Alaine Agirre: "Idazleari boterea kentzea baino gauza errazagorik ez dago"

Alaine Agirre: "Idazleari boterea kentzea baino gauza errazagorik ez dago" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alaine-agirre-quotidazleari-boterea-kentzea-baino-gauza-errazagorik-ez-dagoquot/@@download/image/slideshow_alain_1415280756.jpg
2014/11/10
elkarrizketa
Fisikako ikasketak hasi zituen arren, laster eman zuen letretarako saltoa Alaine Agirrek (Bermeo, 1990). Haur literaturan hiru liburu argitaratu ondoren, lehen eleberria kaleratu berri du ‘Odol mamituak’ izenekoa.


Haurrentzako zein helduentzako literatura idazten duzu. Non zaude erosoen? Erosoen, agian, haur literaturan. Baina asetuen, helduentzakoan. Azken finean, erosotasunak plazera fintzen du.

Heldutik edo haurretik duzu gehiago?
Denok legez: bietatik.

Idazten jartzen zaren momentuan, zer duzu ezinbestekoa?
Musika.

Eta liburu bat amaitzen duzunean?
Ez da oso elegantea Odol Mamituak bukatu nuenean zer egin nuen esatea...

Literatur pertsonaia bazina, nork idatzitako liburuan agertzea gustatuko litzaizuke?
Gustatu-gustatu, Harry Potterren abentura batean. Baina uste dut gehiago bizi naizela Annie Ernaux-en liburuetan.

Zein libururi aldatuko zenioke amaiera?
Edozein libururi alda dakioke amaiera, baldin eta irudimena baduzu. Idazleak liburua idazten du, baina irakurleak irakurtzerakoan bere istorio propioa eraikitzen du. Idazleari boterea kentzea baino gauza errazagorik ez dago.

Zuhurtzia edo eromena?
Zuhurtziaz mugatutako eromena. Baina eman dezatela amore mugek!

Zer ematen dizu literaturak?
Asko.

Zer ematen diozu zuk literaturari?
Gutxi.

Barruak husteko edo irakurlea entretenitzeko idazten duzu?
Barruak husteko. Baina ez dakit zergatik daukadan beste norbaiti kontatzeko beharra.  

Zerikusirik al dute fisikak eta literaturak?
Aspaldi idazten nituen fisikako poemak, beraz, beharbada bai. Literaturak badu zerbait, mundua irensteko gaitasuna-edo, eta hor barruan dena sartzen da.

Letra artean egoteko aukerarik ez bazenu, zertara dedikatuko zinateke?
Musikara. Egia esan, alderantziz egin didazu galdera: musikari izan ezin nintzelako idazten dut.