Aitor Zuberogoitia: "Komunikazio-talde handiek ez dute erabateko monopoliorik Euskal Herrian&qu

Aitor Zuberogoitia: "Komunikazio-talde handiek ez dute erabateko monopoliorik Euskal Herrian&qu https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aitor-zuberogoitia-quotkomunikaziotalde-handiek-ez-dute-erabateko-monopoliorik-euskal-herrianquot/@@download/image/88p24-1_1363298508.jpg
2008/09/05
elkarrizketa
Testua eta argazkia: Lander Garro
Aitor Zuberogoitia: "Komunikazio-talde handiek ez dute erabateko monopoliorik Euskal Herrian&qu
Heldu da iraila. Zuetako batzuk aurten hasiko zarete unibertsitatean. beste batzuk, aldiz, aurten erabaki beharko duzue datorren urtean zein ikasketa aukeratu. Kazetaritzarako joera duzuenontzat, hona hemen ezagutu beharreko norbait. Aitor Zuberogoitia oso gaztetan hasi zen euskarazko komunikabideen munduan, eta gaur egun, Ikus-Entzunezko Zientzien irakasle da Mondragon Unibertsitatean. Maiatzean, Aitorrek eta bere anaiak, Pedrok, Bertan Bilbo izeneko liburua kaleratu zuten. Liburu horretan, Bilbo eta euskararen arteko harremana aztertu dute.

Mondragon Unibertsitatean duen bulego txikian hartu gaitu Aitor Zuberogoitia (Etxebarri, 1972) kazetari eta idazleak. Zuberogoitia Ikus-entzunezko zientzien irakaslea da azken urteotan. Gaztea izanagatik, Aitorrek eskarmentu izugarria du kazetaritzan, eta jakintza hori zabaltzeko erronka atseginez hartzen du, bai ikasleen aurrean, baita grabagailuaren aurrean ere. Komunikazioa, teknologia berriak, euskara eta Bilbo: horra GAZTEZULOk mahai gainean jarri dizkion lau ardatzak. Aitorrek luze hitz egiten du, akaso buruaz eta bihotzaz hitz egiten duelako, eta horietan, jakina denez, zaila da sintesiak egitea.

Irakasle lanetan hasi aurretik, hamaika komunikabide eta elkartetan aritua zara. Ipurtarin samarra izan zara, ezta?

Bai, horixe izango da, agian. Markina-Xemeingo irrati librean eta aldizkarian hasi nintzen. Ondoren, Bilboko Cantera Regional kirol kazetan, Argian, Euskaldunon Egunkarian, Euskal Idazleen Elkartean, Bilbo Hiria Irratian eta Euskara Elkarteen Topagunean aritu nintzen… azken urteotan, mundu akademikoan murgilduta nabil buru-belarri, EHUn lehenengo, eta Mondragon Unibertsitatean, orain.

Urte gutxitan batetik bestera ibili zara. Ez da izango, Euskal Herrian, kazetari ez ezik 'ekintzaile' izan beharra dagoelako? Euskarazko komunikabideetan  behar handia dago hau sortzeko, bestea bultzatzeko, hura koordinatzeko, han aholkua emateko…

Baliteke, bai. Euskarazko komunikabideen alorrean gauza asko egin dira, baina beste horrenbeste daude egiteke. Ezkor samarra izanez gero, hori zama modura bizi daiteke, baina, nik neuk, behintzat, sormenerako aukera modura ikusten dut. Badago, dena dela, kazetarien mugikortasun hori azaltzeko beste arrazoi ukigarriago bat ere, eta da, gehientsuenetan, euskaraz ari diren kazetarien lan baldintzak ez direla egokienak. Ondo iruditzen zait proiektu berriei ekitea, baina zalantza daukat, une honetan lehentasuna ez ote den kazetari onei eustea, apustu ekonomikoa hor eginez, eta lehendik ditugun euskarazko produktuak sendotu eta hobetzea.   

Teknologia berrien eraginez euskarazko hedabideak asko ugaritu dira. Horrek jende gehiagorengana iristen garela esan nahi du?

Ez dakit, baina kopuru kuantitatiboei begira, ez dut uste lar aurreratu dugunik: euskarazko idatzizko prentsan bandera-ontzi nagusi den Berria 20.000 ale inguruko botaldiarekin dabil, eta antzeko zifrak ditu Goienkariak ere. Begira itzazu 1936ko gerra baino lehen euskarazko prentsaren botaldiak Hego eta Ipar Euskal Herrian, eta konturatuko zara ez dela hazkunde handiegirik izan. Eta garai hartan ez zegoen ez euskara baturik, ez ofizialtasunik, ez Jaurlaritzarik, ez hezkuntza sistema garaturik, ez antzekorik. Eta iruditzen zait, etorkizunean ere euskarazko prentsak ez duela hazkunde handirik izango, doakoa ez den prentsak garai latzak biziko dituelako hurrengo urteetan.

Azken urte hauetan proiektu ugari sortu dira, hala ere.: han eta hemen, pausoak eman dira…

Egia da, tokiko euskarazko prentsarekin, lortu dela arlo jakin batzuetan erdal prentsari aurrea hartzea eta ohiko irakurle hipereuskaltzaleen hesiaz harago iristea. Blogosferan ere (eta sarean, oro har) dinamika bizia antzematen da. Zulorik handiena ikus-entzunezkoetan ikusten dut, eta telebistan, bereziki. Baina hor ere seinale interesgarriak suma daitezke: Tokiko eta Hamaika elkarteen sorrera, ETBren euskara hutsezko bigarren katea… Botila erdi beteta ala erdi hutsik ikustea, norbere begiradaren baitan dago.    

Euskal Herrian oso gauza bitxia gertatzen da; ia erabat euskaldunak diren hainbat herritan, gaztelaniazko prentsak aise hartzen dio aurrea euskarazkoari…

Bai, noski, badaudelako aurreko erantzunean aipatu ez ditudan, baina gutxietsi behar ez diren faktore batzuk: inertzia, aginte publikoen laguntza ez behar bezainbestekoa, merkatuaren tamaina txikia… Hala ere, bai doako tokiko prentsarekin bai Hitza egunkariekin, egoera apurka-apurka aldatzen ari dela iruditzen zait.

Baina horiek, nolabait, gehigarriak dira; kioskoetan, erosi, gaztelaniazkoa erosten da nagusiki… Ondoriorik atera al daiteke?

Gauza bat dela diskurtsoa, esaten duguna, ideologia, paparrean aise jar dezakezun pin hori, eta beste bat benetan garena, identitatea, pijama bezain erraz erantz ezin dezakezun zera hori…

Gaur egungo kumunikabide ia guztiak elite ekonomikoek eta talde handiek kontrolatutakoak dira; horrek ez al dakar informazio eskubidearen urraketa?

Ez dakit urraketa den hitza, baina horrek mezuen uniformizazio gaitzesgarria dakar, ahots kritikoak isilaraztea. Gaur egun, dena dela, denbora gehiago eman behar genuke hedabide/plataforma kritikoak sortzen/indartzen hileta jotzen baino. Horrexegatik, oso gustuko dut Indymediakoen leloa: "Don't hate the media, be the media" ("Ez itzazu hedabideak gorrotatu, izan zaitez hedabide").

Komunikazioaren paradigma zaharrak irauli dituen garai honentzat, jokabide hori askoz egokiagoa da ohiko hileta-jotzea baino.

Gaur egun, atzerriko telebista kateak har ditzakegu etxean, eta horiei esker , hainbat herrialdeetako kazetariek agintariei zer nolako elkarrizketak egiten dizkieten ikusteko aukera dugu; kasu  askotan, kazetariek estu hartzen dituzte agintariak, elkarrizketatuen karguen 'mailagatik' kikildu gabe…
Bai, eta oso ondo dago; badugu zer ikasi, adibidez, BBCk independentziari eusteko egiten dituen ahaleginetatik. Gurean kazetari gutxik erakusten du ausardia hori, egia da; baina, era berean, egia da EITBko lagun batek aipatu zidana: "Eta zenbat politikari eta agintari dira, telebistan, zuzenean, euskarazko galdetegi bizi bati ganoraz erantzuteko gai?".

Hemengo komunikabideetan, aldiz, agintari batek alor askotan izan dezakeen erantzukizuna saihesteko joera dago; gai delikatuak azaletik zeharkatzea omen da begirunezko portaera…

Lehen ere esan dut: hemen, oro har, politesse gehiegizkoa da nagusi, eta hori, ikus-entzuleei ez ezik, kazetaritzari berari iruzur egitea da. Badaude salbuespenak, hala ere: nik eskertzen dut, adibidez, Euskadi Irratiko Maite Artolak galderak egiterakoan erakusten duen zorroztasuna, eta hor dago ere Berriako Imanol Murua Uria, gure Kapuscinski partikularraren maisutasuna…  

Duela ez asko, Alvarez Solis kazetari madrildarrak esan zuen Euskal Herria halako paradixu txikia dela komunikazioaren ikuspegitik; zein iritzi duzu zuk?

Ohiko tentaldia da, kanpokoa idealizatzea… Egia da, hala ere, komunikazio-talde handiek Euskal Herrian ez dutela erabateko monopoliorik, eta ahots kritiko gehiago entzuteko aukera dagoela. Hori eskertzekoa da benetan.

Gaia aldatuko dugu.  Maiatzean Bertan Bilbo izeneko liburua plazaratu zenuen, zure anaia Pedrorekin batera. Liburuan diozutenez, Bilbo aitzindari izan zen euskarari dagokionez…

Hala da: euskara hutsezko Euskal Herriko lehenengo astekaria eta lehenengo egunkaria Bilbon sortu ziren, eta baita modu profesionalean jardun zuen euskara hutsezko lehen antzerki taldea ere. Lizardi eta Lauaxetaren liburu batzuk Verdes-en inprimatu zituzten, eta euskaltegi berba ere Bilbon sortu zen, eta baita lehen zentro profesionalak ere. Hiztegigintza modernoa, Saioka testuliburuak, Kafe Antzokia, bertsolaritza eta Euskaltzaindia 1936ko gerraren ostean, etxebizitza partikularretatik kanpo Euskal Herrian eraturiko lehen ikastolak… eta beste gauza asko utzi ditut aipatu barik.

Zein garrantzi du Bilbo euskararen zabalkundean aitzindari dela egiaztatzeak?

Erabatekoa. Zuk emaiozu bilbotarrari harrotzeko arrazoi bat, eta harrotu egingo da, horren bandera hartu eta astindu egingo du. Eta euskararekin hori egiten badu, Bilbok sekulako trakzio-indarra izan dezake… Oro har, euskarazko komunikabideak eta Bilbo nahikoa bereiztuta daude, eta nolabait, hautsi beharko genuke hori. Donostian halako ingurunea sortu da, eta hori inguru horretako euskaldunon meritua den arren, ona da apur bat 'kanpora' begiratzea, esparru komunikatiboa asko zabalduko litzatekeelako.

Adibide bat jar dezakezu diozun hori ilustratzeko?

Hamaika adibide jarriko nizkizuke. Txirrindulari lasterketa bat dagoenean, adibidez, hasten dira Gipuzkoako mendiren bat igotzen, eta esatariak ez du hango parajeen berri emateko beharrik ikusten, paraje horiek denok ezagutu beharko genituzkeelako, baina, aldiz, Erriberako herriren bateko jaietara joaten direnean, dena azaltzeko beharra ikusten dute, oso modu pedagogikoan, Erribera oso urrun geratzen delako. Baina, nondik urrun? Non dago zentroa? Donostia inguru horretatik aparte ia Euskal Herri osoa geratzen da, eta hori ahaztuta, ez dago hango jendea erakartzerik…

Euskaldunok, nolabait, Bilbo azken gotorlekua dela barneratu dugu: hura 'konkistatuta', garaipena erabatekoa litzateke…

Bilbon denboralditxo bat ematera gonbidatzen zaitut, kanpotarraren begirada antzematen dizut-eta. Nik ere, horrela bizi nuen hiri hau 18 urterekin bertara ailegatu nintzenean, eta orain, bestelakoa da nire pertzepzioa. Hemezortzi urte hauetan euskarak  aurrerapauso handi samarrak egin ditu Bilbon.

[Euskara eta txosna-irudia ia bereizezinak dira. Ezinbestean gertatzen da hau, euskararen diruak askotan txosnetatik datozenez. Nolabait, ordea, ghetto irudi horrekin haustea oso garrantzitsua gerta liteke euskararen etorkizunean. Batik bat, hiriburuetan. Horretaz jakitun, duela urte batzuk Kafe Antzokia sortu zuten Bilbon, euskarari irudi 'hiritarra' eta 'modernoa' gehitzearren. Ekimena arrakastatsua izan da: urte hauetan milaka lagun ibili dira Kafe Antzokian, euskaldun nahiz gaztelaniar. Antzokiaren arrakasta ez da albiste makala, "euskara" eta "porrota" nahi baino gehiagotan entzuten baititugu elkarren jarraian. Ez da kasua, eta, beraz, Bilboko Kafe Antzokiarenak ikasgai izan beharko luke. Aitor Zuberogoitiak bertatik bertara ezagutu zituen Kafe Antzokiaren lehen urteak, eta, beste askoren artean, berari zor diogu ekimenaren ospe ona. Meritua driblatzen saiatu arren, harro mintzo da].

Kafe Antzokia eragile garrantzitsua izan da  Bilbo eta euskararen arteko harremana sendotzeko. Zuk bost urte eman zenituen Antzokian lanean…

Antzokia zabaldu eta pare bat urtera-edo hasi nintzen han beharrean. Intentsitate handiz bizitako urteak izan ziren. Kafe Antzokia mugarri garrantzitsua izan da Bilbon: euskara ghettotik ateratzeko apustua izan zen, betiko identifikazioak hautsi, eta proiektu erakargarri eta integratzaile bat egiteko ahalegina, non eta Bilbo erdian, eta euskarari ahalik eta funtziorik gehien emanez, euskararentzat ahalik eta gunerik gehien irabaziz: irratia, akademia, sortzaileen bilgunea, bidaia agentzia, konpartsa, kontzertu aretoa, askotariko lantegiak… Kualitatiboki asko eman zuen jendea bildu zen Kafe Antzokian, eta hori ere garrantzitsua izan zen: Jose Angel Irigarai, Josu Zabala, eta beste hainbat. Giro berezia sortu zen, loratze urte indartsuak izan ziren.

“Jose Antonio Agirre lider bat zen”


Aitor Zuberogoitiak behin baino gehiagotan uztartu ditu kazetariaren eta idazlearen zereginak. Duela urte batzuk, adibidez, biografia sorta bat idatzi zuen Elkar argitaletxearentzat. Liburu haietako pertsonaiez galdetu diogu.

Jose Antonio Agirre. Nola definitu?
Karisma handiko pertsonaia zen; aurkariek ere ondo hitz egiten zuten berataz. Marc Legasse idazlea elkarrizketatu nuen, idazle anarkista ezaguna, eta hark ondo hitz egin zidan Agirreri buruz… Txillardegik ere, politikoki urrunekoa izanagatik, ez zuen berba txarrik esan. Agirrek berak osatutako gobernua ikusi besterik ez dago; ia alderdi guztiak zeuden bertan: komunistak, errepublikarrak, ANV… Lider bat zen.

Ernesto Guevara Che. Miresten duzu, ezta?
Liluratuta utzi ninduen. Zalantza gabe, pertsona maitagarria zen. 1954an, Guatemalan, Guevarak ikasi zuen bide baketsuetatik ezin zela ezer lortu, hango presidentea, Jacobo Arbenz, enpresak nazionalizatzeagatik bota baitzuten boteretik, CIAk antolatutako estatu kolpe baten bitartez. Guevarak beste bide bat hartu zuen orduan, baina, Carlos Aznarezek esaten zuen moduan, ez zen “fierreroa”, ez zen burdinazalea.

Mahatma Gandhi. Labur-labur.
Honek ere ez zituen burdinak maite, baina ez zen besoak gurutzatuta gelditu. Kontraesanak eta sufrimendua sortu gabe, oso ondo jakin zuen estrategia eraginkorra aurkitzen, eta baita jendearen sinpatia bereganatzen ere. Beste gauzetan moralista zen agian, eta zurrunegia, baina, tira.

Catalina Erauso.
Drama handia iruditu zitzaidan Erausoren bizitza, lesbianismoa modu erreprimituan bizi izan zuen. Pertsonaia xelebrea izan zen.

Aitor Zuberogoitiaren kuttunak



LIBURUAK: Eduardo Galeano, Las venas abiertas de América Latina; Ryszard Kapuscinski, Heban; Humberto Unzueta & Imanol Murua, Suetena Belfasten. ALDIZKARIA/KAZETA: Argia.
FILMA: Babel (Alejandro Gonzalez Iñarritu).
ABESTIAK: Martxa baten lehen notak (Mikel Laboa), Perfect day (Lou Reed), London Calling (The Clash).
KAZETARIA: Ryszard Kapucinsky.