Alain Bilbao: "Zinta igarotzeak bizitzako edozein zailtasun egoera isla dezake"

Alain Bilbao: "Zinta igarotzeak bizitzako edozein zailtasun egoera isla dezake" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alain-bilbao-zinta-igarotzeak-bizitzako-edozein-zailtasun-egoera-isla-dezake/@@download/image/alain_bilbao_05_1378453273.jpg
2013/09/09
elkarrizketa
Testua: Aitor Abaroa, Argazkiak: Galder Izagirre
Bizitzaren gora-beherak dastatu ostean, slacklinean aurkitu du bizitza orekatzeko errezeta Alain Bilbaok (Bilbo, 1982). Errezeta hori gainontzekoekin banatzeko sortu du North Slackline taldea.


Txikitatik kirolzale, patinen gurpil gainean igaro zuen nerabezaroa, eta kapoeiraren doinuen erritmora, itsasoko olatuen gandorrean kresalez zipriztinduta gizondu zen. Orduan, milaka metrotara bidaiariak garraiatzeko prestatu zen, zeruak zeharkatzen dituzten hegazti erraldoien gidari. Airean egotea gustuko du, baina aske. Eta horretarako, ezegonkorra dirudien lekuan aurkitu du bizitza orok behar duen oreka Alainek, poliesterrezko zinta gainean.

North Slackline izeneko taldea osatu du kirolzale bilbotarrak slacklinean sentitzen dituen zirrara eta lasaitasuna  banatzeko, partekatzeko. Datozen belaunaldiei kirol berri honen sekretuak irakasten dihardu ordutik Erandioko Gaztetxean. Handik 200 bat metrotara egin dugu hitzordua, Errontegiko zubipean, Ibaizabalera begira. Alainekin batera etorri da ikasle izatetik eskuineko esku izatera pasa den Eder Rodrigez ‘Txalbi’ ere.

Zer da slacklinea?
Slacklinea, berez, bi zuhaitzen artean lotutako soka edo zinta bat da, karraka edo poleazko polipasto bitartez tenkatzen dena. Modu primitiboan, mosketoi bidez ere, tenkatu daiteke. Zuhaitzen arteko distantziaren eta lurrarekiko altueraren arabera zailtasuna ezberdina da. Zinta gainean zenbat eta hobea izan, orduan eta distantzia eta altuera gehiago nahi dituzu. Batez ere hori da, oreka huts-hutsa.

Non du jatorria?
Esan genezake 80ko hamarkadan hasi zela, Yosemiteko (AEB) parkean. Hara eskalatzera joaten ziren gazte batzuek erabiltzen zituzten sokak mosketoi bidez bi zuhaitzen artean jarri eta probatzen hasi ziren. Behin alde batetik bestera igarotzea lortzen zutela ikusita, erabaki zuten altuera handiagora eraman behar zutela. Orduan, Lost Arrow izeneko Yosemiteko tontor ezagunetik aurreko paretara 20 bat metroko zinta jarri zuten, lurretik ia 900 metrotara. Esan daiteke momentu hori dela slacklinearen sorreratzat ezagunena dena.

Uste nuen zirkoan ikusi ohi dugun funanbulismotik zetorrela.
Beno, bai, nolabait funanbulismotik eratorritako kirol bat da. Ezberdintasunak batez ere erabiltzen diren materialetan daude. Funanbulismoan kableak erabiltzen ziren, orain aldiz, poliesterrezko zintak edo Dyneema etxearenak erabiltzen dira. Zergatik? Merkeagoa delako. Momentu honetan, 50-60 eurorekin slacklinean hasteko beharrezko duzun materiala lor dezakezu.

Oker ez banago, slacklinearen barruan modalitate ezberdinak daude.
Bai, arrakastatsuenak longline-a, ahalik eta distantziarik luzeena jartzea bi muturren artean; highline-a, ahalik eta altuerarik handiena egotea lurzoruaren eta zintaren artean; waterline-a, uraren gaineko zinta, eta trickline-a, zinta gainean trikimailuak egitea dira.

Noiz hasi zinen? Txikitatik izan duzu interesa?
Gogoratzen dut oso-oso txikia nintzela, Bilboko Etxebarria parke inguruan, bazela garaje bat sarreran, bi hagaren artean, kate bat lotua zuena. Arreta ematen zidan zergatik lagun bat alde batetik bestera kate ganetik pasa zitekeen eta beste norbait, edo ni, ez. Katea gurutzatzea nuen orduan denborapasa. Kirol bezala baina, patinajea izan dut txikitatik gustukoen; zortzi urterekin arrebaren quad edo 2x2 patinekin hasi nintzen eta inline edo lerrokatuekin gaur arte jarraitu dut. Skatea, kapoeira eta surfa ere bai. Orain pentsatzen jarrita, denek dute orekarekin harreman zuzena.

Hezkuntzari dagokionez baina, ez duzu kirolarekin lotutako ezer ikasi.
Ez, batxilergoa amaitu eta topografiako goi mailako heziketa zikloa egiten hasi nintzen, baina asteburuetan tabernan lanean hasi eta konturatu nintzen gutxi gora-behera diru bera irabazita denbora gehiago nuela astean zehar kirola praktikatzeko eta nire gauzetarako. 21 urterekin Ingalaterran eman nuen denboraldi bat, eta bueltan gurasoen etxetik atera, bakarrik bizitzera joan eta jatetxe batean hasi nintzen lanean. Urtebetera edo, lesio larri bat izan nuen, tibia eta peronea hautsi nituen.

Kirolari edo kirolzale bati gerta dakiokeen gauzarik okerrenetakoa.
Bai, imajinatu, zortzi hilabetez egon behar izan nintzen geldirik. Baina horrelako ezbeharrek ere ekartzen dituzte gauza onak. Adibidez, hain naiz ipurtarina egunero luzaketa saioak egiten nituela, eta ondorioz, nire elastikotasuna asko hobetu nuen. Eta noski, lesioak pentsatzeko denbora asko utzi zidan, nire bizitzan inflexio puntu bat izan zen. Hala, aitaren gomendioa jarraituz, hegazkin pilotu ikasketak egitea erabaki nuen.

Susmoa dut ez zenuela hor ere zure lekua aurkitu.
Ez, pilotu ikasketak egin bitartean kapoeira, surfa, kirola egiten jarraitu nuen, eta konturatu nintzen arreta eta denbora gehiago eskaintzen niola kirolari ikasketei baino. Hala ere, lizentzia atera nuen, baina orduantxe nire aitak moto istripu larri bat izan zuen, eta ordutik gure laguntza ezinbestekoa du. Horretaz gain, aitarena gertatu eta hilabete geroago, pilotu ikasketetan ezagututako lagun batek bizia galdu zuen hegazkin istripu batean. Lizentzia atera nuen baina ez dut pilotu bezala lanik egin.

Orduan hasi zinen zintan?
Ez, ordurako probatuta neukan eta lehen pausoak ematen hasia nintzen. Duela hiru bat urte, interesa genuen hainbat lagunek Slackline Bizkaia taldea sortu genuen. Baina denborarekin desadostasunak sortu ziren: batzuk espektakulura eraman nahi zuten, beste batzuk trikimailuak egiten zentratu... Nire asmoa, jada 31 urte ditudan honetan, beste bat da: kirola ezagutzera ematea. Ondorioz, taldea banandu eta bakoitzak bere bideari ekin genion.

Hortik eratorri zen zure proiektua, North Slackline?
Hori da, kirola ezagutzera emateko gogotik. Batez ere, interesa dutenei teknika hobetzeko klaseak emateko asmoarekin sortu nuen. Sarritan ahaztu egiten zaigu irakastea zer den eta edonor ez da egokia lan hori burutzeko. Messi, adibidez, futbol jokalari bikaina da eta Guardiola jokalari aparta izan zen. Baina ziurrenik Messi ez da inoiz Guardiolaren mailako entrenatzailea izango. Klaseak emateko balio egin behar da eta prestatu egin behar zara. Buff, mundu bat ireki zitzaidan.
Oker ez banago, Erandioko Gaztetxean ari zarete klaseak eta ematen.
Bai, han teilatupean egoteko eta espazioa gure beharretara egokitzeko aukera dugu. North Slackline Erandioko Gaztetxera oso lotuta dago momentu honetan. Hala ere, gutxinaka eskoletan sartzen joateko asmoa ere badugu, gazteek modurik erosoenean kirola praktikatzen hasteko aukera izan dezaten. Kontua da nik bakarrik ezingo nukeela hau guztia aurrera eraman, adibidez, Txalbi bezalako lagun eta kideen lanari esker ateratzen dugu dena aurrera.

Beraz, slacklineari lotuta ikusten duzu zeure burua arlo profesionalean ere?
Bai, kirolaren munduan mantentzeaz gain, bi helburu nagusi ditudala esango nuke eta bat, horixe litzateke, slacklinea nire ogibide bihurtzea.

Eta bigarrena?
31 urte izan arren, oraindik Peter Pan bat naizenez, bigarren helburua egungo gazteei beste alternatiba bat eskaintzea da. Zinta baten inguruan bizi den energia berezia da, bakarra. Ez rokodromoak, ez surfak, ez dizu horrelakorik ematen.

Slickelineak zaila dirudi. Hala ere, suposatzen dut bizitzan oreka lortzea are zailagoa dela.
Begira, lehenengoz slackline bat montatu nuenean, jendea iguruan zela, oso urduri nengoen. Baina konturatu nintzen besteak bezalakoa nintzela, batzuek arrarotzat edo frikitzat hartu arren. Eta konturatu nintzen norbera besteen pareko sentitzen denean, oreka hurbilago izaten dela. Azken finean, ezberdin sentitzen bazara, alde batean edo bestean zaude. Nire lagun batek esan ohi zuen bezala, "orekan egoteko, beharrezkoa da muturrak ezagutzea". A bakarrik ezagutu baduzu Aren mundua bakarrik ezagutuko duzu, eta berdin Brekin. Baina A eta Bren munduak biak ezagutu badituzu, oreka puntua aurkituko duzu.

Bizitzaren alderdi guztietan aplikatu daiteke hori?
Noski. Diru asko edo gutxi izan, kirolez mozkortu edo egunak sofan pasa, ikasketetarako bakarrik bizi edo alferkerian aritu, edo maitasun, sexu eta rock and roll gehiegi edo gutxiegi izan… beti oreka aurkitu behar da. Eta slacklineak eman egiten dizu, bai zinta gainean zaudenean, baina baita gero ere. Estres momentuak desagertu egiten dira eta lasaitasuna nagusitzen da.

Onura fisikoez haratago doan kirola dela esango zenuke, beraz?
Zalantzarik gabe. Alderdi fisikoan, hankak gogor-gogor jartzen dira, ezein kiroletan ikusi ez dudan bezala, eta goikaldea ere bai, besoek garrantzia handia dutelako oreka lortzerakoan. Baina alderdi fisikotik haratago, slacklineak eragin zuzena du buruan, helburu bat jarri eta helburu hori lortzeko prozesuaren erakusgarri delako. Zinta igarotzeak bizitzako edozein zailtasun egoera isla dezake. Estres egoeretan, azterketak dituzunean edo eguneroko bizitzan zailtasunen baten aurrean aurkitzen zarenerako, oso onuragarria da.

Slacklinearen munduan erreferenterik ba al duzu?
Adibidez, duela bi urte eta erdi inguru The Bad Slackliners taldea sortu zuten frantziar eta suitzar batzuek. Talde honen berezitasuna da slacklinea eraikinen artean praktikatzen hasi zirela, baita altueran jarritako zintetatik base jauziak egiten ere. Hainbat dokumental eta bideo egin dituzte eta ikuskizun hutsa dira; euren bideo batzuk YouTuben ikus daitezke. Duela urtebete pentsatu nuen nik bi urteren buruan horrelako zerbait egitea, baina kostako zaigu.

Zergatik?
Baimen eta lizentzia kontuengatik. Suposatzen dut dirua izanez gero arazorik ez litzatekeela egongo, baina... Interesgarria litzateke, niri dagokidanez, Bilboko Udalarekin hitz egitea, izan ere, epe ertainean, Isozaki Dorreak gurutzatu nahiko nituzke. Sekulako erronka litzateke. Epe eratinean hori litzateke helburua. Eta epe laburrean, North Slackline taldea sendotzea, klaseak ematen jarraituz eta kirola ezagutzera emanez.

Alainen kuttunak


Liburu bat: Guía práctica de psicología: cómo afrontar los problemas de nuestro tiempo (Juan Antonio Vallejo-Nágera, 2006).
Film bat: Back to the Future (Robert Zemeckis, 1985).
Musika talde bat: El club de los poetas violentos.
Kolore bat: Itsas urdina.
Miresten duzu: Arreba.
Zoriontsu zara... Hondartzan paseoan.
Ez duzu sekula ahaztuko... Lehenengo hegaldia Diamond DA20 hegazkin bat pilotatzen.
Desio bat: Hirurogeita hamaika urterekin azala zimurtuta dudala besaulki kulunkari batean eseri, eta bizitzan egindako gauza onak gogoratzea...