Aire akrobazia ikastaroa antolatu dute Adunan

Aire akrobazia ikastaroa antolatu dute Adunan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aire-akrobazia-ikastaroa-antolatu-dute-adunan/@@download/image/20127133237akrobazia_tailerra.jpg
2012/12/13
berria
Asvinenea Adunako (Gipuzkoa) elkarteak antolaturik, hiru eguneko ikastaroa eskainiko dute Virginia Maffassantik eta Eneritz Oteguik uztailaren 24tik 26ra bitartean. Izena emateko epea zabalik duzu dagoeneko.

Jende askok egiten du amets hegan egitearekin; askok, ordea, ezinezkotzat dute. Baina Asvinenean amets hori egi bihurtzen laguntzeko asmotan,  aire akrobazia ikastaroa antolatu dute nerabe, gazte eta helduentzako. Telekin, aroekin eta trapezioarekin egiten diren ariketak irakatsiko dituzte; baina ez arduratu: ez da aldez aurretiko ezagutzarik behar!

Hasiera batean oinarrizko teknika azalduko dute Virginia Maffassanti eta Eneritz Otegui irakasleek, eta pixkanaka, norberaren beharretara egokitutako jarraibideak emango dituzte. Gainera, akrobaziez gain, hartu beharreko segurtasun neurriak, elementuen muntaketa prozedurak, eta indarra hartu eta luzatzeko teknikak ere azalduko dituzte.

Ikasleak berotzeko ariketak lehenik, prestaketa segidan, eta aireko akrobaziak ondoren. Horixe izango da hiru egunetan jarraituko duten plangintza. Noski, arreta berezia jarriko diote gorputzaren zaintzari.

Azken batean, aire bidezko irudien bidez nork bere adierazteko bideak zabaltzen lagunduko die ikastaroan parte hartzen dutenei, eta aireko espazio berri horretan ongi pasatzen eta harremanak egiten jakingo dute.

Ikastaroa


Noiz: Uztailaren 24tik 26ra
Non: Asvinenea elkartearen Adunako aretoan
Ordutegia: 18:30-21:30
Prezioa: 50 euro
Izena emateko: Idatzi asvineneaeskola@gmail.com helbidera, edo deitu 689 79 24 69 / 605 41 08 80 zenbakietara

Asvinenea


Sorkuntza lanak garatzeko eta norbere ezagutzak partekatzeko asmoz sortu zen Asvinenea elkartea, eta izaera pribatu, independete, autogestionatu eta irabazi asmorik gabekoa du. Aduna herrian (Gipuzkoa) dute beren egoitza, eta tailerrak, ikastaroak, erakusktaldiak, kontzertuak, antzezpenak… antolatzen dituzte.
Artearen transmisioa oinarri hartuta, formakuntza, sorkuntza, errepresentazioa eta hedapena bilakatu dira haien helburuak.