Akuilari: Hizkuntz-eskubideen gaineko gertaeren berri emateko aplikazioa

Akuilari: Hizkuntz-eskubideen gaineko gertaeren berri emateko aplikazioa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/akuilari-hizkuntzeskubideen-gaineko-gertaeren-berri-emateko-aplikazioa/@@download/image/argazkia_(1)_1448457377.jpg
2015/11/25
berria
Erredakzioa – @Gaztezulo –

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak kudeatzen duen 'Euskararen Telefonoa' zerbitzuaren eskutik, Android eta iOS sistema eragileak dituzten gailuetarako Akuilari izeneko aplikazio berria sortu dute: hizkuntza-eskubideen gaineko gertaerak modu erosoan helarazi eta zerbitzura jotzeko aukera eskaintzen du. 


Aurrerantzean, beraz, herritarrentzat errazagoa izango da Behatokiari hizkuntza-eskubideei lotutako kexak zein zorionak helaraztea. Ez hori bakarrik, aplikazio berriarekin Behatokiak jaso dituen gainontzeko ekarpenak ere ikusi ahal izango ditu erabiltzaileak, eta sare sozialetan elkarbatzeko aukera izango du. 

Zertarako erabili dezakezu?

- Euskara erabiltzeko duzun eskubidea ez badizute errespetatu edo euskara erabiltzeagatik kaltetua izan bazara, kexa jartzeko.

- Zure hizkuntza-eskubideak bereziki ongi zaintzen dituzten entitateen jokabide eredugarria txalotu eta zoriontzeko.

- Beste erabiltzaileek Behatokira helarazi dituzten gertaerak ikusteko eta sare sozialetan partekatzeko.

Kexak eta zorion mezuak konfidentzialtasunez bideratzen dira, erabiltzailearen datuak publiko egin gabe. 'Euskararen Telefonoa' zerbitzuan erregistraturik dauden erabiltzaileek Akuilari deskargatu eta euren erabiltzaile-izena eta pasahitza sartzea nahikoa izango dute. Erabiltzaile berriek, aldiz, instalatu eta euren datuak sartuta erregistratu egin beharko dute erabiltzen hasi ahal izateko. 

Sustatzaileen arabera, poliki-poiliki eguneroko bizitzan herritarrei protagonismoa hartzen lagunduko dien tresna izango da Akuilari, euskaraz bizitzeko bidean aldaketak bultzatzeko aukera eta gaitasuna eskainiko dien tresna den heinean. 

Zeren zain zaude? Deskargatu Akuilari eta hasi erabiltzen!