Alain Goikoetxea: "Ezinezkoari aurre egin behar zaio"

Alain Goikoetxea: "Ezinezkoari aurre egin behar zaio" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alain-goikoetxea-quotezinezkoari-aurre-egin-behar-zaioquot/@@download/image/54p18-1.jpg
2005/07/01
elkarrizketa
Alain Goikoetxea: "Ezinezkoari aurre egin behar zaio"
Alain Goikoetxea Algortako Arrigunaga auzokoa da; hau da, seguruenik skateak indar gehien daukan Euskal Herriko auzokoa. Hamar urte bete baino lehenago hasi zen patinagaz gora eta behera, etxe inguruko aldatz maldatsuetan –artean, ez zegoen skate parkik Algortan-. Egun, 27 urte dauzkan honetan, skater profesionala da.

Zelan ailegatzen da inor skater profesionala izatera, erraza al da?
Ni neu behintzat, konturatu barik. Txikitatik nenbilen patinatzen, gustuko neukana egiten, eta konturatu barik, neure burua ikusi nuen oso talde on baten barruan sartuta, lehiaketetan-eta parte hartzen. Orduan etortzen dira sponsorrak, eta profesional bihurtzen zara.  

Prestakuntza bereziren bat egiten duzu?

Luzaketa ariketaren bat edo beste egiten dut, eta ezer gutxi gehiago; ez nago diziplina baten menpe.

Baina skateak sasoian egotea eskatzen du, ezta?

Baietz uste dut; batez ere, nahiko arina izan behar duzu.

Eta zuk, jatekoa zaintzen duzu? Gimnasiora joaten zara?

Ez, ez. Gutxi gorabehera osasuntsu jaten dut, eta kitto. Gimnasioa, zertarako? Egun osoa ematen dut skatean, edo surfean, edo skateagaz zerikusirik daukan kirolen bat egiten. Skatea ariketa motaren bategaz osatzea ondo legokeela? Seguru asko. Baina nik ez daukat denborarik, ezta gogorik ere.

Kirol honek badauka arriskurik, jakina. Zuk lesio larriren bat eduki duzu?

Larri-larririk ez. Hara, batzuk larriak izan dira, gerora ondorioak ekarri dizkidaten heinean: hau da, lesio kroniko samarrak bihurtu diren heinean. Baina orkatiletako bihurdurak besterik ez dira izan. Bihurdura gogorrak, eta askotxo, hori bai. Dena den, ez dut inoiz eduki urtebetez geldiarazi nauen lesiorik, edo ebakuntza egitera behartu nauenik.

Noiz hartzen du erretiroa skater profesional batek?

Batzuk, 28 urtegaz, badabiltza uzteaz pentsatzen. Uzten hasten denean, zeragatik izaten da: hemendik salto egitea, beste horretatik zeure burua botatzea… ez zaizulako lehen bezain eder begitantzen. Eta batzuk, adin batera ailegatuta, ez dut esango euren skate kalitatea gutxitzen dutenik, baina bai gutxiago arriskatzen hasten direla. Dena dela, ni oso ondo nabil oraindino, ez du erretiroaz pentsatu.

Salto eta irudi berriak sortzeko garaian, skate munduan dena asmatuta al dago?

Ezta gutxiago ere. Umetan uste genuen dena asmatuta zegoela, baina oraindik, gauza berriak sortzen gabiltza behin eta berriro. Ezinezkoari aurre egitea da kontua. Betidanik ezinezkotzat jo izan dena, azkenean edonork egiten du: bideoan grabatzen du, eta denek ikasten dute.  

Badaukazu oporrik?

Beti nago oporretan. Hara: bidaia asko dago, oso politak ematen dutenak kanpotik, eta egia da benetan ondo pasatzen dugula; baina batzutan gura ez dudan leku eta momentuan patinatu behar dut. Hori dakar profesionala izateak. Hala ere, niretzat, beti oporretan egotea bezalakoa da lanbide hau.

Zelan hartu zuten zure etxean hain gaztetan skater profesional bihurtu izana?

Zelan hartuko zuten, bada? Beti begitandu zaie ondo nik skatean jardutea, baina profesionala egiteko garaian, entzun behar izan nuen: "Mutiko, ahaztu zaitez honetaz, has zaitez bizitzan zer edo zer serioa egiten…". Eta nik ulertzen diet, baina batzutan ona da apustu egitea.

Eta orain, skatea egitetik bizi zaitezkeela frogatu duzula, zelan hartzen dute?

Oso ondo. Dena dela, esaten didate: "Badakizu hau ez dela luzerako izango, urte gutxi dira". Eta egia da, baina tira… Nik badauzkat ikasketa batzuk, eta gainera, uste dut pentsatzeko burua edukiz gero, eta apurtxu bat mugituz gero, aurrera egiterik badagoela. Ez nau kezkatzen gai horrek. Egingo dut zer edo zer.

Skateagaz zerikusia daukana?

Segurantzean, bai.

Bidaia ugari



Alain Goikoetxeari, bere ogibideak bidaia asko egitea eskatzen dio. Eten barik ibiltzen da Europan gora eta behera, eta batzutan, urrunagoko lekuetara –AEB, Australia, Japonia…- ere joan behar izaten du. Normalean, bidaiak txapelketetan parte hartzeko izaten dira. Alainek ez dio lehiari garrantzi handiegirik ematen –“lagunakaz elkartzearren joaten naiz gustura”-. Hala ere, emaitza onak lortzen ditu. Iaz, esaterako, laugarren geratu zen Marsellan egindako mundu txapelketan, eta bigarren Oregonen (AEB) jokatutako beste batean.