Albisteak 2.0: Telebista saio bat sareari begira

Albisteak 2.0: Telebista saio bat sareari begira https://www.gaztezulo.eus/albisteak/albisteak-20-telebista-saio-bat-sareari-begira/@@download/image/20105535albisteak2.0.jpg
2010/05/07
erreportajea
Testua: Haritz Rodriguez
Bideoblogak gero eta gehiago zabaltzen ari dira, Ikusentzunezkoek Interneten indar handia hartu baitute azken urteotan. euskaraz, ordea, ezer gutxi egin da orain arte, salbuespenak salbuespen. Lost in Bilbao (Lostinbilbao.tv) eta Udaberri Galdua (udaberrigaldua.blogspot.com) aitzindariak dira, adibidez.

Web telebistari dagokionean, badira adibide gehiago. Hor ditugu, besteak beste, Tokiko Telebisten Elkarteak bultzatutako Tokiko.tv, Euskaltube.com bera, Ahotsak.com, Nafarroa Behereko Kanaldude.org... Baina, bideoblogari buruz hitz egiten dugunean, ikuspegi pertsonalago batetik landutako ekoizpenaz ari gara.

Orain hilabete eskas, egitasmo berri batek ikusi du argia Hamaika Telebistaren eskutik (Hamaika.tv). Albisteak 2.0 du izena (albisteak.euskalherrian.info) eta Interneti begira osatutako telebista saioa da.

Patxi Gaztelumendi blogari ezagunak (Gaztelumendi.org) eta Galder Gonzalezek (Gaur8.info/bitakorak/hetzordua) gidatzen dute, beti ere Internet eta teknologia berriei buruzko gaiak jorratuz. Dagoeneko sei atal argitaratu dituzte eta, jakina, telebista bidez ez ezik, sarean ere daude bideo guztiak ikusgai.

Albisteak 2.0 honek, gainera, ikusentzuleen partehartzea sustatu nahi du, hori baita 2.0 filosofiaren funtsa. Sare sozialak erabiltzen dituzte horretarako. Esate baterako, Twitter bidez gaiak proposatu daitezke, hala nola, saio bakoitzaren amaieran txertatzen duten bideoa. Proposamena egiteko, nahikoa da Twitterren #bideogo etiketa idaztea, emititu nahi den bideoaren loturarekin batera.

Saioak beste hizkuntza batzuetan lehenago ere egin izan diren Internet bidezko zenbait web-telebistaren antzerako eskema darabil.  Albisteak bidaltzeko balio duen Digg.com webgunearen inguruan, esaterako, Diggnation izeneko saioa argitaratzen da astero astero (Diggnation.com), eta gaztelaniazko Meneame.net-ek ere badu berea: http://tv.meneame.net.

Gaztelumendi eta Gonzalezek Ikeako besaulki batean eserita aztertzen dituzte sareak astean zehar euskaraz eman dituenak, baita beste hizkuntza batzuetako albisteak ere. Horretarako, euskal blogosferako hainbat webgune erabiltzen dituzte iturri gisa: Zabaldu.com, Sustatu.com, Zuzeu.com eta beste hainbat webgune eta blog.

Euskarazko blogen eztandak dagoeneko urte batzuk bete ditu. Urtero-urtero, gainera, euskal blogosferak eman duen onena saritu eta zerrendatzeko balio duen  lehiaketa herrikoia gidatzen du Joxe Rojasek (Teknopata.net). Ea aurten, Albisteak 2.0 egitasmoak ireki duen bideari jarraiki, hainbat bideoblog lehiatzen diren hamar@2010 lehiaketan.

HARRITU GAITU



Pertsona batek Sim City jokoan hiri perfektua eraikitzea lortu du. Antza denez, hainbat plano egin behar izan ditu horretarako, eta hiru urtez aritu da lanean. Hiri birtual honek sei milioi biztanle ditu eta ez dago inor eskolara joateko aukerarik ez duena. Gainera, ez dago kutsadurarik, kriminalitaterik ezta langabeziarik ere. (http://www.zabaldu.com/7795/tipo_batek_hiri_perfektua_lortu_du_simcity3000_jokoan/)

KATXONDOENA


Steve Jobs Apple enpresako burua da hilabete honetako katxondoena. Izan ere, orain gutxi, iPhonearentzako aplikazioak banatzen dituen dendan sexuaren inguruko edukirik ez egotearen arrazoiaz galdegin diote. Jobs-en erantzuna argia izan da: "Pornoa nahi baduzu, erosi Androide bat". (http://www.publico.es /306812)

INFORMAZIO BILA


Zuzeu.com webguneak urte bete egin du apirilean. Iaz sortu zen Interneteko albistari horizontal hau, eta dagoeneko euskarazko webgune informatiboen artean erreferente bilakatu da. Bertan, informazioa bilatzeaz gain, informazioa sortzeko ere aukera dago, zu zeu izan baitzaitezke kazetari.