa klimatikoaren aurka mundu mailako grebak irailaren 20tik 27ra

Kezka honen aurrean sortu dira aldaketa klimatikoaren aurkako mundu mailako grebak. Mugimendu hauek gizartea esnatu nahi dute eta gobernuak presionatu ekintzak martxan jar ditzaten krisi honi irtenbide bat emateko. Greba hauek gaur izango dute hasiera eta irailaren 27ra arte luzatuko dira mundu osoko leku ezberdinetan.

Zer da mundu mailako greba hau eta non sortu zen?
Mundu mailako klimagatiko mobilizazio hau Fridays For Future ekimenak bultzatu du. Orain dela urtebete sortu zen mugimendu hau Greta Thunberg ikasleak Suediako parlamentuaren aurrean ostiralero greba egiten hasi zenean negutegi efektuaren aurka. Egun, Fridays For Future mundu mailako mugimendua da eta milioika ikaslek beren ikasgelak kaleengatik ordezkatzen dituzte ostiralero munduaren etorkizunaren alde borrokatzeko.

Klimagatiko mundu mailako protesta ugari burutu badira ere jada (2019ko martxoaren 15ean eta maiatzaren 24an) espero da New Yorkeko mobilizazioan Thunberg-en parte hartzearekin bultzada ematea mugimenduari Ameriketan Europan gertatu zen moduan. Halere, grebak eta mobilizazioak mundu osoan zehar izango dira irailaren 20tik 27ra, eta gurean ere hainabat sindikatuk bat egin dute mugimenduarekin. Beraz, ez dago aitzakiarik etxean geratzeko.

Zergatik parte hartu?
Datorren irailaren 23an NBEn New Yorkeko egoitzan herrialde ugaritako ehunaka ordezkari bilduko dira aldaketa klimatikoaren inguruko gailurrean. Helburua energia berriztagarrietara igarotzeko bidean akordioetara iristea da, ekonomia jasangarriago batera paseaz eta horrekin negutegi efektua murriztuz.

Munduko milaka gaztek ez dute promesa guzti hauek paper txukun batean idatzita gelditzerik nahi, ondoren kaxoi batean ahaztuta uzteko pasa ohi den legez. Euren kezkak Entzutea nahi dute  eta behin akordioetara iritsi ondoren ekintzak martxan jartzen hastea berehala.

Argi dago, mobilizazio hauek ez dutela aldaketa klimatikoa konponduko, baina tresna baliagarria dira gobernu eta enpresek jakin dezaten jendea ez dagoela prest egoera berdinarekin jarraitzeko. Horregatik nahi dute mugimendu hau antolatu dutenek mundu osoan zehar egoera aldatu nahi duten guztiak kalera ateratzea, milioika pertsonen aldarriak indar handiagoa izango baitu segur.