Aizu! aldizkariak 40 urte beteko ditu egunotan

Aizu! aldizkariak 40 urte beteko ditu egunotan Lehen alea aurkeztutako toki berean ospatuko dute urteurrena: Durangoko Azokan. Abenduko ale bereziaren berri emateaz gain, mahai-ingurua ere egingo dute aldizkariaren helburu eta eginkizunen inguruan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aizu-aldizkariak-40-urte-beteko-ditu-egunotan/@@download/image/aizu azala albiste.jpg
2021/12/02

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Lehen alea aurkeztutako toki berean ospatuko dute urteurrena: Durangoko Azokan. Abenduko ale bereziaren berri emateaz gain, mahai-ingurua ere egingo dute aldizkariaren helburu eta eginkizunen inguruan.
Aizu! aldizkariak 40 urte beteko ditu egunotan

1981eko abenduko Durangoko 16. Disko eta Liburu Azokan aurkeztu zuten AIZU! aldizkariaren 0. zenbakia. Aurkezpena berezi samarra izan zen, ordea,  aldizkaria beharrean, aldizkariaren azalaren kopia eraman baitzuten AIZU!ren sortzaileek. AEK-k argitaratzen duen euskara ikasleentzako aldizkariak 40 urte bete ditu, beraz, eta aspaldiko helburu berarekin irmo jarraitzen du: euskara ikasten ari direnei beren ikas-prozesuan laguntzeko euskara errazean idatzitako aldizkaria eskaintzea.

Urtarrilean hasi ziren 40.urteurrenaren ospakizunekin eta aldizkariaren historiaren pasarte garrantzitsuenen berri eman dute hilero. Horretaz gain, irailean, aldizkariaren diseinu berria eta webgune berritua ipini zituzten martxan, eta harpidetza digitala egiteko aukera ere badago orain. Gainera, lehen aldi hartan bezala, Durangoko Azokan aurkeztuko dute 462. zenbaki berezia. Abenduko aleak ohi baino orri gehiago izango ditu, guztira 68, eta eduki aldetik ere izango ditu gehigarriak: denbora pasa eta ariketa gehiago, Durangoko Azokari buruzko erreportajea, AIZU!n aritutako irudigile eta artistek egindako zorion postalak, aldizkariari berari elkarrizketa, irakurle eta ikasleen iritziak, lehiaketa berezi eta opari gehiago...

Durangoko Azokan ospatuko dute, beraz, aldizkariaren urteurrena eta, AEK-k jakinarazi duenez, aldizkariaren ale solteak erosi edota harpidetza egiteko aukera izango da AEK- AIZU!k Landako Gunean (Goienkale, 23) izango duen standean. Harpidetza egiten duenak, gainera, prezio berezia ez ezik, oparia ere izango du oraingoan: Patxi Huarte Zaldieroak marrazturiko poltsa. Bestetik, abenduaren 7an, 16:30etik 17:30era, Talaia-Musika Eskolan, aldizkariaren aurkezpena egingo dute, mahai-inguru batekin batera. AIZU! aldizkaria, 40 urte euskara ikasleak hezten eta irakurleak hazten izenburupean, Gotzon Hermosilla Berria egunkariko kazetaria, Maider Irurozki AEK-ko didaktikari eta irakaslea, eta Belen Rufz euskara ikaslea arituko dira solasean aldizkariaren helburu eta eginkizunen inguruan.

Azoka egunetatik kanpo ere jarraipena izango du urtemugaren kanpaina bereziak eta, Harrapatu aukera!  lelopean, AIZU!ren urtarrileko alea doan eskuratzeko aukera izango dute euskara ikasleek. Horretarako, aldizkaria paperean edo PDF formatuan jasotzeko eskaera egin beharko dute webgunean.