Ainhoa Tolosa, kayak surf: "“Dena daukagu surfetik eta dena piraguismotik”"

Ainhoa Tolosa, kayak surf: "“Dena daukagu surfetik eta dena piraguismotik”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ainhoa-tolosa-kayak-surf-quotdena-daukagu-surfetik-eta-dena-piraguismotikquot/@@download/image/201112125023ain_1360929511.jpg
2011/12/02
elkarrizketa
Testua: Antxoka Agirre Argazkiak: Lander Garro
Ainhoa Tolosa, kayak surf: "“Dena daukagu surfetik eta dena piraguismotik”"
Nag Heads-en, Ipar Karolinan, urrian jokatutako Mundu Txapelketan zilarrezko domina irabazi zuen, eta urrea taldekakoan Euskal Selekzioarekin. Ez da Ainhoa Tolosak kayak surfean lortutako lehen domina, ezta Euskal Selekzioak irabazitako lehen Mundu Txapelketa ere. 

12 urte zituela ezagutu zuen piraguismoa, udako ikastaro batzuetan, eta 2000 urtetik Atletico San Sebastian taldearekin lehiatu du. Slalom modalitatean aritu zen emaitza onak lortuz, duela bost urte ibaiko korronteak hondartzetako olatuengatik aldatzea erabaki zuen arte. Europako Txapelketetan eta Mundukoetan punta-puntan dabil azken urteotan. Kayak surfa ez da kirol ezaguna gurean, baina gero eta gehiago ikus daiteke inguruko hondartzetan. Ainhoa bezala euskaldun mordoxka bat dabil mundu mailako elitean.

Zenbat dauka kayak surfak piraguismotik eta zenbat surfetik?

Surfetik dena daukagu eta piraguatik ere bai. Izan ere, surfak dauzkan maniobra eta arau berdinak dauzkagu, eta epaileak ere surf epaileak izaten dira. Aldi berean txalekoarekin, kaskoarekin, palarekin… ibiltzen gara piraguan, piraguismoari dagozkion baliabide guztiekin.

Zer dauka kayak surfak piraguak eta surfak ez daukatena?

Surfarekin alderatuta, abantaila handiena da guk olatuak gehiago eta errazago hartzen ditugula, palak laguntza handia ematen baitigu. Gainerakoan, maniobrak berdinak dira. Agian, ezberdintasuna izan daiteke piraguarekin aireko maniobrak egitea askoz ere zailagoa dela, pisu horrekin guztiarekin jauzi egiteko askoz ere abiadura eta indar handiagoa behar baitugu. Mundu mailan gutxi batzuk baino ez dituzte egiten. Piragua arruntarekin alderatuta, aldiz, kayak surfa askoz ere azkarragoa da. Kristoren abiadura hartzen dugu, maniobrak oso azkar egin behar ditugu… eta asko gozatzen dut.

Zein da gehien gustatzen zaizun maniobra?

Floterra. Olatuaren puntan ahalik eta denbora gehien mantentzea.

Zeintzuk dira modalitate desberdinak?

Bi piragua mota daude, luzeak eta motzak. 2,70 metrotik beherakoek, motzek, gilak dituzte; surfean taula txikiekin, "pintxoekin", ibiltzea bezalakoa litzateke, modalitate erradikalena. Neurri horretatik gora daudenak, gilarik gabeak, surfeko longboard-aren modukoak dira, klasikoagoak.

Zu bietan ibiltzen zara, ezta?

Bai, bai. Bai piraguarekin eta bai kayak surfarekin ere denetarik probatzekoa izan naiz beti. Modalitate guztietan entrenatu eta lehiatu izan naiz. Horrelakoa naiz, kar, kar, kar.

Ipar Karolinan jokatutako Munduko Txapelketan zilarrezko domina irabazi duzu Long modalitatean.  

Pena, azkenean dena irabazi nahi dugulako eta aurreko mundialean urrea irabaztetik nentorrelako. Baina kayak surfean, surfean eta horrelako kiroletan bezala, olatuekin zorte puntu hori izan behar duzu… Itsaso nahasia zegoen, lauren artean borrokatu behar dituzu olatuak, eta gerta daiteke justu kanpoan zarenean on bat etortzea... Motzean ere finalaren ataritan gelditu nintzen. Baina pozik, e! Azken batean oso emaitza ona da.

Taldekakoa ere irabazi zenuten Euskal Selekzioarekin. Handia, ezta?

Bai, bai. Urrezko hiru domina, zilarrezko bi eta brontze bat ekarri ditugu; hamar modalitatetik seitan euskaldunen bat bazegoen finalean, eta maila handiko taldeak utzi genituen atzean: Ingalaterra, AEBak… Oso hunkigarria izan zen, kasik taldekako txapelketa gehiago bizi izan genuen banakakoa baino. Azken batean, taldeko lana da, eta denok jarri behar dugu gure aletxoa; bat uretan dagoenean beste denak topera animatzen garrasika... Eta lehiatzen ari zarela, nork bere koloreak sentitu ahal izatea luxu hutsa da. Espainiakoarekin ere lehiatu izan naiz piraguismoan eta ezberdina da.

Ospakizuna polita izango zen.  

2007an irabazi zuen lehen aldiz Euskal Selekzioak Mundukoa, Txapelketa Bakio-Mundakan ospatu zenean. Gero, 2009koan, Portugalen egin zen hartan, ezin izan genuen errepikatu. Eta oraingo hau errebantxa moduko bat izan da guretzat… Sari banaketen ondoren afaria egin genuen eta sekulako giroa izan genuen. Parranda handirik ordea ez, inguru haietan hamabietarako dena itxita dagoelako… Afalostea luzatu genuen nahikotxo.

Euskal Selekzioak, normalean, trabak besterik ez ditu izaten nazioarteko txapelketetan parte hartzeko. Alde horretatik, nola moldatu zarete zuek?

Kayak surfa ez da kirol olinpikoa, eta ondorioz, Nazioarteko Elkarteak, surfarekin gertatzen den bezala, estatutu pribatuak ditu, nolabait esatearren. Alde horretatik errazagoa daukagu, estaturik gabeko herriak ere onartzen dituelako: Ipar Irlandak ere parte hartu zuen Munduko Txapelketan, adibidez.

Beste alde batetik, ordea, zailtasun ekonomiko handiak izan ditugu. Kirol olinpikoa ez denez, bekak lortzea ia ezinezkoa da, Basque Team-etik kanpo gelditzen gara… Eta euskal erakundeek, bestela ere, ez digute kasik dirurik eman. 22.000 euro batu behar genituen, 16 laguneko taldea eta material guztia eraman ahal izateko, eta denetarik egin behar izan dugu: kamisetak saldu, txapelketak antolatu… Bilboko Aste Nagusian Moskotarrak Konpartsakoek txanda bat utzi ziguten euren txosnan eta mesede ederra egin ziguten.

Inguru hauetan gero eta gehiago praktikatzen da kayak surfa.

Nabarmen. Zurriolan, Hendaian, Zarautzen, Bakion eta Mundakan gero eta kayak gehiago ikusten dira. Eta bertan antolatzen ditugun txapelketetan ere bai. Euskal Herrikoa eta Gipuzkoakoa egiten ditugu, eta baita Euskal Liga ere, Bakio-Mundaka, Zurriola eta Zarautzeko probek osatzen dutena. Federaziotik ahalegin handia ari gara egiten txapelketak antolatuz kirola ezagutzera emateko, klub batzuk ere hasiak dira haurrekin lanean, eta hau guztia hasia da emaitzak ematen.

2013an Australian jokatuko da hurrengo Mundu Txapelketa. Zein dira helburuak?

Oraingoz, ahal izanez gero banakakoan txapela ateratzea daukat buruan. Gero bi urtetan bizitzak buelta asko ematen ditu, baina printzipioz hori da helburua. Talde gisa aurtengoa errepikatzeko helburuarekin joango gara. Espero dugu joateko finantziazioa lortu ahal izatea.