Aire zabaleko zinema gauak Chillida Lekun

Aire zabaleko zinema gauak Chillida Lekun Azken urtean estreinatutako lau film eskainiko dituzte abuztuaren 5etik 8ra. Museoa bisitatzeko aukera izango da proiekzioen aurretik. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aire-zabaleko-zinema-gauak-chillida-lekun/@@download/image/Chillida-LekuO.jpg
2021/07/21

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Azken urtean estreinatutako lau film eskainiko dituzte abuztuaren 5etik 8ra. Museoa bisitatzeko aukera izango da proiekzioen aurretik.
Aire zabaleko zinema gauak Chillida Lekun

Hernaniko Chillida Leku museoa A Contracorriente Films zinema-banatzaile eta ekoiztetxearekin elkartu da, museoaren ingurunea zinema-toki bilakatzeko abuztuan. Elkarlan honen ondorioz, lau film eskainiko dituzte abuztuaren 5etik 8ra, egunean bana, 21:30ean hasita. Gainera, proiekzioetara hurbiltzen diren ikus-entzuleek museoa ilunabarrean bisitatzeko aukera izango dute, "eskulturek tonalitate berezi bat dutenean". 20:00etatik aurrera irekiko dituzte museoko ateak.

Eskainiko dituzten filmak azken urtean estreinatutakoak dira eta gaurkotasuneko gaiak jorratzen dituztenak. Abuztuaren 5ean The father filmaren emanaldia izango da. Bakarrik bizi den eta laguntzarik onartzen ez duen 80 urteko gizon baten istorioa kontatzen du filmak. Anthony Hopkins da protagonista eta Oscar saria eskuratu du aurten antzezpen lan honengatik. Gidoi onenaren saria ere irabazi zuen filmak sariketa berean. Hurrengo egunean Lee Isaac Chung zinemagilearen Minari filma eskainiko dute. Kaliforniatik Arkansaseko nekazalgune batera mugitzen den korear jatorriko familia da istorioko protagonista eta bizimodu berrira egokitzeko dituzten zailtasunen inguruan dihardu. Aitortza handia jaso du ikus-entzuleen eta sariketen aldetik.

Abuztuaren 7an Minamata pelikula izango da ikusgai, W. Eugene Smith argazkilariaren bizitza oinarri duen drama. Johnny Depp aktoreak gorpuzten du argazkilaria. Azkenik, biharamunean, Eric Barbier frantziarraren Petit pays pelikularen emanaldia izango da, Gaël Faye idazle eta abeslariaren izen bereko liburuan oinarritua dagoen ikus-entzunezkoa. Ruandako gatazkan girotutakoa da eta 10 urteko ume baten istorioa kontatzen du. 

Sarrerak Chillida Lekuren webgunean eskura daitezke, 12 eta 15 euro artean. Hamakak jarriko dituzte parte-hartzaile guztientzat, baina filma eroso ikusteko "beroki, manta edo antzekoren bat" ekartzeko gomendatu dute, "eguzkia sartu ondoren tenperaturak nabarmen jaisten" direla eta.