Ainhoa Mendiluzek 'Speak' liburua euskaratzeko Minaberri beka lortu du

Iruñeko Udalak eta EIZIEk Ainhoa Mendiluze Ormaetxeari eman diote gazte-literaturako Speak lana euskaratzeko Minaberri beka. Mendiluzek 3.000 euroko saria jasoko du Estatu Batuetako gazte-literaturako idazlerik ezagunenetakoa den Laurie Halse Andersonen lana itzultzeko.
Guztira, hogeita bost gazte aurkeztu dira Minaberri bekaren lehen deialdira. Speak liburuaren laburpen bat itzuli behar izan dute hautagaiek eta Manu Lopez Gasenik, Naroa Zubillaga Gomezek eta Aiora Jaka Irizarrek osatutako epaimahaiak sei lan aukeratu ditu lehen fasean. Azkenik, Ainhoa Mendiluzek idatzirikoa aukeratu dute irabazle, “testu hurbil eta freskoa sortzea lortu duelako, jatorrizko testua behar bezala errespetatuz eta euskararen adierazkortasuna azalaraziz".
Mendiluzek osorik itzuli beharko du liburua, mentore izango duen Aiora Jaka itzultzailearen laguntzarekin. Txalaparta argitaletxeak argitaratuko du itzulpena, 2025eko abenduan beranduenez. Laurie Halse Andersonek 1999an kaleratu zuen Speak eleberria, eta hizkuntza askotara itzuli dute. Gainera, film bat eta eleberri grafiko bat ere egin dituzte hura oinarri hartuta.
Ainhoa Mendiluze (Tolosa, 1997) Itzulpengintzan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta askotariko testuak itzuli izan ditu, haur literaturakoak batik bat. DBHko euskara irakasle eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko alemaneko irakasle lanetan ere aritua da, eta gaur egun Nafarroako Unibertsitate Publikoko itzultzailea da.
Minaberri bekak urtero gazte literaturako liburu esanguratsu bat itzultzea du helburu, "irakurle gazteei kalitatezko lanak eskaintzeko, eta euskaraz sortutako lanak ez ezik, nazioarteko gazte literaturakoak ere euskarara ekartzeko". Marijane Minaberri idazle eta itzultzaile baxenabartarraren omenez hartu du Minaberri izena bekak.